Orain dela bost urte iritsi nintzen hona, neure burua lehenago iritsi bazen ere”. Jose Eduardo Agualosa idazle angolarraren Estación de lluvias (Euriteen sasoia) liburua irakurri zuen Borja Monrealek (Lizarra, 1984). “Bete-betean harrapatu ninduen, eta Angolari buruz hasi nintzen interesatzen”. 2008an egin zuen bidaia Afrikara. “Egia esan, aitzakia bat bilatu nuen hona etortzeko; bai edo bai etorri behar nuen”.
Kazetaritza ikasketak egin ditu Monrealek, baina orain Angolako GKE batean lan egiten du. Lehen sektorean aritzen diren angolarrentzat dituzte proiektuak. “Hemengo herritarrei alternatibak eta aukerak ematen saiatzen gara”. Horretaz gain, Monreal idazlea da. Txikia zenetik idazten du. “Sentimenduak eta ideiak transmititzeko eta horiek ulertzeko bide onenetarikoa da literatura”. Harentzat idazle eta irakurlearen arteko harremana oso hurbila eta berezia izaten da askotan. “Momentu honetan jakitea norbait nire libururen bat irakurtzen ari dela sentipen interesgarria da”.
Monrealen azken liburua Angola, la intensidad del SER humano da (Angola, gizakiaren intentsitatea). Liburuaren helburua iparraldeko zein hegoaldeko herrialdeen arreta erakartzea da. “Erakutsi nahi dut bizitza indar gehiagorekin bizi dezakegula, erakargarria eta dibertigarria izan daitekeela”. Izan ere, Monrealen hitzetan, “guztiz lotuta gaude”. “Ikasi, lana bilatu —seguruenik baldintza txarretan—, ezkondu, seme-alabak izan eta erretiroa hartu. Nik aldarrikatzen dut beste bizimodu bat”.
Angolan sumatu du, gainera, hango herritarrek iparraldeko herrialdeen bizimodua goraipatzen dutela eta ez direla konturatzen haiek bizimodu askoz indartsuagoa dutela. “Hemengo herritarrak Europan ez ditugun zailtasun batzuekin bizi dira, muturreko egoerak dituzte; horrek pertsonak benetakoak izatea eragiten du. Bai onerako, baita txarrerako ere”. Angolan ezagutu ditu Monrealek lagunik “kabroienak”, baina baita onenak ere. “Eta horrek askoz gehiago balio du”.
Gogoan du Monrealek Namibeko basamortura egindako bidaia. Gaua igaro zuten bertan, eta Mukubai etniako kide batzuen bisita izan zuten. Nomadak dira mukubaiak, eta ganaduarekin ibiltzen dira leku batetik bestera. Monreal eta haren lagunak sua egiten ari ziren, eta mukubaiak gerturatu zitzaizkien. “Ederra izan zen; haiek behatzen gintuzten guk genuen jakin-min berarekin”. Elkarrekin afaldu zuten, eta hala moduz komunikatu ziren keinuekin. Ryszard Kapuscinski idazlearen El encuentro con el otro (Bestearekin topatzea) liburua izan zuen buruan orduan. “Bi taldeontzako bestea erabat ezezaguna zen, baina mesfidantza ordez laguntasun giro ederra sortu zen; oraindik ere, horretaz oroitzen naizenean, irribarrea ateratzen zait”.
Huambo herrian bizi da Monreal, 2.000 metroko garaieran. Hala ere, Angolara iritsi zenean hiriburuan bizi izan zen, Luandan. “Guztiz desberdinak dira; orain, herri batean bizi naiz; askoz lasaiagoa da”. Lau urtez bizi izan zen Luandan, eta hiri “kaotikoa baina oso dibertigarria” dela azaldu du Monrealek. “Herritartasun eta gizarte klase guztiak han bizi dira, eta egunero duzu istorio bat kontatzeko eta ikusteko”.
Orain dela 11 urte bukatu zen Angolako guda zibila. 27 urte iraun zuen. “Gerrak betiko irauten du, eta arrastoak nonahi daude; hala ere, jendeak aurrera egin du sekulako indarrarekin”. Gaur egun, gezurra badirudi ere, Luanda munduko hiribururik garestienetakoa da. “Angolako hazkunde ekonomikoa ez da proportzionatua izaten ari: produktu eta zerbitzuen eskaria erraldoia da, eta eskaintza, berriz, eskasa; horregatik, prezioek gora egin dute”.
Iparraldetik hegoalderaino eta mendebaldetik ekialderaino zeharkatu du Monrealek herrialdea. “Angolako eremu guztiak ezagutu ditut, eta ez da batere erraza izan herrialdeak dituen azpiegiturak kontuan hartuta”. Orain dela gutxi egin zuen Monrealek bere azken espedizioa. “Ia inork ikusi ez dituen ur-jauzi batzuen bila joan ginen”. Esperientzia ona izan zen. “Matxetea eskuan bidea irekitzen, enborrak eta lianak mozten aritu ginen zazpi orduz”. Hala ere, merezi izan zuen: “Kristorena izan zen iristea, David Livingstone bezalako esploratzaileak bagina bezala sentitzen ginen”. Bidaiatzea gustatzen zaio Monreali, eta Angolaz gain, dagoeneko Afrika erdia ezagutu du. Orain, gainera, lekuz aldatzea pentsatzen ari da. “Ezagutu nahi ditudan beste lurralde batzuk daude, eta hemendik gutxira joatea espero dut. Ghana eta Boli Kostara joan nahi dut, adibidez”.
Portugesez hitz egiten dute Angolan, eta horrela komunikatzen da Monreal hangoekin. Hala ere, Angolan hamar hizkuntza ofizial baino gehiago daude, eta beste horrenbeste ofizialak ez direnak. “Umbunduko hitz batzuk dakizkit, baina portugesarekin moldatzen naiz beti. Denbora gehiago izanen banu, hemengo hizkuntzak ikasiko nituzke”.