Edurne Elizondo
Txerriak hazi eta hiltzen zituzten, garai batean, orain Pepa, Ramon, Marisa eta azken horren hilabete bateko bost kumeen aterpe diren hormen artean. Txerriak dira haiek ere, baina etxaldeko eta hiltegiko paretak bazter uztea lortu dute, Corazon Verde babeslekuko bultzatzaile Pepa Tenoriori eta Josetxo Sagarrari esker. Etxaldekotzat jotako animalientzako aterpea jarri dute martxan, Nafarroan; gisako Euskal Herriko lehendabizikoa da.
Aspaldi hasi ziren Sagarra eta Tenorio babeslekua sortzeko ideia mamitzen, baina duela bi hilabete eskas zabaldu zituen ateak, azkenean, aterpe bihurtu duten beren etxeak. “Halako proiektu bati ekitea bizitza osorako konpromiso bat da; ezin dira erabakiak egun batetik bertzera hartu”, erran du Sagarrak.
Duela zortzi urte bilakatu zen begano eta bertze animalien aldeko ekintzaile. Tenoriok, berriz, duela urtebete erabaki zuen bertze animaliak bere egunerokoaren esparru guztietatik at uztea. Abandonatutako txakurren alde egin zuen lan, hasieran. Familia Granadan utzi, eta Corazon Verde babeslekua bilakatu du, orain, bere etxe. Han, hamahiru txakurrekin batera, zortzi txerri, bi ardi, bi asto eta katu saldo bat ditu bizilagun.
Aterpean bizi diren animaliek antzeko istorioak utzi dituzte atzean. “Esplotazioak markatutako bizitzak dira denenak”, nabarmendu du Sagarrak. Ines astoak, adibidez, urteak eman zituen lanean; zama handiak garraiatu behar izan zituen, eta zama horien arrastoa nabarmena da haren bizkarrezurrean, beheraka okertuta baitauka.
Pepa-ren gorputzean, berriz, agerikoak dira hainbat txakurrek eragindako zaurien orbainak. 200 kilo baino gehiagoko txerria da. Zaborrontzi baten barruan aurkitu zuten, lau hilabete eskas zituenean. Handik atera zuen pertsona batek. Haren etxean, ordea, han bizi ziren txakurrek eraso egin zioten. Bertze etxe batean eman ditu azken hiru urteak, baina, hura toki egokia ez zela ikusita, Pepa-k babeslekuan aurkitu du, azkenean, aterpe.
24 orduko lanaldia
Abandonuak markatutako istorioak dituzte Pedro eta Heidi ardiek ere. Jaio eta berehala utzi zituzten mendian. Sagarra eta Tenorio bilakatu dira haien guraso, haiek hazi baitituzte egun gutxi zituztenetik. Sumatzen da haien artean sortu den harremana sendoa eta estua dela. Maite dituzte laztanak, eta bilatzen dute, une oro, gizakien berotasuna. Tenorioren babesa bilatzen ohi du, batez ere Pedro-k. “Adoptatu nau”, azaldu du, ardia besoetan.
Lanaldiak ia 24 ordu ditu Corazon Verde babeslekuan. “Ez dago atseden hartzeko aukerarik; estresak jotzen gaitu tarteka, baina argi dugu egin beharrekoa egiten ari garela, eta hori da sentsaziorik indartsuena”, onartu du Sagarrak. “Animalien begiei so egiten diegu hemen. Esplotazioak kendu dien duintasuna ematen ahal diegu, berriz ere”.
Animaliek zapalkuntzak markatutako bizitza atzean utzi ahal izatea da babeslekuko kideen helburua. “Hemen aske izan daitezke; hemen norbanakoak dira”, azaldu du Sagarrak. Mezu hori zabaldu nahi dute aterpetik, hain zuzen ere. “Gizakiok gure interesen arabera sailkatzen eta erabiltzen ditugu bertze animaliak. Hemendik, animaliekin bertze mota bateko harremanak ezartzeko beharra zabaldu nahi dugu”.
Lan hori egiteko, boluntario eta laguntzaile sare bat behar dute Sagarrak eta Tenoriok. “Bakarrik ezin dugu”. Oraingoz, jendearen erantzuna “ezin hobea” izan dela nabarmendu dute, eta jende anitz aritu dela aterpeko azpiegiturak atontzen, jende anitzek eman duela materiala, eta animaliek babesle anitz lortu dituztela. “Hilean hamar euro ordainduta izan daiteke edonor animalia baten amabitxi edo aitabitxi”, azaldu dute arduradunek.
Herrialde Katalanetan, Espainian eta Galizian dauden bertze hainbat aterperen babesa ere jaso dute Corazon Verdeko kideek. Haientzat lege berezirik ez dela salatu dute, eta, ondorioz, abere esplotazio gisa eman behar dute izena administrazioan. Horrek arazoak ekartzen ahal ditu. Madrilen, berriki, ustez tuberkulosia zuen Carmen behia hil nahi izan du Madrilgo gobernuak. Hango Wings of Heart babeslekuan bizi da. 70.000 sinadura lortu zituzten, egun batean, behia salbatzeko. Azkenean, babesleku horretakoak “etxeko animaliatzat” hartzeko bidea hasi dute. “Familia dira, ez dira janaria”.