Edurne Elizondo
Euskal Herriko Bilgune Feministak elkartasuna espetxeko atariraino eramanez ospatu du bere 15. urteurrena. Martxa egin zuten 300 inguru emakumek, asteburuan, Valladolideko (Espainia) kartzelan preso direnei babesa helarazteko. Han izan ziren Bullerak taldeko kideak ere. “Sekulakoa izan zen; bozgorailu handiak genituen, eta presoek aukera izan zuten ekitaldi osoa entzuteko”. Elkartasuna, ziegaraino.
Bullerak taldeak ere kartzela izanen du hizpide datorren astean, Emakumeak, bollerak, transak eta espetxea izenburuko jardunaldietan, hain zuzen ere. Hilaren 23tik 25era eginen dituzte, Iruñeko Txoko Feministan. Valladoliden bezala, preso guztiak eta espetxe sistema bera jarri nahi dituzte antolatzaileek eztabaidaren erdigunean.
“Euskal gatazkaren harira, askotan hitz egin da preso politikoei buruz, eta azkenaldian, gainera, emakume presoen inguruko hainbat jardunaldi ere egin dituzte. Konturatu ginen, ordea, irakurketa horietatik kanpo gelditzen zirela heteroarauaren barnean ez diren bestelako subjektuak, bollerak eta transexualak”, azaldu dute Bullerak taldeko kideek. Horregatik, oraindik ere ezkutuan gelditzen den errealitate ikusezin hori azaleratzen saiatuko dira jardunaldien bidez. Espetxea barrutik ezagutu dutenek eta erakunde hori aztertu dutenek hartuko dute hitza.
Kartzelako hormen bi aldeetatik antzekoa da erakunde horren inguruan egiten den hausnarketa orokorra: espetxeak heteropatriarkatuaren parte direla, eta, ondorioz, emakumeentzat zigor bikoitza ekartzen dutela; emakume izateagatik, bai eta emakume lesbiana edo transexuala izateagatik ere. “Genero erakunde bat da kartzela; sistema erabat androzentrikoa”, nabarmendu izan du Maria Ruiz Torrado antropologo eta ikertzaile feministak. Esparru horretan, emakumeak aldi berean “biktimizatu eta kriminalizatu” egiten ditu espetxeak, aditu horren hitzetan: “Estigmatizazio berezia gertatzen da; espetxean direnak, nolabait esanda, anti-emakumeak dira, han nagusitzen den ikuspegi hegemonikotik begiratuta”.
Horri buruz zer erran badu Amaiak. Nahiago du bere izena ez eman. Barrutik ezagutu du kartzela, eta sufritu du zigor moral horren zama. “Espetxean direnak, finean, emakume estereotipo bati lotutako ezaugarriak ez dituzten andreak dira; arau sozialak hautsi dituztenak. Horrek zigor berezia ekartzen du”, azaldu du. Bekatu da, finean, arau horien kontra egitea, delitua bainoago.
Amaiak eskertu egin du Bullerak taldeak kartzelari buruzko jardunaldiak antolatu izana, haren ustez espetxeko hormen artean gertatzen dena zabaltzeko aukera ematen dutelako gisa horretako ekinaldiek. Argi eta garbi erran du: “Pertsona guztien berezko espazioa askatasuna da; gure izaeraren kontra egiten du, beraz, espetxeak. Emakumeontzat izaten dira, gainera, kartzela barruko baldintzarik gogorrenak”.
Espaziorik kaskarrenak eta txikienak izaten ohi dira emakume presoentzat. “Finean, espetxea gizonezkoentzat diseinatuta eta pentsatuta dago”, berretsi du Ruiz Torradok. Kartzelako hormek ezkutatzen duten horri buruz, baina, ezer gutxi dakite pareten bertze aldean bizi direnek. Jardunaldiak prestatzeko, espetxea ezagutu dutenekin mintzatu dira Bullerak taldeko kideak, eta haien ahotik entzun dituzte errealitate horren berri ematen duten pasadizoak. “Preso egondako emakume batek azaldu zigun espetxean protesta egiten hasi zirela kartzelako gizonei patioko espazioa txikitu nahi zietelako; bat egin zuten haiekin erabaki horren aurka. Funtzionario baten ahotik jakin zuten, ordea, gizonena baino anitzez ere txikiagoa zela emakumeena”.
Ondoan gertatzen zenaren berri ez zuten espetxe horretako emakumeek. Herritarrek ere ez dute ezagutzen. “Garai batean, hirietako erdigunean ziren kartzelak, baina hirietatik kanpora ateratzea da oraingo joera. Iruñekoa da horren adibide. Espetxera ailegatzeko autobusik ere ez dago”, erran dute Bullerak taldekoek.
Bakardadea eta bazterketa
Kartzelak, bazterrean, eta bazterketa espetxeko hormen artean ere. Amaia preso politikoa izan zen, eta bere uste politiko eta sozialak indartu baino ez zituen egin espetxe barruan, nabarmendu duenez. Kanpoan elkartasun eta babes sare zabala izateak anitz lagundu ziola aitortu du. Bertzelakoa da, ordea, preso diren bertze emakume anitzen eguneroko errealitatea. “Preso sozialen artean, bereziki emakumeen artean, bakardadea eta bazterketa dira eguneroko kontu”, azaldu du. Ateratzen direnean ere aurrera egin ahal izateko gutxieneko baldintzak falta dituztela nabarmendu du preso ohiak.
Preso sozialen eta politikoen lekukotasunak jaso ditu Ines Herrero ikasketa feministetako eta genero ikasketetako adituak. Esparru jakin bati egin dio so, hala ere: emakume presoen arteko harreman sexuafektibo eta desira lesbikoaren inguruko gogoetari, hain zuzen ere. Herrerok aitortu du “ezjakintasunetik” abiatu zuela bere lana. “Ez nuen espetxeetan gertatzen zenaren berri. Bollera naiz, eta lotu nahi nuen desiraren auzia espetxe barruko emakumeen erresistentziarako estrategiekin; galdera anitz nituen, eta argitu nahian osatu nuen nire lana”, azaldu du adituak.
Desira bere zentzurik zabalenean aztertu du Herrerok, eta emakumeekin egindako elkarrizketen bidez baieztatu du desira hori presente dagoela espetxean. “Mugarri bat da, gainera, emakume horientzat”. Preso diren emakumeek ez dute deus kontrolatzen kartzela barruan. “Desira, beraz, erresistentziarako tresna bilakatzen da; emakumeek erabakitzen dute beren gorputzekin zer egin nahi duten”. Emakumeen arteko harreman sexuafektiboez harago, laztan batek, patioan korrika egiteak, gutun bat idazteak, norekin egon edo norekin ez erabakitzeak, halako urratsek ematen diete bidea espetxe barruko giro arrotzean aurrera egiteko.
Lesbianek espetxean estigmaren zama gainean dutela azaldu du Herrerok. “Ezkutuan aritzen dira anitzetan”. Azaldu du, halaber, emakumeek hartutako espazio batean sistema patriarkalaren jokabideak errepikatzen direla, neurri batean, gizonen rola betetzen duten emakumeen bidez. “Inguru arrotz batean aurrera egiteko estrategia bat da”. Adituak erantsi du preso sozialen kasuan izaten direla bakarrik sentitzen diren emakumeak; inolako babesik ez dutenak, gainera, edo babes hori galdu dutenak. “Preso politikoen artean bada taldea osatzeko joera; elkarri babesa ematekoa. Zigorraren zama, hala ere, handiagoa izaten da haientzat, eta preso sozialekin bat egiten ere ez diete uzten funtzionarioek, zenbaitetan. Kanpoan, baina, babes zabala jasotzen dute”.
Denboran atzera egin du Raquel Osborne soziologoak bere lanetako anitzetan, eta preso politikoen eta sozialen arteko bertzelako harreman bat deskubritu du, frankismoaren garaiko espetxeetan. “Politikoek ez zuten sozialekin bat egiten; sozialen artean anitz ziren prostituzioan aritzeagatik espetxeratutakoak. Haien arteko aldea nabarmentzen zuten preso politikoek; nolabaiteko garbitasunari eutsi nahi zioten”, azaldu du Osbornek. Harriduraz hartu ditu egungo hainbat historialarik orduko kartzelen inguruan egindako azterketak, eta historialari horiek ere frankismoaren garaiko preso politikoen garbitasuna defendatzen dutela azaldu du. “Eztabaidak izan ditut haiekin; erran izan didate beren presoak zikintzen ditudala nire diskurtsoarekin”, erantsi du Osbornek.
Frankismoaren garaiko espetxeak aztertzerakoan emakume presoen artean gertatzen ziren harreman sexuafektiboak jorratu ditu Osbornek, hain zuzen ere. Borondatezko eta bortxazko harremanak jarri ditu mahai gainean. “Garai batean, mojak izaten ziren presoen zaindari, eta badira mojen eta presoen arteko harremanen lekukotasunak. Noski, kasu horretan harremana ez da berdintasunezkoa; presoak, finean, giro arrotz eta bortitz batean bizi ziren, eta ahul ziren sistemaren aurrean”.
Anitzez ere arrotzagoa eta bortitzagoa zen espetxea emakume transexualentzat. Bizi zuten errealitatearen gordintasuna nabarmendu du Osbornek. “Arau heterosexistaren eta heteropatriarkalaren aurka egiten zuten emakumeok; sistemak gizonezkoen espetxeetara bidaltzen zituen, 2000. urtean legea aldatu zuten arte”.
Frankismoaren garaia ikertu du soziologoak, eta 1970eko hamarkadaz geroztik gaur arteko errealitatea jorratzeko dokumental bat prestatzen ari da orain, bertze hainbat aditurekin batera.
Abolizionismoa
Gogoetarako hamaika gai ematen ditu espetxe sistemak. Kartzelen eta zigor prozesuen labirintoan emakumeek betetzen duten tokiari buruzkoa jarri izan du mahai gainean Paz Frances Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile eta Salhaketako kideak. “Emakumea desoreka egoeran dago esparru horretan. Zentzuzkoena da feminismoetatik gogoeta orokor eta sakona egitea zigor prozesuei eta espetxeari buruz”.
Francesek argi du zigor boterea botere patriarkala dela. “Zigor esparrutik ematen den erantzunean beti agertzen dira boterea, patriarkatua eta zigorra, hain zuzen ere”. Ondorioz, Salhaketako kideak nabarmendu du gatazkak konpontzeko, boterearen erabilera bazter utzi, eta bertzelako alternatibak mamitzen hasteko ordua dela. “Argi dago proiektu abolizionistak ez duela lerro zehatzik, oraindik ere, baina oinarri sendoak ditu, eraiki ahal izateko”.
Espetxea ezagutu eta gero, Amaiak ere bere egin du gatazkak konpontzeko bertzelako alternatibak lantzeko beharra. “Uste dut Euskal Herrian gai garela bazterketarik gabeko tresnak garatzeko arazoei eta delinkuentziari aurre egiteko”.
Egungo espetxe eta zigor sistematik abiatuta, hala ere, gogoeta bat jarri du preso ohiak mahai gainean, indarkeria matxistari buruz: “Gaur-gaurkoz uste dut feminizidio gisa har ditzakegun erasoen erantzuleentzat espetxea dela dugun alternatiba bakarra; kartzeletan, hala ere, gora egin du gisa horretako presoen kopuruak, eta espetxe askotan jada ez dira beste presoen artean gutxiengo bat. Horrek ekartzen du kartzelak arrisku eremu bilakatzea, eta kontuan izan behar dugu gizon horiek gizartera itzuliko direla. Feminista gisa, eta zigor sistema zalantzan jartzen duen pertsona gisa, uste dut erronka dela indarkeria matxistari nola aurre eginen diogun pentsatzea; espetxearekin erantzuteko tentazioa aztertu beharko genuke”.
Azterketarako eta gogoetarako aukera emanen dute datorren asteko jardunaldiek. Hori da helburua. Abiapuntua argia da: “Espetxea, sistema gisa, munstro patriarkal bat da”, nabarmendu dute Bullerak taldekoek. Zuzenean egin nahi diote so. Barrutik eta kanpotik ezagutu dutenei hitza eman. Ezkutuan dena azaleratzeko. Oraindik ikusezina dena eztabaidaren erdigunean jartzeko.