TAO zerbitzua martxan jarriko dute Iruñeko bost auzotan apiriletik aurrera

Hilabete baino gutxiago falta da Iruñeko bost auzotako aparkalekuetan TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduaren sistema ezartzeko. Apirilaren 2tik aurrera, Donibanen, Ermitagañan, Mendebaldean, Azpilagañan eta Etxabakoitzen TAO zerbitzua jarriko du martxan Iruñeko Udalak. Hortaz, Iruñeak ordainpeko 22.636 leku izango ditu; orain, 10.920 ditu, hau da, 11.716 aparkaleku gehiago izanen ditu.

Iruñeko Udalak aparkatzeko arazo gehien duten kaleetan jarri ditu TAO guneak, autoen txandakatzea bultzatzeko. Hala ere, aparkatzeagatik ordaintzeko sistema jartzearen aurka azaldu dira hainbat bizilagun eta auzo elkarte. Dendariek uste dute ez dela beren mesederako izanen eta bezeroak galduko dituztela. Sinadurak biltzen aritu dira, eta elkarretaratzeak egin dituzte. Etxabakoitzen, adibidez, auzo plataforma sinadurak biltzen hasi da, eta Iruñeko Udalak erabakia aldatzea nahi dute. “Bidegabekeria” iruditzen zaie ordaintzea orain arte doan izan den zerbitzu batengatik. Horretaz gain, Etxabakoitzen aparkatzeko arazorik ez dutela ziurtatu dute.

Apirilaren 2rako dena prest izateko, egunotan aparkalekuetako marrak margotzen ari dira, eta parkemetroak instalatu dituzte. Iruñeko TAO zerbitzuak lau kolore ditu: urdina, laranja, gorria eta berdea. Dena den, ezarriko dituzten guneetako aparkaleku gehienak gune urdinak eta laranjak dira. 41 aparkaleku bakarrik izanen dira gorriak — bai egoiliarrek eta baita beste bezeroek ere bi orduz gehienez utz dezakete kotxea—. Urdina duten kaleetan bi orduz utz daiteke autoa gehienez ere, egoiliarrek izan ezik. Gune laranjetan, berriz, 24 orduz utz daiteke ibilgailua.

Sei gune

Donibane auzoak, TAO sistemako 4.588 aparkaleku izanen ditu; Ermitagañak, 1.943; Mendebaldeak, 2.151; Azpilagañak, 1.506; Arrosadiak, 675, eta Etxabakoitzek, 853. Orain arte lau gune zeuden Iruñean TAO zerbitzuarekin: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama eta Arrosadiko zati bat. Heldu den hilabetetik aurrera, berriz, bi gune gehiago izanen ditu: Donibane eta Etxabakoitz, Mendebaldea eta Ermitagaña gunea. Astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara funtzionatzen du TAOk. Larunbatetan 08:30etik 14:00etara izaten da, eta igandeetan eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik.

Joan den otsailaren 28ra arte, egoiliarren txartela lortzeko aukera izan zuten guneetako bizilagunek. Apiriletik abendura arte, adibidez, 36,26 euroko kuota ordainduko dute. Merkataritza jardueraren bat egiten dutenek ere aukera dute txartela ateratzeko eta gune laranjan aparkatzeko. Txartela lortzeko, 349,65 euro ordaindu beharko dute, eta edozein momentutan eska dezakete. Auzo gehienetan kale nagusiak gune urdinak dira, eta beste kaleak, berriz, gune laranjak.