“Egunero, harrapatzen nauen zerbait berria deskubritzen dut”

Lagun batek Land Roverra eraman behar zuen Abenera (Senegal), eta harekin joan nintzen. Berehala konturatu nintzen hemen bizi nahi nuela, gehiago ezagutu nahi nuela: soinuak, usainak, jendea, ohiturak…”. Joseba Villanuevaren (Larraga, 1955) hitzak dira. Duela lau urte ezagutu zuen Senegal, eta oraindik ere egunero zerbait berria deskubritzen du. “Horregatik nago hemen”.

Familia osatu du Abenen. Famata Dedhiou neska-lagunarekin eta Irtzu bien semearekin bizi da. Zoriontsu da. Diola etniakoa da Dedhiou, Casamance inguruan dagoen etnia nagusienekoa. Dedhiouren aitak hamabost seme-alaba ditu, eta bi emazte. “Ohikoa da hemen”. Emakumeei ablazioa egiten diete txikitatik, eta Dedhiouri egin zioten. “Guretzat ulertzen ez da erraza, baina haien ohitura da, eta zaila da hori aldatzea”. Oso tradizionalak dira, baita “nahiko alferrak” ere. Dedhiouren familiaren etxean dirurik ez dela sartzen dio Villanuevak. Seme-alabek ez dute lanik egiten, ezta bilatu ere. “Basoan zerbait harrapatzen badute lortzen dute janaria, edo, bestela, GKEk lagunduta bizi dira”. Horrelakoak direla dio, ez dagoela konponbiderik. “Egia da zaila dela lana aurkitzea, baina egun osoa igarotzen dute futbolean jokatzen edo dantzatzen; kultura kontua da”. Villanuevak hasieran janaria edo dirua ematen zion Dedhiouren familiari, baina gehiago ez ematea erabaki zuen. “Egunean gastatzen zuten emandakoa, eta ez zuten aurrezten”. Orain, familiak Villanueva Dedhiourekin ez egotea nahi du. Elkarrekin bizi direlako eta ezkonduta ez daudelako. “Badakite ezkontzen banaiz ezkonsaria eman behar diedala”. Tradizioak dio ezkonsaria Dedhiouren aitaren anaiek jaso behar dutela eta haiek arduratzen direla ezkontza prestatzeaz. “Hiru eguneko ezkontzak antolatzen dituzte; festak maite dituzte”. Ezkontzako lehenengo egunean, adibidez, neskek egun osoa ematen dute jantziak probatzen. Villanuevak argi du ez dela ezkonduko. “Oso ongi bizi naiz horrela, eta ez dut ezkontzeko beharrik”. Dedhiouk, gainera, Villanuevarekin bizi nahi du.

Oso lotuta daude diolak sorginkeriarekin, eta botere handia du herritarren artean. Arazo bat izanez gero, marabuengana —hango belagileak— jotzen dute beti herritarrek. “Marabuak eta igarleak herri guztietan daude; gizonak dira gehienak”. Behin joan zen Villanueva igarle batengana. “Etxean lapurreta egin ziguten, eta, nor izan zen banekienez, budua egin nahi izan nion; egia esan, nire kasuan ez zuen emaitzarik izan, baina buduak normalean funtzionatzen du”. Turistentzat logelak alokatzen ditu Villanuevak bere etxean, eta gehienetan aukera ematen die igarle batengana joateko. “Amodio edo osasun konturen bat ezagutzeko, haurdun zauden ala ez jakiteko…; oso baliagarriak dira”.

Baxuak eta xumeak dira Abeneko etxeak, eta logelak, borobilak. Horrelakoa da Villanuevaren etxea. “Hona etortzen direnak ez dira Dakarrera joaten diren turista konbentzionalak, abenturazaleak baizik”. Zugarramurdiko talde bat dago orain Villanuevaren etxean.

Casamance arriskutsua dela esaten dute batzuek, baina Villanuevak gezurtatu egin du, “noizbehinka” arazoak izaten direla onartzen badu ere. Herrialdeak arazo politikoa du, eta talde errebeldeak daude. Bankuetan lapurtu eta dendak husten dituzte, besteak beste. Otsailaren hasieran egin zuten azkeneko ekintza. “Talde batek militarrak zirikatzen zituen bitartean, gainerakoek bankuak hustu zituzten”. Gogora ekarri du arreba bisitatzera joan zitzaionekoa: bi aste egon zen senarrarekin, eta ia ez ziren etxetik atera, “izututa” zeudelako. “Baina Malirekin konparatuta, adibidez, herrialde lasaia da. Zergatik? Senegalek ez duelako ezer. Ez industriarik, ez aberastasunik: lur azpian ez dago ezer “.

Diola ez da Casamanceko etnia bakarra, hamaika daude. Horregatik, aberatsa da ingurua hizkuntzetan, wolofa (nazio hizkuntza) eta frantsesa (hizkuntza ofiziala) izan arren gehien erabiltzen direnak. Villanuevak frantsesa baliatzen du senegaldarrekin hitz egiteko. Ahalegina egin zuen hango hizkuntzak ikasteko: “Hona etorri nintzenean, serer etniako neska bat ezagutu nuen, eta bere hizkuntza ikasten hasi nintzen, baina harremana utzi genuen; berdin gertatu zitzaidan mandinga etniako neska batekin: hizkuntza ikasten hasi nintzen, baina erlazioa eten genuen, eta, hortaz, hizkuntza ere bai”. Orain, Villanueva Dedhiourekin dago, baina erabaki du diolera hizkuntza ez ikastea. “Diolerak, gainera, ez du ezer idatzirik, eta aldaerak ditu”.

Hondartza ederrak ditu Abenek, baina hango bizilagunak ez dira joaten. “Ez dute gustuko, ez dago modan”. Villanuevak, aldiz, maite ditu hondartzak, eta egunero joaten da itsasoa ikustera, etxetik bi kilometrora baitu. “Gehienetan hutsik daude, bakarrik gozatzeko moduan”. Hondartzaz gozatzen jarraituko du Villanuevak, Nafarroara itzultzeko asmorik ez duelako.