Nafarroako hainbat alkatek “kezka” azaldu dute PPren udal erreforma dela eta

Aurrera doa PPren udal administrazioa berrantolatzeko lege aurreproiektua eta Nafarroako hainbat alkatek proposamenaren aurrean haien “desadostasuna” adierazi dute. Kezkatuta daude, haien ustez, erreformak udal autonomia deuseztatzen duelako eta udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak pribatizatzeko aukera ematen duelako. Irizpide ekonomikoak baino ez dituela kontuan hartzen uste dute.

Udal erreformak izan ditzakeen ondorioez mintzo dira alkateak. Xabi Lasa Berriozarko alkateak, adibidez, bi arrisku ikusten dizkio erreformari: “Alde batetik, udal zerbitzuen pribatizazioari atea irekitzen diola, eta, bestetik, udalek autonomia galtzen dutela”. Orain arte zerbitzu publikoak izan direnak pribatuak bihurtuko direla dio Lasak. “Erasotzat” jotzen du PPren proposamena Marisol Taberna Berako alkateak ere. “Udal txikiak kontuan hartu gabe egin dute erreforma, eta irizpide ekonomikoak bakarrik hartu dituzte kontuan”. Iritzi bera plazaratu du Jose Mari Aierdi Lekunberriko alkateak. Haren ustez, gainera, proiektuaren aurka egiteko alkate guztiak batzea litzateke egokiena.

Harago joan da Unai Lako Agoizko alkatea. Argi du erreforma hitzak murrizketak esan nahi duela. “Erreforma Madriletik edo Nafarroatik aginduta, murrizketak dira. Finantziazio bideak murriztu, zerbitzuak murriztu, eta tokiko erakundeak indarrik gabe utzi”. Alkateek diotenez, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak dira berrantolaketaren eztabaidaren erdigunean jarri beharrekoak.

Tokian tokiko erakundeak moldatzeko plana bultzatzen ari da Mariano Rajoyren gobernua, eta bitartean, Nafarroako Gobernua udal administrazioa berrantolatzeko foru legearen aurreproiektua lantzen ari da. Osagarriak dira biak. Azaldu dutenez, mankomunitateen eskuduntzak kentzea da Madrilen asmoa, eta irizpide ekonomikoetan oinarrituta berrantolaketa administratiboa egitea UPNrena. Baina bien “zentralizazioa” kritikatu dute alkateek.