Hutsik dago Esako Lasaitasuna urbanizazioa astelehenaz geroztik. Urte osoan bertan bizi diren bederatzi lagunek etxea utzi behar izan dute; ondoan duten Esako urtegiko eskuin hegala, eta mugitzen ari deenz, luiziren bat eragin dezake. Ez dute batere lasaitasunik izan egunotan, eta “ezusteko handia” hartu dute.
Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak diote euriteen ondorioz mugimenduak izan direla, eta dagoeneko eskuineko hegala egonkortzeko lanak hasi dituzte. Baina Lasaitasunako bizilagun Cristina Igoak ez du uste euriteak arrazoi bakarra izan direnik. “Eremua ez da egonkorra. Alde batetik, urtegiko eskuin hegala mugitzen delako eta, bestalde, Pirinioetako autobia egin zutenetik pitzadurak agertu direlako etxeetan”. Egunkarien bidez jakin zuen berria. “Iruñean nengoen, eta ez nuen inolako abisurik jaso; nik deitu behar izan nuen zer gertatzen zen jakiteko”, azaldu du. Astelehena bitarte izan du denbora etxetik ezinbesteko gauzak ateratzeko. Gurasoek etxea dute urbanizazio berean, eta Esako Udalak herriko beste etxe batera lekualdatu ditu. Haiekin biziko da denbora batez beste etxe bat eman artean.
Ehun etxe inguru daude Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioetan. Gehienak bigarren etxebizitzak dira: “Seguruenik, denbora batez etxerik gabe geldituko dira”, azaldu du Roberto Martinez Esako alkateak. Inoiz ez dutela horrelako egoerarik pasatu azaldu du Martinezek, eta oso kezkatuta daudela jakinarazi du. “Azkenaldian euri asko egin du inguruan, eta horrek eragin zuzena izan du”, aditzera eman du. Ez du ukatu, hala ere, urtegiko lanek eta autobideak eragina izan dutela.
Maria Angeles Ruizek lehenbailehen itzuli nahi du etxera. “Ez dakit zenbat denbora egonen garen etxetik kanpo; batzuek lau hilabete esaten dute, beste batzuek, urtebete; batek daki. Baina noiz itzuliko naizen ez jakiteak kezkatzen nau gehien”. Ruizek ez du ezustekorik hartu. “Argi zegoen egoerak txarrera eginen zuela”, aitortu du.
Astelehenean bilera izan zuten urbanizazioetako bizilagunek Raimundo La Fuente Ebroko Ur Konfederazioko zuzendari teknikoarekin eta Patxi Fernandez Nafarroako Gobernuko Barne ordezkariarekin. Bai Ruizek baita Igoak ere alboratu egin dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak eman dituzten arrazoiak. “Ez zuten askorik esan, eta euriteengatik gertatu dela argudiatu zuten; kalte-ordainak ez zituzten aipatu ere egin”, azaldu du Igoak. Haserre dago, informazio gutxi duelako eta ez dakielako zer gertatuko den.
Orain Guardia Zibilak “zaintzen” ditu bi urbanizazioak, eta bizilagunak baino ezin dira sartu. “Segurtasuna jarri behar izan dugu lapurretak ez izateko”, azaldu du alkateak. Pasa den ostiralean, Nafarroako Gobernuarekin bildu zen, eta bi urbanizazioak husteko “gomendioa” eman zioten. “Neurri prebentiboa izan da, baina pertsonen segurtasunak du lehentasuna”.
Azken urteetan zundaketak eta leherketak bizi izan dituzte Esan. Bai urtegian, bai eta Pirinioetako autobia egitean ere. Tunelak egiteko leherketak egin zituzten mendian, eta, ondorioz, pitzadurak agertu dira urbanizazioetako hainbat etxetan. “Urtegia handitzeko lanek zerikusia izan dute pitzaduretan, baina ez dute onartzen”, esan du Igoak. Oraingoz, lasaitasuna ez da itzuliko herrira. Lurrak behera egiteko arriskua dago. 2006an gertatu zen bezala.