Josetxo Andia Eguesibarko alkatearen aurka ikerketa abiatu du epaileak

Iruñeko Instrukzio Epaitegiak Eguesibarko alkate Josetxo Andiaren aurka diligentziak zabaltzea erabaki du, hartara Catalunya Caixako ehun lehentasunezko akzioen erosketa ikertzeko. Alfonso Etxeberria NaBaiko Eguesibarko bozeramaileak salaketa aurkeztu zuen joan den urtean Andiaren kontra, akzio horien erosketan “ustelkeria” egon zela argudiatuta. Salaketa horren harira abiatu du ikerketa orain Iruñeko Instrukzio Epaitegiko epaile Fermin Otamendik.

Epaileak berak jakinarazi duenez, ofizioz jarraitu beharreko lege urraketak izan direla pentsatzeko motiboak daude. Hala ere, ez du tramiterako onartu Etxeberriak Andiaren aurka aurkeztutako salaketa. “Prokuradoreak ez du inolako botererik aurkeztu, eta hori ezinbestekoa da salaketa tramiterako onartzeko”, adierazi du ohar baten bitartez epaileak.

Ikerketa abian jarri ahal izateko, Eguesibarko Udaleko idazkariari lehentasuneko akzioen erosketaren inguruko dokumentazioa eskatu dio epaileak. Horrez gain, Andacelay SL Eguesibarko enpresa publikoari buruzko informazio ematea ere nahi du. Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek, PPNk izan ezik, Andiaren dimisioa eskatu dute, orain arte egin duen kudeaketa “txarragatik”.

Hain zuzen ere, abenduan, oposizioko alderdiek mozio bat onartu zuten Andiak kargua utz zezan eskatzeko. Horrez gain, udal kontuetan lehentasunezko akzioak erosteagatik egindako “zuloa” gaitzetsi zuten. Udaleko buruaren aurka auzibidea hasteko aukera aztertzea ere adostu zuten, “lehentasunezko akzioak eta antzeko finantza produktu arriskutsuak erosteagatik”. Izan ere, Europako Batzordeak baieztatu duenez, halako produktuak erosten dituztenek, etorkizunean izan ditzaketen galeren zati bat beren gain hartu behar dute.

Jakina da 2011n Andiak Aldacelay enpresa publikoko 100.000 euro baliatu zituela Catalunya Caixaren lehentasunezko akzioak erosteko. Hain justu, Andia bera, banku horretako langilea da, nahiz eta Eguesibarko alkate postua betetzeko baimena daukan. Abenduan egindako batzorde batean, alkateak berak onartu zue “hanka sartu” zuela akzio horiek erosita. Esan zuen inbertsioa egiteko orduan “segurtasuna eta errentagarritasuna” izan zituela helburu nagusi, baina inbertsio horren ardura bere gain hartzeko eskatu zion oposizioak.

Ataka zailean badago ere, badirudi Josetxo Andiak ez duela Eguesibarko Udaleko alkatetza uzteko inolako asmorik.

Beste ustelkeria kasu bat

Joan den astean ere, beste behin, dimisioa emateko eskatu zion oposizioak, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu baten harira. Eguesibarko oposizioko alderdi guztiek —PPN kenduta— bat egin dute auzi horretan, salaketa jarri dute alkatearen kontra Agoizko auzitegian. Hala, dagoeneko, justiziaren esku dago Carolina Potau Eguesibarko zinegotzi ohiak Andacelay enpresa publikoan erabiltzen zuen ordenagailua. Oposizioak jakinarazi duenez, ordenagailu horretako dokumentuetan egiaztatzen da Potauk Laranzor enpresarekin zuen erlazioa. Enpresa horrek Eguesibarren etxeak eraiki ditu. “Potauk Andacelayko ordenagailutik Laranzor enpresa pribatuko kontuak kudeatzen zituen”, ohartarazi zuten joan den astean oposizioko ordezkariek.

Izan ere, Potauk Eguesibarko Udalean lan egiteaz gainera, eraikuntza enpresa kudeatzen jarraitzen zuen, eta etxebizitzan eraikitzeko lehiaketak ematen zituen. Andia alkatea eta Estefania Clavero UPNko zinegotzia Potauren konplize izan direla uste du oposizioak eta horregatik erabaki du auzitara jotzea. Hori ikertzen laster hasiko da justizia.