Zinema Guztiontzat deituriko egitasmoaren bitartez, ostegunero-ostegunero itsuentzat eta gorrentzat egokitutako filmak eskaintzen dituzte Iruñeko Karlos III.a etorbide Side zineman, Navarra de cine enpresaren eskutik. Duela hamar urte, Iruñeko Zinema Jaialdiko kideek itsu zein gorrentzako film egokituak eskaintzea erabaki zuten. Dimas Lasterra Navarra de cine enpresako arduradunak dioenez, hasieran Powerpoint batekin egiten zituzten egokitzapenak. Orain, berriz, sistema propioa asmatu dute, baita patentatu ere. “Itsuei entzungailuak paratzen dizkiegu, hala filmean deskribatzen ez diren gauzak nolakoak diren azaltzeko; gorrek, berriz, azpidatziak izaten dituzte”, dio Lasterrak. Gainera, ohiko zinemetan dauden filmak eskaintzen dituzte egokituta. Esaterako, ostegunean, Django Unchained eskaini zuten. Lasterrak nabarmendu duenez, itsuak edo gorrak diren lagunez gain, inolako mugarik ez duten pertsonak ere joan daitezke zinemara. “Itsua den norbait bere senideekin batera etor daiteke Zinema Guztiontzat emanaldietara”, jakinarazi du Lasterrak.