Duela bi urte izendatu zuten Argia ikastolako kooperatibako presidente Susana Suarez (Castejon, 1967). Haren alabak ikastolan ikasten du, eta aitortu du haurra izan aurretik argi zuela Argia ikastolan ikasiko zuela. Dioenez, Fontellasko ikastolaren egoera ekonomikoa nahiko larria da. Hala ere, ez du zehaztu nahi izan zenbatekoa den haren zorra. Euskalgintza guztiari dei egin dio Nafarroa Oinez jaiarekin modu batean edo bestean bat egiteko.
Nafarroa Oinez jaia antolatzea egokitu zaio Argia ikastolari. Nola doa antolakuntza?
Egia esan, guretzat oso jai garrantzitsua da. Ikastolako kooperatibista guztiak oso inplikatuta daude. Ez bakarrik egun seme-alabak ikastolan dituzten guraso kooperatibistak, baizik eta Erriberako euskalgintzako hainbat eragile ere bai. Hori ezinbestekoa da horrelako jai bat antolatzeko. Antolakuntza lanak martxa onean doaz.
Zein da ikastolaren egoera ekonomikoa?
Gure egoera ekonomikoa oso konplikatua da. Defizit handia daukagu, eta Nafarroa Oinez-ekin egoera ekonomikoa irauli nahi dugu, orain arte egin dugun lanarekin jarraitu ahal izateko. Ikastolaren zeregina euskara Erriberako haurrei irakastea da, kalitatezko hezkuntza eredu baten bitartez.
Historikoki gurasoekin inplikazio handia izan dute Argia ikastolan.
Horrela da. Gure egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ezin liteke bestela izan. Ikastolan gurasook zuzenean parte hartzen dugu gure seme-alaben hezkuntzan. Nire kasuan, oso argi genuen haurra izan aurretik Argia ikastolara eramango nuela, nahiz eta gu Castejonen bizi eta herritik kanpora ikasi behar. Kontuan hartu behar da haur askok dozenaka kilometro egiten dituztela D ereduan ikasi ahal izateko.
Krisi ekonomikoak zer-nolako eragina izan du ikastolan?
Gurasoek esfortzu ekonomiko handia egin behar izaten dute seme-alabek Argian ikasi ahal izateko. Eskualde mailako ikastola da, eta ikasle gehienek garraioa behar dute. Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zituen garraiorako ematen zituen laguntzak, eta orain familiek bere gain hartu behar izaten dute gastu hori. Hala ere, garraioaz gain, zentroan egin behar diren inbertsio guztiak kooperatibak hartzen ditu bere gain.
Gurasoek esfortzu ekonomiko handia egin behar izaten dute, beraz.
Bai, horrela da. Gainera, badakigu krisi ekonomikoaren eraginez familia askok eta askok esfortzu ekonomiko izugarria egin behar izaten dutela seme-alabek Argian ikas dezaten. Oraingoz, ditugun matrikulazio datuekin oso gustura gaude.
Zeintzuk dira Argia ikastolaren erronka nagusienak?
Erronka nagusiena ikastolaren egoera ekonomikoa iraultzea da. Zentroaren errealitate hori egonkortu nahi dugu. Horrekin batera, orain arte lortutakoarekin jarraitu nahi dugu. Erriberako euskaldunen hirugarren belaunaldia jaiotzen ikusi dugu. Badakigu hori ezinezkoa izango zela eragile askoren konpromisorik gabe. Argia ikastola utopia litzateke Nafarroako gainontzeko ikastolarik gabe. Orain arte egindako lanarekin jarraitu nahi dugu, eman dituen fruituak eta emaitzak oso onak izan direlako.