Lohizune Amatria
Zenbat kale kantoi, pankarta, afixa, komuneko ate eta muraletan irakurri ote dugu ez dugula atzenduko. Ez zaizkigula ahaztuko sistema kapitalista zapaltzaile heteropatriarkalaren ondorioz hildako, jipoitutako eta erasotako emakumeak; galdu eta irabazitako eskubideak; prebentzio egoeran espetxean hilabeteak eman dituzten gazteak; epaiketaren edo epaiaren zain direnak; hilketak; etxe kaleratzeak; beren buruaz beste egin dutenak; tortura salaketak; salatu ezin izan direnak; auto istripuak; zigorgabetasuna… Memoria duen herria gara.
Pentsatzen jarri, eta egia da ez naizela gai indarkeria ekintza denak aipatzeko. Ez ditut denak behar bezala ezagutzen; oroimenaren mugak eraginik. Gertatu izan direla eta biktima zein eragileek izen-abizenak dituztela, ordea, ez genuke ezbaian jarri behar. Bortizkeria kasu guztiak publikoki ezagun izan beharko lirateke; egia aitortu, justizia lortu eta mina arintzeko. Ordena ez da ausazkoa, bizikidetza osasuntsu baterako mugimendu naturala da.
Funtzionario publikoek eta eskuin muturreko taldeek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzan, ordea, alderantziz hasi da Nafarroa. Alderantziz, eta izenik aipatu gabe. Sentimendu gazi-gozoa eragin dit kontu honek azkenaldian. Garrantzi berezirik ez nion eman hasieran omenaldiari, memoria kolektiboak izen, abizen eta egia behar dituelako. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren klaustroaren barruan nintzela, baina, nire sentimenduak gozotik izan zuen gehiago.
Izugarrizko txalo zaparrada zirraragarri batekin igo ziren oholtzara German Rodrigez, Jose Miguel Etxeberria Naparra eta Mikel Zabalza osabaren senideak. Orduan jaso zuten benetako aitorpena biktimek. Negarrez batzuk, irribarrez besteak, hunkiturik atera ginen. Adierazpen instituzionalaren azken helburuak eragin zuen hori: “Nafarroako erakundeen izenean, biktimei barkamena eskatu hainbeste urtean jasan behar izan duten abandonuarengatik eta ahanzturarengatik”.
Gertakari bakoitzak eragindako mina erreparatzeko xedea zuen omenaldiak; eta aitortzen dut, ez nuen uste alderantzizko hurrenkera jarraituz halakorik gerta zitekeenik. Beharrezkoa zuten, baina, biktimen senide zuzenenek. Lore eskaintzan hala entzun nion bati: “Pauso bat izan da. Orain artekoak ez bezala, aurrera eman duguna, gainera”. Nahiz eta beste asko falta diren, mina gainditzeko urrats txiki bat izan da. Baita gure etxean ere.
Niretzat barkamen eskakizun horrek ez du halako esanahi sakonik izan. Gurasoek sufritutako minak eragindako arrakala da ezagutu dudana, hutsune bat, besteen oroitzapenekin eraikitako itxurarik gabeko osaba. Eta, ondorioz, beste ikuspegi batetik begiratzen dut egoera. Belaunaldi berriek lekukoa hartzen dugunean, justizia, egia eta izen-abizenak dituen errekonozimendu eta aitortza lortzeko indarra, bidea eta erremintak ezberdinak izango dira. Mugitzen gaituena ez dela guztiz berdina. Aldarrikapena, berriz, bera izango da. Biktimek errekonozimendurik handiena falta dute eta: egia.