Bizikletak biziki maite ditu Jesus Sukuntza Garraiobide Osasungarrien Elkarteko kideak (Leitza, 1959). Beste hainbat txirrindularirekin batera, 2006an elkarte bat sortu zuen, bizikleta hirigunean barrena mugitzeko garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa sustatzeko. Elkartearen helburu eta filosofiaren berri emateko, Asociacionmts.blogspot.com.es webgunea dute. Besteak beste, hirigunean bizikletan nola ibili behar den argitzeko hainbat aholku ematen dituzte.
Europako herrialde askotan egin da bizikletaren aldeko apustua. Nolakoa da Nafarroako eta Iruñeko egoera eremu horretan?
Bizikleten Europa esaten zaion horretan, Holanda, Alemania, Belgika eta Danimarkan, besteak beste, duela zenbait hamarkadatik hona, bizikleta agenda politikoan dute. Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira. Esaterako, ezinbestekoa da bizikletentzat homologatutako oinarrizko bidea edukitzea eta kaleetako gehienezko abiadura orduko 30 edota 20 kilometrora mugatzea. Iruñean, herrialdeko beste hirietan bezala, errealitatea ezberdina da, bizikletaren erabilera txikia delako. Hala ere, gero eta gehiagok erabiltzen dute egunero. Iruñeko Udalak 2005ean Bizikletaren Plana onartu zuen, eta, orain arte, lehen fasea besterik ez dute gauzatu. Ez dirudi bigarren fasearekin hasiko direnik.
Horrek zer ondorio eragin dezake?
Bi errealitaterekin egiten dugu topo. Alde batetik, periferian dauden auzoetan bidegorriak eraiki dira. Baina, beste alde batetik, hiriaren erdigunean, kale batzuk salbu, ez dago ia bidegorririk. Hala ere, aitortu beharra dago zirkulazioa lasaitzeko ahalegina egin dela. Izan ere, Alde Zahar osoan ibilgailuen gehienezko abiadura orduko 20 kilometrokoa da. Gainera, 2012tik, norabide bakarreko bide bakarra duten kaleetan orduko 30 kilometrora igaro daiteke gehienez. Horrek guztiak bizikleten zirkulazioa erraztu du. Hala eta guztiz ere, txirrindulari asko ez dira errepidetik joaten ausartzen. Hala, espaloiaren aldeko hautua egiten dute, Iruñeko Trafiko Ordenantzak dioenaren kontra. Hiritik kanpo, bizikleta garraiobide gisara egonkortzen ari da, baina oraindik hutsune handiak daude azpiegitura eta zirkulazioa lasaitzeko neurriei dagokienez. Esan liteke herritarrak politikarien aurretik doazela.
Alor horretan zer zeregin du administrazioak?
Mugikortasunarekin lotuta dagoen beste agente bat da bizikleta, hala jasotzen du, gainera, Zirkulazioaren Araudi Orokorrak. Horregatik, tokiko zein estatuaren mugikortasun politikek bizikletaren erabileraren normalizazioa sustatzeko beharra eta obligazioa dute. Txirrindularien aldarriak zilegiak dira, eta horiek gauzatzen saiatu behar dute.
Nolakoa da txirrindularien eta oinezkoen arteko harremana?
Txirrindulariak espaloitik doazenean, oinezkoa biktima sentiarazten dute, ahulenak direlako. Arazoa sakon aztertzeko, ezinbestekoa da galdetzea txirrindulariak zergatik joaten diren espaloitik. Arrazoia oro har da bidegorri sare eskasa dagoela. Horrez gain, errepidetik joatea txirrindulari batzuentzat arriskutsua da, ez dituztelako guztiek gaitasun fisiko zein erreflexu egokiak. Hala, txirrindulari askok espaloiak erabiltzea erabakitzen dute, gutxietsiak eta biktima sentitzen direlako.
Espainiako Gobernua idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan jasotzen denez, txirrindulariak kaskoa erabiltzera behartu nahi dituzte. Zer iruditzen zaizue?
Txirrindularitzarekin lotutako alor guztien irudiko, bizikletaren kontrako neurria da. Bizikleta erabiltzeko tradizio handia dagoen Europako herrialdeetan ez dago halako neurririk. Behartzearen aurka nagoen arren, iradokitzea arrazoizkoa iruditzen zait.