Kattalin Barber
Iruñeko katedralean zegoen altxor artistiko garrantzitsu bat lapurtu egin zuten 1935. urteko abuztuaren 9an eta 10ean. Egia “guztiz argitu gabe” gelditu zen, eta Jose Luis Diaz Monrealek (Iruñea, 1943) eleberri bihurtu du jazotakoa. Elizak lapurretan bete zuen rola ezinbestekotzat jo du historialariak.
Lapurreta oso garrantzitsua izan omen zen, baina gaur egun ez da oso ezaguna Iruñean. Zergatik?
Nik ez nekien ezer horri buruz; lagun batek kontatu zidan 1935ean jazotakoa. Interesatu zitzaidan gaia, eta katedralean hasi nintzen ikertzen, auzitegian eta prentsan. Egia da gertaera ez zela ezkutatu, hori ezinezkoa zelako, eta orduko komunikabideetan oihartzuna izan zuen. Baina, era berean, egia da lapurrak atxilo hartu bezain pronto ez zela gaiari buruz gehiago hitz egin. Ez zen interesatzen. Jose Mari Iribarrenen liburu batean agertzen da lapurreta, baina ezer gutxi gehiago. Ez da idatzi horri buruz. Gaia tabua zen.
Zer gordetzen zuen altxorrak hain garrantzitsua izateko?
Lapurtu zituzten piezek artistikoki balio handia zuten, hemen eta nazioartean. Kalkulaezineko balioa duten mila pieza baino gehiago lapurtu zituzten. Horien artean, pisu handiko bost pieza: gaur egun Leireko kutxatila gisa ezagutzen dena eta Nafarroako Museoan ikusgai dagoena, Lignum Crucis erlikia, Borgoinako dukeak Karlos III.a erregeari eskainitako Urrezko Ardi Larruaren Ordena eta Ama Birjinaren eta Haurraren koroak. Ideia bat egiteko, Ama Birjinaren koroak 485 esmeralda zituen, eta 1.100 diamante. Balio handia zuen altxor hark.
Susmoa duzu katedraleko norbaitek lagundu zuela lapurretan. Horregatik ez da asko hitz egin?
Nire ustez, erlijio munduko pertsonek parte hartu zuten, nola edo hala, lapurretan, eta gaia gehiegi ez zabaltzea lortu zuten. Argi dago katedraleko norbaitek rol garrantzitsua izan zuela lapurretan, ez ekintzan zuzenean, baina bai lapurrei informazioa ematen. Elizak botere handia du. Pentsa ezazu, gaur egun Nafarroan botere handia badu, 1935. urtean askoz gehiago! Oraindik ere, ulertzen ez den Elizarekiko errespetu handia dago. Iruñea oso kontserbadorea da. Beste modu batean erantzungo dizut: orain dela gutxi Iruñeko San Lorenzoko parrokoak alde egin du, abusuak egotzita. Zer dakigu horri buruz? Ezer gutxi. Oharkabean igaro da gertaera.
Historialaria zara, eta orain arte saiakerak idatzi dituzu. Zergatik salto egin duzu eleberrira?
Hasieran ez nuen buruan eleberririk idaztea. Gauzak izan ziren bezala argitaratzea nahi nuen, baina historiak berak eta Pamiela argitaletxeak eleberri bihurtzea eskatu zidaten. Beti nahi izan dut eleberri bat idatzi, baina inoiz ez naiz gai sentitu. Katedralaren lapurretaren gaia eskuetan nuelarik, saiatzea erabaki nuen. Ni ez naiz idazlea, ni historialaria naiz, eta aholkularitza handia jaso dut. Eskerrak eman nahi dizkiot Javier Garcia Claveli eman didan laguntzarengatik. Hau ez da nire estiloa, badakit, eta, horregatik, baldintza bat jarri nion neure buruari: ez bada ateratzen, utziko dut. Saiatu nahi nuen. Liburuak oreka lortu du, eta gustura gelditu naiz emaitzarekin.
Zenbat du eleberriak fikziotik eta zenbat errealitatetik?
Oinarria benetakoa da. Eleberria guztiz desberdina izan zitekeen, guztiz sortua. Baina errealitatearen ondoko bideari jarraitu nahi izan diot, eta pertsonaien izenei eutsi, adibidez. Irakurleak eleberria irakurtzean konturatuko da zer den erreala eta zer asmatutakoa. Fikzioa ez-fikzioarekin nahastu dut, baina esan behar dut oso ongi kontatu dudala gezurra. Hariari jarraiki, epaile lan modukoa egin dut. Horretara iritsi naiz; horrela izan ez bazen, argi dut antzeko zerbait gertatu zela 1935eko uda horretan. Askotan, errealitateak irudimena gainditzen du. Sinesgaitza da.
Garai hartako testuinguruak baldintzatu zuen gertaera hura?
Bai, horrek asko baldintzatu zuen lapurreta eta gero gertatu zena. Islatzen saiatu naiz. Izan ere, sumarioa amaitu eta lau egunetara gertatu zen Molaren altxamendua. 36ko gerra… Gauza asko gertatu ziren orduan. Adibidez, lapur bat hil zuten, zekiena zekielako. Egia da lapurrak harrapatu zituztela eta aitortu zutela, baina ez zioten beste inori errua bota. Hor dago koska. Ziur naiz jende gehiagok izan zuela zerikusia lapurretan.
Nola egituratu duzu eleberria?
Hasiera eta amaiera guztiz asmatu ditut. Mantendu izan dut benetako gertaera, eta, gainera, ongi asmatu dudala iruditzen zait. Azken kapitulua dago, eta horretan gauzak gertatu ziren bezala kontatzen ditut. Idatzi dudanaren %80 benetan jazo zen; poliziarik gabeko eleberri beltza egin dut.
Gerra aurreko Iruñeko giroa islatu duzu?
Bai, 1934. urtean hasten da nobela, eta 1945ean amaitzen da, gutxi gorabehera. Iruñean urte horietan nola bizi ziren azaltzen saiatu naiz. Gainera, garai hartako irudiak txertatu ditut. Asalduzko garaia zen, eta horrek guztiak eragina izan zuen lapurretaren garapenean. Orduan ere ezker eta eskuin alderdien arteko liskarra oso handia zen. Karlistak ere agertzen dira liburuan. Baina pisu handiena Elizak du. Lapurretaren epaiketa 1937an izan zen, eta dena konpondu zelako itxurak egin zituzten. Erdipurdiko epaiketa bat izan zen. Zarata ez sartzea interesatzen zitzaien. Epaileen eta Poliziaren rola zein izan zen ulertzen da orduko gertaerak kontuan hartuta.