Tania Arriaga Azkarate
Lankide batek, kafe makinan, aipatu zidan bera ismoen kontrakoa zela. Buruko muineko nire prozesadorea ez da oso azkarra, eta, orduan, zer esan jakin gabe gelditu nintzen. Gerora, tarteka marteka, gaiari bueltak ematen harrapatu dut neure burua. Ismo guztiak ez dira berdinak; batetik enpatia lantzen dutenak eta bestetik zapalkuntza goraipatzen dutenak daudela esanen nuke nik. Hala ere, lehenengoetan ere transbertsalki enpatia falta nabaria sumatzen dut. Eta aipatutakoa ilustratzeko, hain zuzen ere, lauzpabost adibide bururatu zaizkit.
Zubieta eta Iturengo inauterietan gertatutakoa berriz gurera ekarriko dut. Tamalez, egun horietan, gaztetxo batzuk sokekin lotutako animalien gorpuekin jolasean aritu ziren. Zenbaitzuek gertatutakoa salatu eta horren harira polemika mikatza sortu zen Nafarroako komunikabide, familia zein lagunarteetan. Batek baino gehiagok gaztetxoen performacean herri hauetako inauterien balio kulturala ikusi zuen, animalien eskubideak alde batera utziz.
Hurrengo egoera nire lantokian bertan ikusi dut. Emakume bat lanean hasi zen; bera iritsi zenerako lantaldea osatua eta antolatua zegoen. Beren burua feministatzat duten zenbait lankidek, baliteke lehiakortasun kapitalistarengatik, ez zuten taldean integratu. Batek baino gehiagok bullying-a pairatu zuela dio. Ez dakit definizioa hori den, baina zalantzarik ez dut emakume horrek, debalde, gaizki pasatu zuela.
Egun eguzkitsuetan, edozein tabernatako terrazetan zurito bat, edo bi, hartzea gustatzen zait. Behin baino gehiagotan nire aldamenetik adineko emakume arabiar bat pasatu da, eta abiada biziko sekuentzian: niri, zuritoari, niri, zuritoari, niri eta zuritoari aurpegi txarrez begiratu digu. Zin dagizuet aniztasuna garagardoa bezainbeste maite dudala eta horregatik, espresuki, batzuk besteokin eroso sentitzea nahi nuke; hots, zuritoak direla edo beloak direla.
Euskal Herriko Unibertsitatean zenbait ikasle sistema kapitalista zapaltzailearen kontrako mobilizaziotan dabiltza. Fakultateko pasilloak pintaketaz bete dituzte, atxilotuak askatu, irakaskuntza sistema irauli, alienazioari aurre egin edota egiturazko zapalkuntzaren kontrako leloekin. Antikapitalistek, espraia erabiltzeaz gain, dekanotzan lanean diharduten idazkarien kontra, gehienak emakumezkoak, indar handiko petardo bat bota zuten, eta langileetako bati tinpanoa mindu diote.
Eta honela ad infinitum. Ismo aurrerakoiak ederki iruditzen zaizkit, gehienbat, guztion onurarako gaiak aztertu eta sakontzen dituztenean. Halere, ismoei tona eta erdi enpatia gehitu beharrean gaudela uste dut. Bestela, alferrik gabiltza.