“Ikuskizunean, elkartasuna goraipatu nahi da”

Xabier Reparaz historialaria izateaz gain, 1813 Arbizu errautsetatik jaiki ginenekoa antzezlanaren gidoigilea ere bada. Azken hilabeteetan dokumentuak berreskuratzen eta aztertzen ibili ondoren, Arbizuko gertaeren inguruko hainbat hitzaldi ere eman ditu.

Nola egin duzu historia biltzeko lana, non ibili zara informazioa lortzen?

Udal agirietan egina nuen 2010ean herriko teileria arakatu genueneko ikerketa. Orduan ikusi nituen 1813ko gertaerei buruzko zenbait agiri. Horiek berrikusi ostean, herriko apaizak eliz agiritegia ikusteko aukera eman zidan; han ere zerbait atera nuen liburu sakratutik. Bestalde, lagun batek pasatu zizkidan Nafarroako Agiritegi Orokorreko zenbait dokumentu, eta oso lagungarriak izan ziren. Azarorako txosten bat prest nuen, eta batzarrean aurkeztu genuen egitasmoaren oinarri historikotzat hartzeko.

Erraza izan da edo, zuretzat, berria zen aurkitutakoa?

Historialari gisa, maiz tokatu zait agiritegiak bisitatu eta garai hartako informazioa zuzenean jasotzea, ikerketak burutzeko. Bertakoa izanik, Arbizuko udal agiritegikoa beti ere interes handiagoz hartzen da. Izan ere, arbasoen izenak, bizimodua eta historia ezagunak dituzun parajetan kokatzen dituzu. Gustuko aldapan nekerik ez.

Zuk egindako lanarekin liburuxka ere kaleratu duzu. Pozik zaude emaitzarekin?

Polita da herritarrek beren historia ezagutu eta etxean gordetzea. Garai hartako testuinguru historikoa, eguneroko bizimodua, frantsesen sutean erretakoa eta haren ondorioa, nahiz garai hartatik ahoz aho gorde diren pasarteak bilduta daude bertan. Egindako lana irakurri zutenei asko gustatu zitzaien, erraz irakurtzen baitzen. Hori dela eta, publikatzea pentsatu genuen herritarren esku jartzeko.

Gertakari historikoetan oinarritzen den herri antzerkia da. Nolakoa da emaitza?

1813ko ekainaren 23an frantsesak, Gasteizeko bataila galduta, Frantziarantz ihesi joan ziren, eta bidean Arbizuko 45 etxe erre zituzten. Herritarrek basora egin behar izan zuten ihes, eta testuinguru horretan oinarritzen da ikuskizuna. Egoerara moldatzen jakin zuen herri baten historia da, azken finean, eta ikuskizunean elkartasuna goraipatu nahi da, errealismo historiko hutsean geratu gabe. Egindako lan guztia herritar askoren lanaren ondorioa da.