Hizkuntza batetik bestera aldatu badaitezke ere, uste izaten dugu hiriek izen (eta izan) bat eta bakarra dutela. Salbuespenak daude. San Petersburgo eta Leningrad. Konstantinopla eta Istanbul.
Denboraren gauean desagertu baino lehen, gogora ezineko garaietako kontuak direla aldarrikatu baino lehen, Iruñeari aplikatutako Mordor toponimo berriaren arrakastaren lekukotasuna utzi nahi dut hemen. Bada, hemen bertan ere, deituraz aspertu eta aldatzeko proposatu duena, moda iragankorra balitz bezala. Nire ustez ez da hala. Ez da txiste bat, behin higatuta, beste batera pasatzeko modukoa. Sakoneko zerbaiten aurrean garela defendatzeko bi arrazoi ditut.
Iruñea Mordor delako aldarrikapena, aldibereko sorkuntza herritarra izan da. Jende askori aditu diot horrelakorik esatea modan jarri aurretik ere, beraiek dagoeneko Mordor izena zerabiltela Iruñea adierazteko, kuadrillan sortua zutela. Nik neuk ere hala uste dut. Guztiz sinetsita nengoen nire lagunartean sortu genuela, eta areago ni neu izan nintzela nire lagunen artean lehendabizikoa bururatu zitzaidana. Hainbestetan eztabaidatu didate eta copyrighta hainbestetan eta hain sutsuki kentzen saiatu dira, ezen ondorioztatu behar izan dut Iruñearen izengoiti berria aldi berean hainbat jenderen buruan sortua dela. Hala bada, ez da txisterako kontua, zerbait arkanoagoa baizik.
Bigarren arrazoiak, nolabait esateko, kripto-etimologia luke oinarri. Hausnartzera gelditu eta ohartu naiz aurtengo klimatologia kaskarretik harago, Iruñea iluntasunarekin lotzeko joera aspaldidanik datorrela. Garai bakoitzeko izenaz aparte hiriaren izen sekretu eta ahoskaezina izanen balu bezala. Mordorrek, Tolkienek Eraztunen Jauna eleberrirako sortutako lurraldearen izenak, asmatutako hizkuntza oso batean (sidarin edo elfoera grisa deitutakoan) esanahi zehatza dauka: Lur iluna. Mor erroak “iluna” esan nahi du (Moria toponimoan ere erabilia) eta Dor erroak “lurra” (saga bereko Gondor edo Eriador bezalakoetan ere).
Miguel Sanchez-Ostizek bere nobeletan Iruñea bestelako izenaz aipatzen du ia beti, Atxagaren Obabaren moduan. Umbria. Hau da, toki itzaltsua, ilunpetsua. Eta iritzi zutabe honi, blog batean bezala, erantzun sorta kilometrikoa uzterik ez dagoela aprobetxatuz, aipa dezadan Iruñearen etimologia bera. Iruñeak “hiria” edo “hiri ona” esan nahiko luke, adituen arabera. Baina bada ilun etimotik datorrela uste duenik. Agian arrazoia eman beharko zaie.