Duela 200 urtekoa gogoratuz

Orain dela 200 urte arbizuarrek sekulako hondamendia jasan zuten, Napoleonen soldaduek herriari su eman baitzioten. Bigarren mendeurrena gogora ekartzeko, herritarrek 1813 Arbizu errautsetatik jaiki ginenekoa izeneko antzerkia prestatu dute auzolanean. Ikuskizuna bihar 22:30ean izango da, eta 200 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte.

2012ko urrian sortu zen 1813-2013 herri ekinaldia, duela bi mende gertatutakoa gogoratzeko asmoz. Ordutik, buru-belarri dabiltza lanean batzordeko kideak. Hasieran, Xabier Reparaz historialariak hitzaldiak eman zituen, Arbizun gertatutakoaren berri emateko. Hori egin ahal izateko, bildutako informazio guztia lau atalez osatutako liburuxka batean argitaratu dute. Honako gai hauek barne hartzen ditu lanak, besteak beste: alderdi historikoa, Arbizuko eguneroko bizimodua, sutearen nondik norakoak eta herriaren oroimena. Horrez gain, Castillo Suarezek idatzi eta Kristina Fernandezek irudiz apaindutako Lorentxa ipuina ere kaleratu dute.

Bihar gauean izango da herri antzerkiaren txanda. Sarrera modura, Mikel Reparazek laburpen moduko bat egingo du, 1813an gertatu zena azaltzeko, eta modu berean, ikuskizunean ikusiko dena aurreratzeko. Antzezlaneko musikaz, Pello Reparaz Vendetta taldeko musikari arbizuarra arduratu da.

Auzolanean egindakoa

Arbizuarrek ez daukate ausardiaz beteriko erresistentzia heroikoaren oroimenik. Hori dela eta, antzezlanaren helburua ez da garaipen edo porrot bat antzeztea, gertakari ilun horretatik bizirik irauteko eta berreraikitzeko gogoa erakustea baizik.

Antolatzaileek bi xede nagusi zituzten antzerkirako. Alde batetik, duela 200 urte gertatutakoa errealitateari ahalik eta lotuena antzeztea. Eta beste alde batetik, ikuskizunean ahalik eta herritar gehienek parte hartzea. Dirudienez, azken horiek ez diete ihes egin, 200 lagunek baino gehiagok parte hartu baitute guztia prestatzen. Herritarrek herritarrentzat sortu dute antzezlana, beraz.

Finantza bideei dagokienez, udalaren laguntza izan arren, autofinantzaketa izan da bide nagusia. Arbizuarrak txapak, kamisetak, pizgailuak, liburuxkak, diskoak, eta abar saltzen ibili dira joan den udazkenetik hona. Horrez gain, kostu txikiagoa izatearren, Emausko Trapuketarien elkartera jo zuten uniformeak egiteko txaketak lortzeko. Danborrak, aldiz, Lakuntzako Pertza elkartean eskuratu zituzten. Lan mardula bezain garrantzitsua egin dute, beraz, arbizuarrek eta bihar gauen aterako da lan horren emaitza nagusia.

Ondorioz, 1813an herritarren artean sortutako herri batasun hura, bi mende geroago berreskuratu dute arbizuarrek guztia antolatzen eta lantzen erakutsi duten elkartasun paregabean.