“Hiru enpresa sortu dira, eta horietatik hamar lanpostu sortzeko asmoa dago”

Jon Etxeberria (Etxarri Aranatz, 1991), Sakantzen sareko sustatzaileetako bat izateaz gain, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikaslea ere bada. Gradu amaierako lanean, Sakanari laguntzeko enpresen ekosistema “ona” sortzea izango du helburu. Duela urtebete sortu zen Sakantzen sarea, eta, herritarren esperientzia eta ezagutzaren bitartez, aurrera doa proiektua.

Hiru jardunaldi egin dituzue dagoeneko; azkena joan den larunbatean, Olatzagutian. Zer moduz atera zen?

Uste baino jende gutxiagok parte hartu bazuen ere, hara joandakoak oso kontent egon ziren. Oso hitzaldi interesgarriak izan ziren, eta hori zen gure helburua: programazio interesgarria sortzea eta bertan egon ziren hizlarien bidez beraiek egiten dutena Sakanan praktikan nola jarri daitekeen ikustea.

Aipatutako hitzaldiak Wikilur, Axalko, EKINN eta Guifi.net elkarteetako hizlariek eman zituzten. Ondorio baliagarriak atera al zenituzten?

Wikilur Landa Turismo Kooperatibak bazkideen zerbitzu hornikuntza eta landa turismoaren garapena du helburu. Guk Sakanako turismoa indartu nahian, beharrezkotzat jo genuen Wikilur sortuta zegoela aprobetxatzea. Axalko, bestalde, Txirbil Kooperatiba Elkartearen barruko marka bat da. Krisiaren aurka enpresarentzat lan ildo alternatiboa sortzeko beharra ikusi zuten, eta horren emaitza da Axalko. Azken finean, enpresa berritzailea da, eta interesgarria da haien metodologia Sakanara nola eraman daitekeen aztertzea. Guifi.net sareari dagokionez, autogestionatutako telekomunikazio sare libre eta irekia da. Sakanarentzat baliagarria da, orain arte Internet izateko goi mailako enpresen sekulako dependentzia izan dugulako. Azkenik, EKINN programa Mondragongo Team Academy-k sortua da, bederatzi hilabetez langabeak ekintzaile izatea sustatzeko. Langabeak euren enpresa propioak sortzeko iniziatiba izatera bultzatzen ditu.

Ekinaldiaren helburuetako bat jendea aktibatzea da. Jarri al dira martxan herritarrak?

Hori da gure helburua, baina zaila egiten ari zaigu. Egoera berez zaila da, eta guk, azken finean, ez dugu inolako diru laguntzarik ematen. Guk aholkuak ematen ditugu, eta enpresak aurrera ateratzen laguntzen dugu. Baina enpresa bat sortzeko zailena dirua eskuratzea da, eta are gehiago egun. Izan ere, langabeek murriztutako diru iturriak dituzte. Halere, jendea aktibatzea lortu dugu, 430 pertsona inguruk hartu baitute parte antolatu ditugun ekitaldietan.

Enpresaren bat sortu da azken urte honetan?

Bai, hiru enpresa sortu dira, eta horietatik hamar lanpostu sortzeko asmoa dago. Guk gure laguntza eskaintzen diegu, baina beraiek dira hamar lanpostu horiek sortuko dituztenak.

Etorkizunari begira, zein dira zuen planak?

Bizpahiru proiektu martxan jartzeko asmoa dugu. Turismoarekin lotura dutenak uda aurretik jarriko ditugu martxan. Bestalde, inkubagailuen kooperatiba bat sortzeko asmoa dugu. Etorkizunari begira, gure helburu nagusia Sakanako enpresen ekosistema ona sortzea da. Beste eskualde batzuk ere aurrera egin dute, oinarri sendo batzuk zituztelako. Hori helburu hartuz, Sakanan sortuko diren eta sortuak dauden enpresen elkarlana behar da. Denek ekosistema horretan parte hartuz gero, lortuko dugu gure helburua, hots, inkubagailuen kooperatiba bat sortzea. Azken finean, Sakantzen sarea gizarte mugimendu bat da, eta guk pertsonak behar ditugu aurrera jarraitzeko.

Pentsatu al duzue nola erakar dezakezuen jende gehiago?

Sakantzen-eko kideok beharrezkoa ikusten dugu proiektu interesgarriak plazaratzea, pertsona klabeak identifikatzea eta horien bitartez gizartea sentsibilizatzea. Oraindik ere lan asko baitago egiteko Sakanan.