Nafarroako Gizakia Helburu fundazioak %74ko jaitsiera pairatu du finantza entitate gehienen ekarpenetan, azken hiru urteotan. Horrez gain, gero eta jende gehiago dago dagokion tratamenduaren kuota ordaintzeko gai ez dena. Izan ere, orain arte baliabiderik gabeko pertsona horiek diru laguntza publikoak jasotzen zituzten, baina asko jaitsi dira, eta batzuetan desagertu ere egin dira. Hori dela eta, Gizakia Helburukoek gero eta zailagoa dute arazoak dituzten pertsona guztiei laguntza ematea. Bestalde, 2012an 60.444,21 euroko defizita izan zuen fundazioak, eta erakundearen beraren iraupena ere kolokan jarri zen. Horri aurre egiteko, herritarrei nahiz enpresei laguntza eskatu nahi die.