Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz osatutako proiektua jarri dute martxan. Deierri eta Gesalatz ibarretan, Abartzuzan, Jaitzen eta Lezaunen, ekoturismoa eta landa turismoa egiteko aukera dago.
Aurtengo eskaintzen artean hainbat berrikuntza daude. Charo Apestegia Irantzuko Lurrak turismo elkarteko teknikariak azaldu duenez, bisitarientzat prestatu dituzten proposamenak lau bloke handitan banatu dituzte: turismo aktiboa, turismo gastronomikoa, enoturismoa eta kultur turismoa. Orain arte bezala, inguruko enpresen eta eragileen elkarlanari esker osatu dute proiektua. Era horretan, Irantzuko kanpinean eta hoteletan ostatu hartuta, eskaintzetan beherapenak izan ditzakete bisitariek. Apestegiak ohartarazi duenez, zenbait kasutan doan egiteko aukera ere izango da.
Allotz urtegia ardatz
Deierri ibarrean Allozko urtegia dago, eta turismo aktiboko jarduera gehienak han egiten dira. Urtegiak 4,5 kilometro inguru ditu, eta sakoneran 25 bat metroko luzera ere badu. Garai honetan, uzta hazten ari da, eta urtegi inguruko flora, horitzen. Udako koloreak indarra hartzen ari dira, beraz, guztia koloreztatuz. Gainera, Allotz igebelarrez apaindua dago, baina oraindik ez dira guztiz loratu. Izan ere, azkenaldiko euriteek landare bitxi horiek ur azalera ateratzea atzeratu dute.
Nafarroako Bela Eskolako zuzendari Susana Gonzalezek adierazi duenez, aurten urtegiko fauna aniztuna bertatik bertara ikusteko aukera egongo da, bisita ornitologikoetan. Kamuflatze piraguak erabilita, turistek animalia ugari ikusteko aukera izango dute, hala nola ubarroiak, murgiak, ahate urdinak, irisak eta lertxun hauskarak. Horretarako, Inarotz eta Riosalado ibaien arroiletaraino joateko parada eskainiko dute, betiere, bertako ekosistema errespetatuz. Gonzalezek dioenez, “ingurunea ezin hobea da horrelako ekintzak gauzatu ahal izateko eta naturaz gozatzeko”.
Allozko urtegiko jarduerak askotarikoak izan arren, Irantzuko lurretako beste azpiegiturak ere profitatu dituzte, bestelako eskaintzak proposatzearren. Esaterako, Jaitzeko gatzagetan bisita gidatuak egingo dira. Nafarroan martxan dagoen iturburu naturaleko gatzaga bakarra da, eta, Apestegiak azaldu duenez, bisitariek gatza ekoizten eta ateratzen ikasiko dute: “Itsaso Hilean baino gatz gehiago dago ur hauetan, eta turistek bertan sartzeko aukera izango dute gatza bildu ostean”.
Enoturismoari dagokionez, bodegetara bisita gidatuak egiteko aukera egongo da. Bodega bakoitzak zenbait aukera eskaintzen ditu. Lezaungoan, adibidez, zaldien gurditxoan mahastietan zehar ibiltzeko parada izango da. Prezioei dagokienez, helduek 10 euro eta umeek 5 euro ordaindu beharko dute ibilaldi hori egin ahal izateko. Horrez gain, segway-an ibili ondoren ardo dastatzea egiteko okasioa ere izango da.
Sukaldaritza gustatuz gero, hainbat gaztandegitara joateko aukera ere ematen dute Irantzuko enpresek. Han bertan ekoizten dute gazta, eta nola egiten den ikas daiteke. Baita artzain bizitza nolakoa den ikusi ere. Kultur arloan ere aukera ugari daude, hainbat monasterio eta eliza erromaniko baitaude inguru horietan.
Irantzuko Lurrak turismo elkarteak antolatu dituen jarduera guztiak uda guztian eskuragarri izango dira. Apestegiaren hitzetan, “natura eta turismoa uztartzeko aukera paregabea da”.