Dantzaren jatorriaren bila

Urtero bezala, Lesakako herritarrek oso egun berezia ospatuko dute etzi. Egun osoko egitarau oparoan, ekitaldirik garrantzitsuena zubigainekoa izango da. Napoleones martxaren laguntzarekin, hamabost ezpata dantzari azalduko dira Eskol-ttiki ingurura. Han pertsona ugari begira dituztela, Onin ibaiaren ertzeetako petriletan aurrera eta atzera dantzan ibiliko dira.

Uztailaren 7an egiten diren dantzen jatorria zehazki noizkoa den jakin ez arren, dokumentu historikoen arabera XV. mende ingurukoa dela erran du Egoitz Telletxea Lesakako historialariak. “Garai hartan urriko jaiez gain, sanjoanak eta sanmartinak ospatzen ziren Lesakan, lehenak izanik garrantzitsuenak”.

Rafael Eneterreaga Lesakako historiaren zaleak jakinarazi duenez, “San Joan egunean gaur egungo uztailaren 7an egiten den dantzaren oso antzekoa dantzatzen zuten herritarrek”. Garai hartan, Onin ibaiak bereizitako bi auzo zeuden Lesakan, Julio Caro Barojaren idatzietan azaltzen denez. Errekaren ibilbidea jarraituz, ibaiaren eskuineko aldea Legarrea zen, eta ezkerrekoa, berriz, Pikuzelaia. Mairuen eta kristauen auzoak ziren, hurrenez hurren.

“Goizean Matxain etxean gosaldu ostean, mairuak eta kristauak Salbatore ermitara joaten ziren meza entzutera. Eneterreagak gaineratu duenez, Salbatoretik bueltan, mairuek errekara botatzen zituzten kristauak, eta euren txapeletatik elkarri ura botatzen zieten.

Horren ondoren, herritarrak errekatik plazara joaten ziren, eta handik, dantzariak egun makil-gurutze modura ezagutzen den doinua dantzatuz elizara joaten ziren. Behin meza nagusia amaituta, bi ilaretan itzultzen ziren Eskol-ttikira, eta han zubigainekoa dantzatzen zuten, nahiz eta petrilik ez zegoen.

Uste okerrak

Eneterreagak erran duenez, askok uste dute Legarrea eta Pikuzelaia auzoen artean gerra zegoela XV. mende inguruan, eta zubigainekoa bakea sinatu ondoren egiten hasi zirela. “Baliteke auzokoen artean eztabaidaren bat edo bertze izatea, baina ez zen inolako gerrarik egon”. Dirudienez, gerraren kondaira hori 1940. urte inguruan asmatu zuen lagun talde batek afari batean. Ordutik bertsio hori zabaldu da gehien Lesakako herritarren artean. Areago, oraingo dantzari batzuek ere bake ituna egon zela uste dute. Hala ere, “Lesakako Udaleko aktetan ez da inon bake itunik azaltzen, ezta gerraren berri ematen duen idatzirik ere”.

Antza denez, 1411n eta 1444an Gaztelaren aurkako batailak egon ziren Lesakan. Horren harira, Lesakako hainbat gazte Nafarroan zehar ibili ziren gerran. Sorterrira itzultzean, hainbertze istilurekin nazkatuta, bakean bizi nahi zutela erran zuten. Ordura arte mairuek beren auzoko aldean dantzatzen zuten, eta kristauek, berriz, beste aldean. Baina, Eneterreagaren hitzetan, “gertakari hori ospatzeko, urte horretan alderantziz egin zuten, hots, mairuek kristauen aldean —Pikuzelaian— dantzatu zuten, eta kristauek mairuen aldean —Legarrean—, erdian Lesakako bandera zutela”.

Eneterreagak adierazi duenez, ezpata dantzari izena 1727ra arte ezpatekin dantzatzearen ondorioz sortu zen. “Errekan elkarri ura botatzeaz gain, mairuak eta kristauak ezpatekin borrokan ibiltzen ziren jolasean. Baina urte horretan Pedro Gamio eta Jose Lantz ito egin ziren, eta ordutik armak debekatu eta makilak erabiltzen hasi ziren”. Eneterreagak gaineratu du Lesakako zenbait dokumentutan makil dantzariak azaltzen dela ezpata dantzariak azaldu beharrean.

Egoitz Telletxearen esanetan, “dokumentu historikoen arabera, Lesakako herritar batek beste bati begia atera zion, edanda zegoelako”.

Gaur egun ere XV. mendean bezalatsu dantzatzen dute zubigainekoa, eta bandera ere lehen bezala astintzen dute. Zubiko saioa amaituta, plazara joaten dira, eta han beste saio bat egiten dute. Goizeko ekitaldian mutilak bakarrik aritzen badira ere, arratsaldean neskek ere parte hartzen dute.

San Fermin egunean dantzatzen duen hamabost ezpata dantzarietako bat da Xabier Maritxalar. “Uztailaren 7a urduritasun puntu batekin baina ilusio handiarekin bizitzen dut”, dio. Proba saioetan hemezortzi gazte inguru aritzen dira. Horietatik zenbait San Fermin egunean atera ez arren, dantzak bertzerik gabe ikasteko joaten dira. Beti ere, hurrengo urteetan ezpata dantzari izateko itxaropenez.

Ezpata dantzariren batek gehiago ez dantzatzea erabakitzen duenean, hamabost dantzarien artean aukeratzen dute ordezkoa. Maritxalarren esanetan, “normalean, proba saioetan denbora gehien daramana eta aldi berean adinean zaharrena dena izaten da lekukoa hartzen duena”. Bertzalde, Maritxalarrek onartu du zubiaren gainean dagoenean “erabat” kontzentratuta egoten dela, baina jendearen animoek “motibatu” egiten dutela. “Azken finean, ikuslerik ez balego, dantza ez litzateke gauza bera izango”.