“Bideoa Esako urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu “

Eguzki Bideoak-eko kidea da Laura Berro (Iruñea, 1986), eta buru-belarri dabil proiektu berri batekin: Esako urtegiaren handitze lanen kontrako dokumentala martxan jartzen. Izan ere, aurreko astean lortu zuten bideoa finantzatzeko behar zuten aurrekontua, finantzaketa kolektiboaren sistemari esker. René Petiten amesgaiztoa deitzen da lana, eta orain hasiko dira filmatzen; bost hilabete barru, dokumentala prest izatea espero dute.

Nor zen René Petit, eta zein zen haren amesgaiztoa?

Esako urtegia diseinatu zuen ingeniaria da. Haren amesgaiztoa urtegia handitzea zen; handitzea oso arriskutsua litzatekeela zioen. Eta, hala ere, egun handitzen ari dira! Ez al da ironikoa? Oso esanguratsua iruditu zitzaigun hark handitzearen kontra egitea, eta hori baliatu dugu dokumentalaren izenburu gisa.

Nola sortu zen proiektua?

Dokumentala egitea Esa+Ez eta Rio Aragon plataformei bururatu zitzaien, eta ideia ona zela pentsatu genuen guk ere. Arazoa zera izan zen: ez genuela dokumentala finantzatzeko dirurik.

Orduan, finantzaketa kolektiboa erabiltzea bururatu zitzaizuen.

Bankuari ez genion mailegurik eskatu nahi; maileguek bankuarekiko esklabotza harremana izatera behartzen zaituzte. Beraz, finantzaketa kolektiboa oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun.

Nola funtzionatzen du finantzaketa kolektiboaren sistemak?

40 egun baino ez dauzkazu beharrezko dirua lortzeko. Denbora tarte horretan ez baduzu lortzen aurreikusitako kantitatea, dena galtzen duzu. Guk 14.000 euro eskatu genituen René Petiten amesgaiztoa aurrera ateratzeko.

Finantza kolektiboa bukatzeko 25 ordu baino falta ez zirenean bildu zenituzten 14.000 euroak. Lortuko ez zenutelako beldur zineten?

Lortzeko esperantza geneukan, bilketaren azkenengo egunetan 14.000 euroak lortzeko diru gutxi falta zitzaigun eta. Lehenengo eta bigarren asteetan, erraza da jendeak dirua ematea: gaia pil-pilean dago, eta gaurkotasun handikoa da. Hirugarren astean sufritu genuen gehien, astebetean ez ziguten kasik dirurik eman. Laugarren astean, baina, hobera egin zuen: Esaren kontrako manifestaldia egin zen, eta Casas geologoak handitzearen kontra esandakoek ere asko lagundu ziguten.

Azkenean, 284 mezenasek 14.860 euro eman dizkizuete. Horiek zer lortzen dute proiektua babestuz?

Emandako diru kopuruaren arabera, hainbat abantaila dauzkate: dokumentalaren afixa, DVDa, Eguzki Bideoak-en bideo sorta… Horretaz aparte, mezenasak proiektuaren parte sentitzeko aukera dauka. Jendeak diruaz gain, ilusioa ere ematen du.

Nolakoa izango da dokumentala?

Urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu. Ikus-entzunezko obra deigarria sortzea aurreikusi dugu. Thriller moduko bat grabatzea da hasierako ideia; pertsonaia batzuen ikuspegitik, bideo ulergarri eta entretenigarria egitea. Ez dugu argudiatze zurrun, hertsi eta aspergarri bat nahi, baizik eta dokumental dinamiko bat.

Zein da bideoaren helburua?

Helburua jendearengana heltzea da; gaia ezagutzen ez dutenengana ere iristea. Aragoin gaia asko landu da, izan ere, lur desjabetzeak egin dira, eta gatazka handia sortu da. Nafarroan, ordea, ez da gaiari buruz asko hitz egin, eta eztabaida piztea nahi dugu.

Eta behin dokumentala grabatu eta gero?

Esako urtegiaren inguruko herrietan bistaratuko dugu. Bideoa arazoa gizarteratzeko tresna izateko asmoa dugu. Ezkutuko errealitate baten bozgorailu izan nahi du dokumentalak; administrazioak isildutako gatazka baten isla.

Obrak hasiak dituzte. Oraindik geldiaraz daitezke handitze lanak?

2001etik ari dira obretan, eta aurreikusitako aurrekontua baino %300 gehiago gastatu dute. Handitze lanak geldiaraz daitezke; borroka irabazteke dago.