Castejonek 1936an hildako bizilagunak omenduko ditu

Castejongo herritarrek ez dute ahaztu nahi. Horregatik, datorren astea hartuko duen egitaraua antolatu dute hainbat elkartek, 1936. urtean hildako bizilagunak omentzeko. Zehazki, Valentin Plaza Auzolagunen Elkartea eta Lau Bide kultur elkartea aritu dira atzo hasi eta hilaren 20ra bitarte iraunen duten ekitaldiak prestatzen. Castejongo Udalaren laguntza ere izan dute.

Valentin Plaza elkarteari, hain zuzen, herriko alkate izandakoak eman dio izena. 1936. urtean hil zuten Plaza, Alfaron (Errioxa, Espainia). Haren aita Salustiano Plaza ere atxilotu eta fusilatu egin zuten. Tuterako hilerrian lurperatu zuten haren gorpua.

Valentin Plaza Auzolagunen Elkartea 2006. urtean sortu zen, memoria historikoaren arloan urratsak egiteko. Egunotarako Lau Bide kultur elkartearekin batera eta udalaren laguntzaz antolatu duten egitaraua da lan horren adibide.

Gaur, hain zuzen ere, memoria lantzeko, Koldo Plak hitzaldia eskainiko du Castejongo Kultur Etxean, 19:30ean. Ezkabako gotorlekuko hilerriaz ariko da Pla. Gotorlekuan hildako hamaika presoren gorpuak lurperatu zituzten han.

Astelehenean, berriz, toki berean, argazki erakusketa zabalduko dute, hilaren 21a bitarte. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak prestatutako erakusketa da, eta 1936ko gerraren ondorioz hildakoen inguruko isiltasuna apurtzea du helburu.

Frankismoak preso hartutakoen errelitatea ere ezezaguna da herritar anitzentzat. Lan egitera behartu zituzten, baldintza hagitz kaskarretan. Castejonen, trenbidea eraikitzen aritu behar izan zuten. Haien egunerokoaz eta bizi izan zutenaz mintzatuko da Fernando Mendiola historialaria herri horretako museoan, hilaren 18an, 19:30etik aurrera.

19an, berriz, memoria historikoari buruzko dokumentala emango dute, Castejongo Museoan, 19:30ean.

Plaka, hildakoen omenez

Hilaren 20rako, hainbat ekitaldi prestatu dituzte omenaldiaren antolatzaileek. Batetik, 11:00etan, plaka jarriko dute herriko etxearen eraikinean, 1936ko gerran hildakoen eta zigortutakoen omenez.

12:00etan, Sarasate kultur zentroan, fusilatuen senitartekoei ongietorri ekitaldia eginen diete, memoria historikoaren arloan egiten duten lana eskertzeko. Gero, 14:30ean, bazkaria eginen dute. Kontzertu batekin amaituko dituzte eguneko ekitaldiak.