Iritzia: Beste egun handi bat baino ez

Saioa Alkaiza

Egun handia da biharkoa, mugarri bat, data historikoa, hain zuzen ere. Batzuei ETAren armagabetzea etorriko zitzaien burura esaldi hori irakurri duten une berean, Baionako ekitaldia eta bakearen artisauak deritzen dituzten horien ekina, gizarte zibilaren esku hartzea. Bake Bidea mugimenduko presidente Anaiz Funosasen hitzetan, haiei baitagokie orain datorrena: “Guri doakigu behar diren bermeak sortzea, eta armagabetze horrekin gatazka honek sortu dituen ondorio guztiei aterabidea ematea”. Askoren buruan egonen da, beraz, biharkoa, eta askoren barrenean ere biharkoa gorpuzteko beharra.

Baina egun handia esatean, Nafarroako Bertsolari finalaren zain daudenek Anaitasuna kiroldegiko oholtza imajinatuko dute, eta lehen zortziko handiko ariketaren estutasuna eta mainontzikeria pasatu osteko lehenengo arnas sakona edota, behin saioa amaituta, izanen duten gorputzaldia. Biharkoa irudikatuta kakeriak jota izanen dira batzuk, nerbioak dantzan edo euforia zainetan.

Eta biharkoa data seinalatua izanen da Korrikaren zain egonen diren euskaltzale guztientzat. 04:49an, Ikaztegietan, kirol zapatilak jantzi eta, giroak ez lagunduta ere, lokarriak estutu eta maldan gora abituko den horrentzat, zein 23:41ean Bakaikun furgoneta koloredunaren zain egonen denarentzat ere. Urte osoan kirol arroparik jantzi ez eta, euripean egonda ere, bihar aterako direnentzat: seme-alabek euskaraz ikasteko ahalegina egin zuten guraso erdaldunak, ofizialtasuna aldarrikatzen dutenak, eta ttipittapa bakoitzarekin emozionatzen direnak. Horientzat denentzat ere kolosala izanen da biharkoa.

Egun handia, bihar lana uztea erabaki duenarentzat; bikoteari “beste bat (ere) maite dut” esatea hautatu duenarentzat; armairutik irtetea erabaki duenarentzat; asanbladan botere harremanak daudela salatzea deliberatu duenarentzat.

Egun handia izanen da, halaber, lehenengo aldiz zuloan ez dagoela konturatu denarentzat; zuloan dagoela bere buruari onartu dionarentzat; kartzelatik aterako denarentzat; egonean egotea erabaki duenarentzat edota ez egotea erabaki duenarentzat; euskalduntze prozesua abiatuko duenarentzat; gustuko duen horrekin lehendabizikoz elkartuko denarentzat; bere buruari borde izaten baimenduko dionarentzat; inolako lotsarik gabe dantzan hasiko den horrentzat; galdutako lagun horrekin nostalgiarik gabe kafe bat hartuko duenarentzat; pisuz aldatzea erabaki duenarentzat; zoriontsu ez bada ere, behingoagatik konformatzeko aukera egin duenarentzat; eta ohiko egun bat ere egun handia izan daitekeela argi ikusi duenarentzat.

Zeinek erabakitzen ote du zer den mugarri bat, zein den letra larriz idatzi beharreko eguna? Egutegietan markatu beharrekoa? Bost zutabetara titulatzekoa?

Nork zehazten ote du egunago zerk egiten duen egun bat edo beste? Denok ote gara egun handi horietako protagonista? Eta inoiz txikitasunak beteko al ditu titularrak?