“Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da”

Nafarroako Autismo Elkartea iaz sortu zen, sindrome hori duten umeei laguntzeko asmoz. Umeek kurtsoan egindako lana garatzeko eta geldialdirik ez izateko, udako eskola martxan jarri dute bigarrenez. Elkarteko gizarte langilea da Paula Rodriguez (Iruñea, 1986), eta beharrezkotzat jo du errutina mantentzea.

Zer-nolako harrera izaten ari da udako eskola?

Arrakasta izan dugu bai umeen artean eta bai boluntarioen artean ere. Uda aurrera joan ahala gero eta ume gehiago azalduko diren arren, oraingoz berrogei ume inguru daude apuntatuta. Boluntarioei dagokienez, ehun baino gehiago ditugu jadanik. Gutxienez, bi aste egoten da boluntario bakoitza, eta, ondoren, norberak erabakitzen du lanaldia luzatu edo ez.

Zer egiten dute boluntarioek?

Elkarteko psikologoek uda hasieran prestatu eta trebatu zituzten boluntarioak. Prestakuntza ikastaroak astean bitan egiten ziren, egun bakoitzean hiru orduko eskolak jasoz. Bertan, elkarteak zein metodoren bidez lan egiten duen erakutsi zitzaien, jarraibide edo eredu batzuk emanez. Eskolaren barruan, boluntarioak umeen parte-hartze planean sartzen dira. Azken finean, autismoaren mundua asko aldatzen da kasu batetik bestera, eta guztiak hartu behar dira kontuan.

Nola dago osatuta eskola?

Sei ikasgela egongo dira uda guztian. Bakoitzean, autismoan espezializatutako tutore psikologo bat dago, zaintzaile batekin batera. Horrez gain, ume bakoitzak bere boluntarioa dauka. Tutoreak esku-hartze plana egiten du, plan bakoitza pertsonalizatua izanik, umearen araberakoa. Boluntarioaren eginbeharra plan hori behar bezala gauzatzen laguntzea da, ezarritako helburuak bete ahal izateko.

Zein izaten da umeen egunerokoa?

Eskola 09:00etatik 14:00etara egoten da, astelehenetik ostiralera. Goizean tutoreak, zaintzaileak eta boluntarioak umeen bila jaisten dira, eta ikasgelara joaten dira. Boluntario bakoitzak ume batekin lan egiten du, eta haurren autonomia lortzen saiatzen dira. Iritsi bezain pronto, guztiak borobilean jarri, eta elkarrekin abesten dute, ongietorria emateko. Horren ondoren, ume bakoitza bere lan mahaian jartzen da, eta hor bakoitzak bere eginbeharrak izaten ditu. Horrez gain, aurten soinketa sartu dugu, ume batzuek mugitzeko arazoak baitituzte. Umeen garapenera bideratutako jolas orduak ere badituzte.

Umeen urrats txikiek poztasun handia sortuko dute, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz, esaterako, bazeuden ume batzuk hasieran irribarrerik egiten ez zutenak, eta irribarretsu atera zirenak udako eskolatik; beste batzuek, berriz, ez zuten inolako produkzio fonologikorik, eta hotsak egiten ikasi zuten. Azken finean, ume horien egunerokotasunean ikusten diren urratsak zoragarriak dira denontzat. Lan handia egin behar da, baina lortutako emaitzek indarrez eta ilusioz betetzen gaituzte. Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da. Behin barruan egonik, oso aberasgarria da umeen garapena eta egindako lana ikustea.

Eskolaz gain, piktogramen inguruko proiektu bat duzue esku artean.

Bai, Iruñea osoan zehar seinaleak jartzeko asmoa dugu, ume autistek hiriko eraikinak identifika ditzaten. Normalean, eraikina zein den esanda ez dute ulertzen, baina, eraikin horren irudi bat ikusiz gero, berehala identifikatzen dute. Egia esan, proiektu horrek oso harrera ona izan du orain arte. Dagoeneko 80 bat eraikin pribatuk eman digute baiezkoa. Hasiera batean, egitasmoa Iruñera mugatzea pentsatu genuen, baina, Nafarroako Gobernuan aurkeztu genuenean, Nafarroa osora zabaltzeko proposamena egin ziguten. Hasieran zaila egiten ari zaigu, baina pixkanaka bere fruituak ematen ari da. Areago, uste genuen baino emaitza hobeak izan ditu gure asmoak.