Ia hiru urtean aritu da Enara Insausti komunikazioan aditua (Arbizu, 1980) Sakanako euskararen gaineko testigantzak biltzen Sakana euskara bidean dokumentalerako. Eskualdean euskararen egoera era askotakoa dela dio. Historiako gertakari garrantzitsuek, tartean 1936ko gerrak, hizkuntza ohituretan zuzenean eragin dute. Insaustik aldarrikatu du Sakanan euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartu behar direla.
Sakana, euskara bidean dokumentalaz arduratu zara. Nola aukeratu zenituen elkarrizketatuak?
Denera, 22 pertsonak hartu zuten parte 20 elkarrizketatan. Proiektuaren lehenengo atalean, elkarrizketatu genituenak 65 urtetik goitikoak ziren. Sakanako herri bakoitzean euskaldun bat lortzen saiatu ginen. Muga adina zen. Bigarren txandan, berriz, elkarrizketak egiteko jende gazteagoa behar genuen, euskalkia zekien jende gaztea. Arruazun bakarrak hitz egiten zuen euskalkia.
Besteak beste, dokumentalean hizkuntza ohiturak aztertu dituzue. Ezberdintasunik bada zaharren eta gazteen artean?
Euskararen erabilera ezberdina da adinaren arabera. Altsasun oso nabarmena izan zen, 1936ko gerraren errepresioaren eragina oso indartsua izan zelako. Era berean, hurrengo urteetan, kanpoko jende ugari etorri zen Sakanara bizitzera. Horrek ere eragin zuzena izan zuen hizkuntza ohituretan. Bestalde, gaur egungo gazteek, Altsasun esaterako, euskalkia guztiz galdua dute, euskara batua soilik ezagutzen dute.
Herri guztietan euskalkiaren iraunkortasuna bera izan da?
Oso desorekatua da Sakana alde horretatik. Esaterako, Uharte Arakilen eta Irurtzunen Altsasun baino lehenago galdu zen euskalkia, nahiz eta oraindik bakarren batek hitz egiten duen. Irañetan, bestalde, mantendu zen; akaso, alor horretan hor dago muga. Beste aldera joanez gero, Urdiain da muga. Izan ere, Olatzagutian orain dela urte batzuk hil zen euskalkia hitz egiten zuen azkeneko laguna.
Hizkuntza ohituretan belaunaldien artean saltorik bada?
Zalantzarik gabe. Baina zenbait herritara joanez gero, emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasuna nabaria da. Bakaikun emakumeek lehenago galdu zuten euskaraz hitz egiteko ohitura. Urdiainen, 30-50 urte bitarteko emakume gehienek beren artean gaztelaniaz hitz egiten dute.
Zergatik aldatzen da egoera hainbeste herri batetik bestera?
Arbizuren kasuan, adibidez, apaiz euskalduna tokatu zen, eta izugarrizko indarra egin zuen euskara mantentzeko garaian.
Euskara mantentzeko proiektu berezirik jarri behar dela uste duzu?
Uste dut beharrezkoa dela. Jendea ari da hizketan, zerbait egin behar delako. Haurrek ere joera hartu dute, Arbizun esaterako, gaztelaniaz egiteko. Gainontzeko herrietan, dokumentalean aipatzen da, askok uste zuten ikastolak iristean euskaldunduko zirela haurrak, eta ez da horrela izan. Arbizun ez dute hitz egin inoiz gaztelaniaz, eta orain hitz egiten hasi dira. Beraz, zerbait egiteko beharra dago.