“Autismoa eta Downen sindromea dutenen dohainak elkartu nahi ditugu”

Ia sei urte dira Andoni Zilbeti (Iruñea, 1978) Motxila 21 taldeko kidea dela. Gitarra elektrikoa jotzeaz gain, taldeko furgoneta gidaria ere bada. Londresko The Autistix taldea maiatzean izan zen Euskal Herrian. Orduan bi taldeen artean sortutako harremanari esker, abuztuaren 26an Londresa joango dira Iruñeko taldekoak. Hango bizipenak dokumental batean jasoko ditu Iñaki Alforja zinemagileak.

Laster Londresen izango zarete hainbat kontzertu eskaintzeko. Nola sortu da hara joateko aukera?

Truke kontua izan da. Maiatzean, The Autistix taldeko kideak etorri ziren. Autismoaren sindromea duten bost musikarik osatzen dute talde hori. Haiekin ere boluntarioak aritzen dira. Proiektu bat jarri genuen martxan, truke hori gauzatu ahal izateko. Hala, haiek Euskal Herrian izan ziren maiatzean, eta guk bisita itzuliko diegu abuztu amaieran.

Nolakoa izan zen Euskal Herriko bisita?

Zoragarria izan zen. Herri askotan eman genituen kontzertuak The Autistixekoekin; tartean, Getarian (Gipuzkoa), Iruñean eta Durangon (Bizkaia). Horrez gain, hitzaldi batzuk ere eman genituen. Azken finean, hainbat alorretan elkarrekin egin nahi genituen gauzak egin genituen.

Nolakoa da bi taldeen arteko harremana?

Handik hona etorritako jendearekin oso harreman ona izan dugu. Interneti esker, kontaktuan jarraitzen dugu, eta oso adiskidetasun polita lortu dugu. Hala ere, egia da hizkuntza askotan arazo handia dela. Nahiz eta ez dugun ongi ulertzen, aurrera egiten dugu.

Zein da Londreserako duzuen plana?

Abuztuaren 26an irtengo gara Londresera bidean, eta irailaren 1a bitarte egongo gara. Haiek guretzako programa berezi bat prestatuko dute. Besteak beste, Picadilly Circus eta Camden Townen joko dugu. Horrez gain, turismo apur bat egiteko ere aprobetxatuko dugu bidaia. Autismoa eta Downen sindromea dutenen dohainak elkartu nahi ditugu, batera gauza politak egin ahal izateko.

Iñaki Alforjak zuen bidaiaren inguruan dokumental bat egitekotan da.

Hala da. Iñaki Alforjak Motxila 21 taldearen inguruko dokumental bat egin nahi zuen. Besteak beste, taldearen bizitza islatu nahi du, eta kide bakoitzari elkarrizketa egitekotan dela uste dut. Verkamin sistemaren bitartez proiektua finantzatzeko aurreikusitako 12.000 euroak lortu ditu. Beraz, gurekin batera joango da Londresera Motxila 21, London Tour (Motxila 21, Londresko Bira) dokumentala grabatzera.

Bidaia zuen poltsikotik ordainduko duzue?

Europako Batasunak ematen duen diru laguntza baten bitartez lortu dugu bidaia egin ahal izateko dirua. Horri esker, posible izango da gure lehenengo esperientzia atzerrian. Izan ere, Euskal Herriko txoko askotan jo izan dugu, baina ez gara inoiz talde gisa atzerrian izan.

Zenbat lagun joango zarete Londresa?

Oraingoz, ez dugu zenbatekoa erabat zehaztua, baina pentsatzen dut taldeko kide guztiak joango garela. Horrez gain, ziurrenik ere gurasoek etorri nahiko dute. Taldekideak 23 gara, eta gurasoekin 30-35 bat izango garela pentsatzen dut. Lana dugu dena ondo antolatzen. Horrelako talde handi batentzat ostatuak-eta hartzea ez da batere erraza. Gainera, taldean baditugu zeliakoak, diabetikoak… Faktore asko hartu behar izango ditugu kontuan.

Taldekideak urduritzen hasi dira?

Londresera joateko aukera genuela jakin genuenean jarri ginen apur bat urduri. Kontzertu pila bat eman ditugu, eta, oraingoz, lasai gaude.

Errepertorio berezirik prestatu duzue?

Printzipioz, azken urteetako kontzertuetan jotzen ditugun abestiak jotzea daukagu aurreikusia. Hala ere, sorpresatxoren bat izan daiteke, nork daki.