Potasaz beteriko ingurua da Erreniegakoa (Nafarroa). Hainbat meategi izan dira han azken urtetan, egun denak itxita dauden arren. Orain, beste meatze bat ireki nahi du Geoalcali enpresak, eta potasaren kalitatea neurtzeko zundatze lanak hasi ditu Gendulaingo eta Biurruneko sailetan duela zenbait egun. Proiektuarekin arduratuta azaldu dira inguruko herritarrak, eta salatu dute oso informazio gutxi dutela. Undioko herria areago joan da kritikan; ez du Erreniegan meategirik nahi, eta debekatu egin du Geoalcalik bere lurretan ikerketa lanak egitea. Diotenez, proiektuak eragin kaltegarriak izan ditzake naturan eta biztanleen bizi-kalitatean. Martxan jarri aurretik ere, zeresan handia sortu du meatokiak. Osotara, Erreniega inguruko 42 herritan izan lezake eragina.
Australiako Highfield Resources Limited enpresaren adar bat da Geoalcali. 2011n sortu zen, eta oraindik ez du meategirik eraiki. Erreniegakoa da abian jarri nahi duen egitasmorik garrantzitsuena. 2011n eskatu zuen eremu hori ikertzeko baimena, eta orduan argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Orain, ikerketa lanen kontrako helegiteak aurkez zitezkeen, baina inork ez zuen aurkako iritzirik eman. Blanca Vazquez Undioko alkateak salatu du “oharkabean” pasatu zela ikerketa eskaera.
Meategiaren aurka egin zuen lehenengoetakoa izan zen Vazquez. Undion, zundatzeak egin behar zituztela entzun, eta hasi aurretik geratu zituen. “Guk ez dugu nahi zundatze lanik egiterik, argi dugulako ez dugula meategirik behar”, esan du. Erreniegan, Potasas de Navarra konpainiak hainbat meatze ustiatu zituen 1963tik 1986ra arte. Geroztik, meatokien oroitzapen “oso txarra” daukate Undion, Vazquezen arabera. “Lurrikarak entzuten ziren, eta lurrak dardara egiten zuen. Etxeetan arrakalak irekitzen ziren, eta zuloak azaltzen ziren bide eta soroetan”, dio. “Pentsa, apalategietatik platerak erortzen ziren!”. Horregatik, berriro lehengoa gertatuko den beldur, udala ez dago prest proiektu berria onartzeko. Gainera, otsailaz geroztik 400 lurrikara inguru izan dituzte Erreniegan, eta uste dute meatoki berri batek lur astinaldiak areagotuko lituzkeela.
Geoalcali enpresatik “neurriz gaindiko kezka” ikusten dute. “Oraindik, hasierako fasean dago proiektua, ez dakigu meatokia eraikiko dugun ere”, argitu du Jorge Txokarro Geoalcaliko barne komunikazioko arduradunak. Aurten, zundatzeak egingo dituzte, eta hurrengo urtean ikertuko dute potasa. Beraz, eraikitzekotan, 2015ean egingo lukete meatzea. Ustiapena 2016an hasiko lukete. “Ez diegu zundatze lanei gehiegizko protagonismorik eman nahi, izan ere, goiz da oraindik proiektuarekin zer pasatuko den jakiteko”, adierazi du Txokarrok. Undioko alkateak, baina, kontrakoa uste du: “Oso goiz denez, oraindik bada proiektua gelditzerik, eta, akaso, aurrerago ez da atzera bueltarik egongo”.
Undioko herritarren eta enpresaren artean sortutako ika-mika konpontzeko asmoz, udalak eta enpresak bilera egin zuten, uztailaren 19an. Azkenean, akordio bat lortu zuten: Geoalcalik ez du zundatzerik egingo Undion. Enpresa ados dago erdietsitakoarekin. “Undion, aurka azal daitezke, eskubide osoz. Guk ere ondoko herrietan ikerketa eskubide osoz aztertuko dugun bezala”, esan du Txokarrok. Vazquez, kontent dagoen arren, “erdibideko” konponbidetzat jo du adostutakoa. “Undion ez, baina ondoko herrietan eraikitzen badute, berdin-berdin egingo digu kalte”, esan du.
Meatzearen kontra, batera
Ondoko herriak informatu eta jarrera bateratua adostu nahi du Undioko Udalak, denen artean proiektuari kontra egiteko. Abuztuaren 22an egin zuten herrien arteko lehen batzarra. Hara, Erreniega inguruko hainbat udaletako alkateak joan ziren. “Meatze egitasmoaren berri izan zutenean, denetariko jarrerak izan ziren. Asko harrituta geratu ziren. Ez zekiten deus egitasmoaren inguruan. Gehienak haserre zeuden”, dio Vazquezek.
Batzuk informatzeko baino ez ziren joan; beste batzuk, aldiz, kontra zeudenen artean jarrera komun bat adosteko. Oraingoz, proiektua begi onez ikusten ez dutenek testu bateratu bat idatzi nahi dute. Vazquezek ontzat jo du elkarlana: “Batera bakarrik baino askoz gauza gehiago lor ditzakegu”. Dena den, batasun falta egonez gero, Undiok bakarrik segituko luke meategiaren kontra. “Bakarrik edo besteen laguntzaz, baina meategiari kontra egiten segituko dugu”, nabarmendu du.
Zundatzeak egiteko ikerketa lizentziek ere sortu dute polemika: Nafarroako Gobernuak emandako ikerketa baimena dauka enpresak, baina ez dauka udalena. Vazquez minduta dago Geoalcaliren jarrerarekin: “Legediari ez diote bat ere kasurik egiten”, esan du. Txokarro Geoalcaliko ordezkariaren hitzetan, enpresak ez zekien gobernuaren onespena izanda herrien baimena ere behar zuenik. Azaldu duenez, orain zundatze guztietarako eskatuko dituzte udal lizentziak, “beti”.
Vazquezek Gendulaingo zundatzean gertatutakoa ekarri du gogora. Enpresak baimenik gabe egin zuen zulaketa, eta Zizurko Zendeak gunea itxi zuen. Hala ere, langileak bertaratu, eta berriz ere, ikerketa gunera sartu ziren, debekuari jaramonik egin gabe. Undioko alkatea arduratuta dago egoerarekin. “Nafarroako Gobernuko baten batek enpresa honen ekinbideak gainbegiratu beharko lituzke, baina ez du egiten inork”, dio. Txokarrok, ordea, ziurtatu du zundatzeak legeak ezarritako mugen barruan egiten dituztela “anbiguotasunik” eta “joko zikinik gabe, gardentasunez”.
Kontrolik gabeko zundatzeak
Jada lau zundatze egin dituzte: hiru Gendulainen eta bat Biurrunen. Vazquezen arabera, zundatzeak ez dituzte baimendutako “leku jakinetan” egiten. “Toki jakin batean egin beharko lituzkete, baita sakonera jakin batean ere”, esan du. Ordea, horrela ari ez direla-eta, “haserre” dago alkatea: “Nahi izan duten tokietan egin dituzte zundatzeak. Batzuetan, baimenak zioen tokitik 500 metrotara, eta gehiegizko sakoneran. Horrek ezin du hala izan”. Geoalcalik, ordea, ziurtatu du lan bakoitzerako beharrezko baimena ematen duela. “Zundatze bakoitza egin aurretik, lur saileko jabearen oniritzia izan dugu”, dio Txokarrok.
Meategiak lanpostu “asko” sortuko lituzkeela adierazi du Txokarrok. “Eraikitzekotan, Nafarroari aberastasuna emango dio”, esan du. Vazquezen irudiko, lanpostuak sortuko balitu ere, kaltea handiagoa da eragin dezakeen onura baino. “Ezin dute meategi bat eraiki herrien eta herritarren bizi-mailaren kontura”, adierazi du Undioko alkateak. “Meategi bat, meategi bat da”.