Edurne Elizondo
Mahai gainean ziren bi proiektu bazter utzi dituzte. Ingurumenari kalte egiten ziotelako, herritarrek haien kontra egin dute urte luzez, eta lan horrek eman du fruiturik: batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Zilbetiko Antzeri pagadian ezin izanen dutela harrobirik egin; bertzetik, Espainiako Gobernuak bazter utzi du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean goi tentsioko linea egiteko proiektua. Zilbetiko harrobiari buruzkoa behin betiko ebazpena da; goi tentsioko lineari buruzko erabakiak, berriz, ez du proiektua gauzatzeko atea itxi. Orain arte paperean marraztutako bidea ez dute eginen, baina bertze alternatiba bat prestatzen ari da Espainiako Sare Elektrikoa. Hirugarrena litzateke, Autopista Elektrikorik Ez plataformak bitan lortu baitu, jada, goi tentsioko linea berria egiteko asmoak zapuztea.
“Gorenaren sententziak babestutako naturgune guztiei egiten die mesede”. Horixe nabarmendu du Aldude Koordinakundeko kide Juan Luis Martinezek. 2008. urtetik aritu da Martinez Zilbetiko herritarren egunerokoa erabat baldintzatu duen proiektuaren aurka lanean. Aitortu du “lasaitua” hartu duela harrobia martxan jartzeko egitasmoa behin betiko baztertu eta gero; argi du, halere, atseden hartzeko aukera handirik ez dagoela, zeren, Zilbetiko Antzeri pagadia salbatzea lortu badute ere, bertze hainbat proiektuk mehatxupean baitute, oraindik ere, herrialdeko ingurumena. Martinezek Auritzen silizea ustiatzeko harrobia egiteko proiektua aipatu du, bertzeak bertze. Argi du Zilbetiri buruzko sententziak mesede eginen diela bertze proiektu horien aurka ari direnei ere. “Zilbetiko sententziak jurisprudentzia ezar dezake”, erran du koordinakundeko kideak.
Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren gako nagusietako bat da argi utzi duela nahikoa dela proiektu batek babestutako eremu baten zati bati eragitea, bazter utzi ahal izateko. “Zati bat ukitzen badu, auzitegiak ulertzen du babestutako eremu guztiari eragiten diola”, azaldu du Martinezek. Erantsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak tesi horren alde egin zuela eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin duela.
Hamar urte lanean
Natura 2000 sareak babestutako pagadia da Zilbetikoa; bertzeak bertze, okil gibelnabarraren etxe; legez babestutako espezie bat da hori ere. Magna enpresak 50.000 zuhaitz moztu nahi zituen, halere, harrobia egin eta magnesita ustiatu ahal izateko. Aldude Koordinakundeko kideak izan ditu beti aurka, eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. “Borroka egitea merezi du”, erran du Juan Luis Martinezek.
Ia hamar urteko bidea egin du Zilbetiko harrobiaren aurkako mugimenduak. Autopista Elektrikorik Ez plataformak ere azken hamar urteak eman ditu goi tentsioko linea berriak egiteko proiektuen aurka. Lanean jarraitu bertze erremediorik ez dutela erran du plataformako bozeramaile Alberto Friasek.
Joan den otsailetik, panorama anitz aldatu dela argi utzi du Friasek. Izan ere, urte hasieran plataformak salatu zuen 400 kilowatteko goi tentsioko linea egiteko proiektuarekin batera, Ezkio-Itsaso eta Orkoien artean egun dagoen 220koa berrindartzeko asmoa zuela Espainiako Gobernuak.
Berez, asmo horri eutsi dio Espainiako Gobernuak. Hau da, egungo linea berrindartuko dute, batetik, eta goi tentsioko linea berria eginen dute, bertzetik. “Ez dute orain arteko proiektua eginen, ordea; bertze bat prestatuko dute”, azaldu du Friasek.
Orain bazter utzi duten proiektuari 14.000 alegazio aurkeztu zizkioten 2013ko uztailean. Erantzun ere ez dituzte egin. Kontuan hartu dituzte, ordea, orain arte mahai gainean zegoen proiektu hori hutsean uzteko. “Kontuan hartutako alegazioek ekartzen zuten proiektua modu nabarmenean aldatzea, eta, ondorioz, hutsetik hastea erabaki dute”.
Otsailean jendaurrean agertu eta gero, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Manu Aierdirekin bilera egin dute Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek. Herrialdeko agintarien jokabidea salatu du Friasek, hain zuzen ere, eta informazio argirik ez ematea eta goi tentsioko linea berria egiteko asmoen aurkako jarrera argirik ez hartzea egotzi die. Friasek nabarmendu du proiektuak izan duen bilakaerak argi utzi duela linea berriaren asmoa ez dela herritarrak hornitzea, proiektuak bazter utzi baitu, bide bat edo bertze hartu, Deikaztelun azpiestazioa egitea. “Horrek erakusten du helburua dela argindarra kanpora eramatea”. Negozioa egitea, alegia. Orain arteko proiektua baztertu izana urrats bat da plataformarentzat. Bidea egiten jarraituko du.