Kattalin Barber
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiari erretratua musu truk egin diote Vesarte artista elkarteko kideek. Elkarte horren aburuz, “bidegabekeria handia” da dirua politikari ohien erretratu ofizialetan gastatzea. Javier Orduña (Iruñea, 1978) Vesarteko kidea da.
Ez da lehen aldia Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohi baten erretratua egiten duzuela, eta musu truk ematen diozuela erakunde horri. Zein da xedea?
Vesarte kolektibo artistikoa da. Gu ez gara entretenitu nahi duten artistak, gu artista probokatzaileak gara. Izan ere, arteak, entretenitu baino gehiago, probokatzailea izan behar du. Orain dela lau urte hasi ginen horrelako erretratuak egiten. Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiaren erretratu publikoaren aurka egin genuen. Garai horretan, krisiak gogor jo zuen Nafarroa, eta murrizketak nonahi zeuden. 6.980 euroko gastua zuen erretratu ofizialak, eta, beste bat egin, eta dohainik eman genion parlamentuari. Oraingoan gauza bera salatzen dugu. Ezin dugu onartu horrelako diru xahutzerik. Gastu elitista da politikari ohien koadroak egitea.
Politikarien erretratu ofizialen auziak gizartean eztabaida eragitea nahi duzue?
Bai. Gizarteak ez du honi buruz hausnartzen. Barneratua dugun gai bat da, eta ez diogu jaramonik egiten. Ekintza sinboliko horren bidez, gizartean mugimendua eragin nahi dugu, kontzientzia hartu. Gizartea esna dadin. Azkenean, normaltzat hartzen dugu politikariek dirua xahutzea, baina diru publikoa sakratua da. Euro bat edo milioika euro izan, diru publikoa xahutzea onartezina da. Hortaz, lehendakari ohien erretratuak izozmendiaren punta baino ez dira. Nafarroan adibide asko ditugu: Esako urtegia, AHTa, Navarra Arena pabiloia, Los Arcosko zirkuitua, Sendaviva… Obra erraldoi eta defizitarioak egiten dituzte, eta, gainera, margolan ofiziala nahi dute. Diru publikoaren kudeaketa txarra salatzen dugu.
Nafarroako Parlamentuak erretratua jaso zuen. Erantzunik espero duzue?
Esperoan gaude. Orain ikusiko dugu zer egiten duten, edo zer erantzuten diguten. Horren arabera, eta beharrezkoa bada, ekintza gehiago aurrera eramanen ditugu. Metxa piztuta dago. Gainera, koadroa anonimoa eta herrikoia da. Ekintza honen bidez, ez dugu artistarik sustatzen. Duintasun ekintza bat da berez; zentzuz jokatzea galdegiten dugu. Gure ustez, politikari ohien erretratuak desagertu egin beharko lirateke. Hori lortu ezean, egiten dituzten koadroak politikariek berek ordaintzea eskatzen dugu.
Zer eginen luke Vesarte elkarteak koadroak balio duen diruarekin?
Osasunean, kulturan eta hezkuntzan inbertituko genuke. Hau da, herritarren beharrak kontuan hartuta eta beharrezkoak diren gauzetan. Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiaren erretratuak ez dio inori onurarik ekartzen. Arazoa da beti egin dutelako jarraitzen dutela egiten. Bidegabekeria handia da dirua horrela gastatzea, aintzat hartuta egun badirela premia askoz larriagoak: esate baterako, langabeak laguntzea, kultura sustatzea eta osasun eta irakaskuntza publikoa indartzea.
Bederatzi urte bete dituzue. Zeintzuk dira kolektiboaren helburuak?
Gure oinarria herri artea da. Vesarte gizarte moderno honetan kuantifikatu ezin daitezkeen produktuak sortzeko erreminta bat da. Gaur egun, dena da kontsumoa eta produkzioa. Guk horri ihes egin nahi diogu, eta beste abiapuntu bat hartzen dugu. Artista ez da arte galerian dagoena. Gure ekintzen bidez, nahi dugu herritarrak kalera ateratzea eta erakundeek kendu diguten espazioa berreskuratzea. Izan ere, hori da herri artea: herritarrek egiten dutena. Hori da gure esentzia.
Zirikatzeko eta egungo kontsumo eta produkzio eredua salatzeko sortu zen Vesarte. Fronte asko ditugu, eta helburua beti da artea kalera ateratzea. Performanceak, kontzertuak eta bestelako ekintzak egiten ditugu. Herritarrak elkarrekin aritzen direnean herri proiektuak aurrera eramateko, gizakiaren benetako esentzia ari dira sortzen.
Besteak beste, Musutruke proiektua duzue martxan, eta, horren bidez, doako ikastaroak eskaintzen dituzue. Nola lortzen duzue doan izatea?
Jende asko harrituta gelditzen da gurera etortzen denean. Ez dute ulertzen musu truk eskaintzen ditugula ikastaro guztiak, eta inork ez duela ezer kobratzen. Beste balio batzuk sustatzen ari gara; etekina bestelakoa da. 25 ikastaro baino gehiago ditugu martxan, eta, denera, 700 pertsonak parte hartzen dute. Harreman sare handia egiten ari gara, eta ikastaro batetik beste batzuk sortzen dira. Edonork proposa dezake bere ideia gurean. Gainera, argi izan behar dugu doan izateagatik ez duela zertan kalitate txikiagokoa izan.
Ez duzue inolako diru laguntzarik. Nola finantzatzen da Vesarte?
Joan den urte amaieran ireki genuen gure egoitza, Arrotxapeko sormen gunea. Egun, hamar kideren kuoten bidez lortzen dugu finantzatzea eta sormen guneari eustea. Bertan egiten ditugu ikastaro gehienak. Ez dugu inoiz jaso erakundeen diru laguntzarik, eta ez dugu jaso nahi. Herritarren parte hartzea da gure helburua. Hori da gure zutabe nagusietako bat. Ez dugu inoren menpe egon nahi, eta gure kabuz aritu nahi dugu. Artea, finean, arma gisa erabiltzen dugu.