Udako oporrak amaitzearekin batera, euskaltegiek ireki dute matrikulazio epea. Hilabete amaiera arte eman ahal izango da euskaltegietan izena, tartean AEK eta IKAkoetan. Matrikulazio epea irekita dagoela profitatuta, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak erakundeko kideen izenean euskara ikasteko deia egin du.”Euskaraz bizitzeko abenturari ekiteko garaia da”.
Azken 40 urtean, milaka lagunek ikasi dute euskara Nafarroako euskaltegietan. Lorpen hori AEK eta IKAren ahaleginarekin lotu ditu zuzenean Bilbaok: “AEK-k eta IKAk euskararen berreskurapen-prozesuari egin dioten eta egiten dioten ekarpena zoriontzekoa da”. Gainera, gizartea euskalduntzea herri mugimenduen bitartez erdietsi dela, eta ez Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker jakinarazi du.
Izan ere, enegarrenez, Yolanda Barcina buru den gobernuaren hizkuntza politika salatu du. Izan ere, Bilbaoren irudiko, “jakina da ez Nafarroako Gobernuak, ez eta bere hizkuntz politikak ez dutela euskalduntzen laguntzen; are gehiago, gehienetan gure kontra datoz”.
Helduen zein haurren euskalduntze prozesuan herrialdeko administrazioaren oztopoak hamaika dira. Esaterako, Kontseiluko kide den Sortzen-ikasbatuaz taldeak hamaika aldiz gaitzetsi du Nafarroan euskarak duen zonifikazioa. Izan ere, euskaraz ikasteko eskubideari dagokionean, lehenengo eta bigarren mailako nafarrak daudela dio. Hain justu, politika horren ondorioz, txikitan eskoletan euskara ikasi ezin duten haurrek, heldu bilakatzen direnean euskaltegietara joan behar izaten dute euskalduntzeko.
Ia urte eta erdi igaro da Kontseiluak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin zuenetik, baina ordutik apenas aldatu da egoera. Orduan Bilbaok argi esan zuen: “Nafarroako Gobernuak gutxi eta gaizki gastatzen du euskararen alde”. Salatu zuen, euskarazko hedabideentzako diru laguntzak erabat desagertu zirela, euskaltegietakoak %23 murriztu… Alor horretan Bilbaok tinko adierazi zuen, Nafarroako Gobernuak euskararekin lotutako eremuetan egindako murrizketek arriskuan jartzen dituztela herritar askoren lanarekin eta ahalegin ekonomikoarekin bultzatutako mota guztietako proiektuak, tartean euskaltegienak.
Azken horientzat, aurtengo diru laguntzak aurreikusi ziren arren, oraindik ez dutela deialdirik egin jakinarazi du Joxerra Olano IKAko kideak. Hala, datozen ikasturtean zer gertatuko den ez dakite, ez baitu Nafarroako Gobernuak horren inguruan ezer ofizialik esan. Hala ere, oztopo horiek gainditu, eta orain arte bezala, Nafarroako gizartea euskalduntzeko konpromisoa agertu dute Kontseiluko bi kideek.
Eskaintza pertsonalizatua
Ikaslearen beharretara egokitutako euskara eskolak eskaintzen dituzte bai AEK-ko zein IKAko euskaltegiek. Helios del Santo AEK-ko Nafarroako koordinatzaileak jakinarazi duenez, erabileran oinarritutako metodologia dute. Hala, ikasleek ia lehen eskola egunetik hasten dira euskaraz hitz egiten, nahiz eta hitz gutxi batzuk izan. Nafarroan barrena 25 bat euskaltegi dituzte.
IKAko ikasleek ere, urri hasieran hasiko dute 2013-2014 ikasturtea. Nafarroan Atarrabian, Barañainen, Lesakan, Leitzan eta Iruñean dituzte euskaltegiak. Euskara ikasi edota hobetu nahi dutenei zuzendutako ikastaro bereziak dituzte, batzuk aurrez aurrekoak eta denboraz larriago dabilenarentzat autoikaskuntza deituriko sistema dute.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak argi du euskaraz bizi nahi duten herritarrak gero eta gehiago direla, baina euskaraz bizitzeko euskaldun gehiago behar direla ohartarazi du. Hala, AEK-ko zein IKAko euskaltegiak “leporaino” betetzeko deia egin du, azken 40 urtean nafarrak euskalduntzea lortu bada horiei esker izan delako.