“Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da”

Irailarekin batera hasten da ikasturte berria. Opor luzeen ostean, umeak ikasgeletara bueltatzen dira. Batzuk animatuago, beste batzuk alferrago, baina denek dituzte aurretik bederatzi hilabete bizipenez eta ikasketaz beteak. Umeek baino egun batzuk lehenago irakasleek hasi dute ikasturtea. Eurek ere, opor luzeen ostean lanera bueltatu behar dute. Eskolak hasi baino lehenagoko egun horietan, ikasturte berriko azken xehetasunak lotzen dituzte. Marian Moya (Iruñea, 1984) ingeles irakaslea da Antsoaingo Ezkaba ikastetxean. Lanean hastea beti kosta egiten bada ere, Moyak gogoz hasi du ikasturtea. “Umeekin lan egiten dugu, eta horrek ehuneko ehunean egotea eskatzen du”. Zortzi urte daramatza irakasle lanetan. Irakaskuntzak betidanik erakarri du. “Txikitatik hurbil izan dudan lanbidea da, ama ere irakaslea delako”. Hala ere, unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaian zalantzak izan zituen. Azkenean, Atzerriko Hizkuntzako Irakasle ikasketak aukeratu zituen, eta oso pozik dago egindako aukerarekin.

Moyak Iruñean egin zituen irakasle ikasketak. Ez zuen tutorea izan nahi, nahiago zuen atzerriko hizkuntza bateko irakaslea izan. Ez baita berdina hizkuntza bat edo bestelako materia bat irakastea. Hiru urteko ikasketak ziren irakaslekoak —gaur egun lau urte dira—, eta azkena Ingalaterran igaro zuen Erasmus bekari esker. Oroitzapen onak ditu: “Praktikak hasieratik egin genituen, hainbat eskolatan gainera. Irakasteko egoera oso ona zen, arbela digitala, 16-18 ikasle gela bakoitzean eta irakaslearen laguntzailea”. Duela zortzi urte ezagututako baliabideen falta sumatzen du gaur egun.

Zortzi urte ingelesa irakasten

Ikasketak bukatu eta segituan hasi zen lanean Moya. Irakasle ikasketak bukatzean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerrendetan izena eman zuen, baina lanean hasteko itxaropenik gabe. Ingeles Filologia ikasten hasi zen, eta urtarrileko azterketen ostean deitu zuten ordezkapen bat egiteko: “Matienatik deitu ninduten, ezagutzen ez nuen Bizkaiko herri batetik. Hasieran uko egitea pentsatu nuen, baina deitu ninduenak animatu egin ninduen, eta lanean hasi nintzen”. Matienan aste batzuk eman zituen; gero, Bilbora joan zen; eta hurrengo urtean, Nafarroatik deitu zuten. Berak ikasi zuen institututik, gainera.

Gaur egun, Antsoainen dago Moya. Bertako umeei irakasten die ingelesa. Umeekin lan egiteak baditu bere berezitasunak: teknika ezberdinak erabili behar dira batzuekin eta besteekin. Moyaren arabera, “txikienekin, hitz egiteko gaitasun handirik ez dutenez, norbera da protagonista. Baina helduz doazen heinean, eurek hartzen dute protagonismoa”.

Antsoainen ingeleseko gela berezia dute. Moyarentzat, abantaila handia da hori, umeak betiko klasetik mugitzen direlako eta ikasgai berezi bat eman behar dutela jabetzen direlako: “Hormako irudi eta kartelak ingelesez daude, eta umeek badakite gela horretan ingelesez egin behar dutela”. Bertan, umeen parte hartzea bultzatzen du Moyak, hizkuntza bat ikasteko umeen jarrera aktiboa ezinbestekotzat jotzen baitu: “Antzerkitxoak egiten ditugu binaka edo talde txikietan. Eguneroko esaldiak lantzen ditugu horrela”.

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Ingeleseko irakasle izateak bere zailtasunak ditu. Atzerriko hizkuntzak ez baitira egunerokotasunean erabiltzen, eta askotan umeek galdu egiten dute ikasitakoa. “Hizkuntzak erabili egin behar dira, bestela gaitasuna galtzen da. Horregatik, ume askok beti berdina lantzen duten sentsazioa izaten dute”, azaldu du Moyak. Ingelesaren alderdirik zailena ahoskera zuzena egitea da, euskara edo gaztelaniarekin alderatua ingelesa oso ezberdina delako fonetikoki. Horrek ere idazterakoan eragiten du, ahoskatu eta idatzi oso ezberdin egiten delako. Moyak azaldu du azkar ulertzen dutela ingelesak nola funtzionatzen duen eta ez dituztela ohikoak direnak baino arazo gehiago.

Bokaziozko lanbidea

“Zalantzarik gabe, irakasle lana bokaziozkoa da. Ez baita lan erraza eta gustura egin beharrekoa da, umeekin beti ehuneko ehunean egon behar baita”, esan du Moyak. Fakultatean asko ikasten dela aitortu badu ere, norbera irakasle egiten duena klaseak ematea dela dio. Hori bera esan zion fakultateko irakasle batek, eta ez zaio ahaztu oraindik Moyari. Esperientziarekin batera, komeni da irakasle ikasketak beste batzuekin osatzea. Moyak gogoratu du unibertsitate garaian psikopedagogia ikasketak egitera animatzen zituztela, oso garrantzitsua delako umeen garapena ikusteko eta haiekin nola erlazionatu jakiteko.

Ofizio gehienak bezala, irakasle lana ere oso markatuta dago generoaren aldetik. Fakultateetan emakumezkoak dira gehienak. Moyaren ustez, emakumeek historikoki izan duten zaintzaile rolagatik da hori. Hala ere, astiro baina gauzak aldatzen ari dira.