Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskola txikietan irakasle gisa aritzen da lanean Emma Sanzberro (Etxalar, 1965). Bi seme ditu, eta biek Arraiozko eskolan ikasten dute. Irakasle izateaz gain, Arraiozko Guraso Elkarteko kidea da. Igandean egingo duten jaiaren inguruan ilusioz mintzatu da. Gainera, eskola txikiak herriei bizia emateko instrumentu gisa aldarrikatu ditu.
Jai eguna anto latu duzue igandean Arraiozen. Zer dela eta?
Gure ikasleak elkartzen dira astean behin Iruritako eskola zaharrean. Horren helburua da ikasleak elkar ezagutzea. Herri batzuetan, maila batean haur bakarra izaten da. Orduan, elkar ezagutzeko arras garrantzitsua da Iruritako esperientzia, batez ere institutu garaiari begira. Festa batez ere, familiak elkar ezagutzeko helburuarekin antolatzen dugu. Gero, landa eremuko eskolak hemen gaudela aldarrikatuko dugu igandean, existitzen garela.
Nola hartzen dute Hezkuntza Departamentuan eskualdeko eskola txikietako hezkuntza eredua?
Gure sistema ezberdina da, batez ere geletako kopuruak hala behartuta. Ezin da konparatu deusekin. Departamentuak begiratzen dio soilik haur kopuruari. Ezin gara sobera kexatu badaezpada ere. Hala ere, aunitzek ez dute gure eskolen berri.
Iganderako ekitaldi oparoa antolatu duzue. Zein ekitaldi nabarmenduko zenituzke?
Jaia antolatzen dugun seigarren urtea da. Amaiur, Urdazubi-Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzun egin da, eta orain gure txanda iritsi da. Urtero legez, mendi ibilaldia eginen dugu. Herrian zein ibilbide posible zeuden begira aritu ginen, eta ohartu ginen denak maldatsuak zirela. Orduan bi ibilbide jartzea erabaki genuen. Gutxi gorabehera sei urtetik goitikoak Auzpe mendira joanen dira. Sei urtetik beherakoek berriz, herriko karriketan barna eginen dute ibilbidea. Ondoren, bazkari autogestionatua izanen da. Gu mahaiak eta aulkiak jartzeaz arduratuko gara soilik, beraz, bazkaria norberak ekarri beharko du. Bazkalostean, Santxotenaren eskutik dantzaldia izanen da.
Hezkuntza Departamenduak egin dituen murrizketek nola eragin dute eskualdeko eskola txikietan?
Denean bezala, eragina izan du irakasleei eta baita guraso elkarteei dagokionean ere. Ni Arraiozko Guraso Elkarteko kidea naiz, eta diru laguntza gabe gelditu gara. Orduan, dirua lortzeko gure bideak bilatu behar izaten ditugu. Izan ere, gure haurrentzat bertze eskoletan bezala ekintzak eta irteerak antolatu nahi ditugu. Gure gainetik dauden batzuen erruz, gure haurrek ez dute horiek gabe zertan gelditu. Gauza dezente egin ditugu dirua lotzeko.
Zenbat haurrek ikasten dute eskualdeko eskoletan?
Orotara, landa eremuko eskoletan 368 haurrek ikasten dute. Horiei eskolak ematen 55 irakasle aritzen dira eskualdean barrena dauden 11 ikastetxeetan. Azken urtean, ikasle kopurua handitzen ari da. Baina trabak ere jartzen ari dira. Gartzain eta Azpilkuetako eskoletan, egun, irakasle bakarra dago ikasle kopurua dela eta. Beraz, kontuan hartu behar da 3 urtetik hasi eta 12 urte arteko ikasleei eskolak emateko izugarrizko ahalegina egiten dutela. Horrez gain, irakasle izateaz gain, zuzendaritza lana egin behar izaten dute bi ikastetxe horietakoek.
Dagoeneko badakizue nork hartuko duen heldu den urtean jaia antolatzeko ardura?
Egia erran, ez dakit nork proposatu izanen zuen jaia guk antolatzea. Eskualdea berez kuarteletan dago antolatua. Esaterako, Arraioz Erberea kuartelean dago. Urtetik urtera, kuartelez aldatzen saiatzen gara. Iragan urtean, Baztangoiza kuartelean dagoen Erratzuko eskolak antolatu zuen jaia. Heldu den urtean ez dakigu; beharbada, sorpresatxoren bat egon daiteke. Arraiozko Guraso Elkartean ez dugu horren inguruan hitz egin, baina kuartelez aldatu beharko litzateke. Ikusi behar norbait antolatzeko prest dagoen.