“Gizarteratzeko Errenta ez da gutxi batzuen pribilegioa, guztion eskubidea baizik”

2012ko otsailean onartutako Gizarteratzeko Errentaren Legeak ez diela egungo gizartearen beharrei erantzuten salatu du Beatriz Villahizanek, Oinarrizko Errenta Jasotzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako kideak (Burgos, Espainia, 1982). Gainera, ohartarazi du egoera ekonomikoaren harira gero eta gehiago direla halako laguntzen beharra dutenak.

Urtebete baino gehiago da Oinarrizko Errenta Jasotzearen Aldeko Plataforma abian jarri zenutenetik. Zer dela eta erabaki zenuten plataforma sortzea?

2011 amaieran martxan jarri nahi zen Gizarteratzeko Errentaren ondorioek eragin zezaketen kalteek kezkatuta sortu genuen plataforma. 2012ko otsailean, Gizarteratzeko Errenta onartu zenean, indargabetu egin zen Oinarrizko Errentari zegokiona. Legedi berria askoz ere murriztaileagoa da. Esaterako, ez dute laguntzarik jasotzeko aukerarik paperik gabe bizi direnek edota Nafarroako herriren batean erroldatuta 24 hilabete baino gutxiago daramatenek. Oinarrizko Errenta jasotzeko eskaera egin zuten dozenaka laguni balorazioa berandu egin zitzaien, eta, ondorioz, Gizarteratzeko Errenta jasotzeko inolako aukerarik gabe gelditu ziren.

Arazo horren inguruan hitz egiteko bildu zineten Javier Eneriz Arartekoarekin.

Arazoari irtenbidea aurkitzeko Arartekoa bezalako bide instituzionala ireki beharra dago. Gobernuari ofizioz jarduteko eska diezaiola esan genion Enerizi. Izan ere, Nafarroako Gobernuak bi foru aginduren bitartez onartu ditu Oinarrizko Errentaren balorazioetan egin dituen hanka sartzeak.

Legez kanpo 3.000 familia Oinarrizko Errenta jasotzeko aukerarik gabe gelditu direla salatu duzue. Nolatan gertatu da hori?

Bere garaian, lege berria indarrean jarri zenean, 3.000 familia Oinarrizko Errentarik gabe geldituko zirela kalkulatu genuen, baina ziurrenik familia gehiago izango dira. Kasu askotan, familia askok Oinarrizko Errenta jasotzeko eskaera egin zuten arren, balorazioa egiteko garaian Gizarteratzeko Errenta jasotzeko eskaria egin balute bezala baloratu zitzaien. Ondorioz, Gizarteratzeko Errenta ukatu egin zien administrazioak, nahiz eta Oinarrizko Errenta jasotzeko betebeharrak betetzen zituzten.

Nolakoa da laguntza mota hori eskatzen duten sendien profila?

Oso profil zehatza da. Baliabide guztiak amaitu dituzten familiak dira. Hori da, hain justu, laguntza mota hori jasotzeko ezinbesteko ezaugarria. Gero eta pertsona gehiago daude profil horren barruan, tamalez.

Oinarrizko Errenta jaso gabe gelditu direnei helegitea aurkeztea gomendatu diezue. Zer emaitza izan du bide horrek?

Hasiera batean, 300 helegite aurkeztu zituzten Nafarroako Administrazio Gaietarako Auzitegian. Helegite guztiak atzera bota zituzten. Baina 70 familiak Nafarroako Auzitegi Gorenera jo zuten. Horietatik 47ri aitortu diete Oinarrizko Errenta jasotzeko eskubidea. Izan ere, bere garaian laguntza jaso edo ez ebazteko batez beste bost hilabete behar izaten zituzten. Legeak, hala ere, hori 45 egunen buruan egin behar zela zioen. Bada jendea, balorazioa epez kanpo egin zietelako laguntzarik gabe gelditu zena. Gobernuak oker hori konpontzea da nahi duguna.

Zer proposatu du plataformak?

Gure ustez, Gizarteratzeko Errentak ez die egungo beharrei erantzuten. Egungo errealitatera hobeki egokitzen da Oinarrizko Errenta. Hobekuntza batzuekin bada ere, lege zaharrera berrezartzea nahi dugu. Izan ere, gizartearen egoera hobetu beharrean okertu egin dela iruditzen zaigu. Hala ere, Gizarteratzeko Errenta ez da gutxi batzuen pribilegioa, guztion eskubidea baizik.