“Ez du zentzurik gatazka juridiko antzuetan galtzea gure indarra eta denbora”

Bertan behera gelditu da Etxarri Aranazko herritarrei Euskal Herri independenteko kide izan nahi duten ala ez galdetzeko erreferenduma, auzitegiek Nafarroako Gobernuaren salaketa aintzat hartu ostean. Galdeketa sustatu duen Etxarri 2012+1 plataformako kidea da Mikel Mundiñano (Iruñea, 1976). Egindako lana onuragarria dela dio. Hil honetan egingo den herri batzarrean ebatziko dute aurrerantzean zein pauso eman.

Justiziak Nafarroako Gobernuari arrazoia eman ostean, bertan behera geratu da erreferenduma egiteko ideia?

Ikusiko dugu. Oraindik erreferenduma egiteko aukera borrokatu daiteke. Gure ustez, ez du zentzu handirik Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrerak. Izan ere, erreferendumaren bitartez, herritarren iritzia jakin eta kontuan hartu nahi zen. Ez dugu helegiterik aurkeztuko, ez duelako zentzurik gatazka juridiko antzuetan galtzea gure indarra eta denbora.

Ia bi urte dira plataforma sortu zenutela. Zer dela-eta erabaki zenuten plataforma martxan jartzea?

Ofizialki, 2011ko abenduaren 3an aurkeztu genuen. Zer ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun hausnartzea zen ideia nagusia. 2012an bi urteurren garrantzitsu izan ziren. Alde batetik Etxarri Aranatz sortu zela 700 urte bete ziren. Beste alde batetik, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena zen. Bi urteurren horiek gogoratuz eta horiek erabakitzeko eskubidearekin lotuz erreferendumaren bidea abiatu genuen, etorkizunean zer izan nahi dugun ezagutzeko.

Iaz erabaki zenuten independentziaren inguruko galdeketa egitea. Zer dela eta?

Joan den urtea memoria historikoa gogoratuz pasatu ondoren, ohartu ginen zer ginen eta zer garen ezagutzearekin batera, etorkizunean zer izan nahi dugun herrian bertan lantzeko aukera zegoela. Ariketa demokratikoa egin nahi genuen modu normalizatuan. Zergatik ezin diegu herritarrei galdetu etorkizunean zer izan nahi duten? Galdeketa planteatzen genuen topaleku modura, errespetuz, baina iritzi ezberdinen topaleku modura.

Galdeketa egiteko garaian, Etxarri Aranazko Udalaren babesa izan duzue.

Galdeketa prozesua martxan jarri genuenean, argi genuen guztia legez egin nahi genuela. Bada foru lege bat 27/2007 deiturikoa, eta hor jasota dauden baldintzak bete ditugu. Horrez gain, udalari gure ekinbidea babesteko eskatu genion. Eskari hori gauzatzeko baldintza batzuk bete behar ziren. Esaterako, herritarren %10ek ekinbidearen alde sinatu behar zuten. Baldintza horiek bete ostean, udalak bere bermea eta babesa eman zuen.

Zein izan da oztoporik handiena, Nafarroako Gobernuarena akaso?

Gure proposamena gehiengo osoz onartu zuten udalean. Behin pauso hori emanda, guztia Nafarroako Gobernura bidali zen han tramitatzeko. Erreferendum bat egiteko baimena, berez, Espainiako Ministroen Kontseiluak eman behar du. Esan liteke Nafarroako Gobernuak bitartekari lana egiten duela. Baina kasu honetan, bere eginbeharra ez zuen bete. Zuzenean auzitara jo zuen, eta justiziak arrazoi eman die.

Aurrerantzean, zein aukera dago erreferenduma egiteko?

Egia esan, mahai gainean aukera asko daude. Urriaren 10ean herri-batzarra egingo dugu, iritzi guztiak jaso eta balorazioa egiteko. Hori gertatu arte ez dugu pausorik iragarriko.

Zuentzat, garrantzitsua da balio juridikoa duen galdeketa egitea?

Niretzat pertsonalki ez da garrantzitsua. Ariketa demokratiko bezala planteatzen dugu galdeketa. Modu normalean galdetu nahi diegu herritarrei etorkizunean zer izan nahi duten. Benetako demokraziak dituen balioetan sakondu behar da, herritarren elkarbizitza, parte hartzea eta iritzia aintzat hartuta.