“Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu bezala ulertzen dut”

Banatu taldeko eta CGT sindikatuko kidea da Chema Berro (Erronkari 1949). Osasunbideak Iruñeko Sanduzelai auzoan duen osasun etxean egiten du lan idazkari laguntzaile modura. Ia urtebete da Osasunbideko arduradunek bere aurka zigor espedientea abian jarri zutela. Nafarroako Gobernuak 2012an lanaldia luzatu zien Osasunbideko langileei. Baina, ebazpen horrek bere ideologiaren aurka egiten zuela eta ordu estrak egiteari uko egin eta bere aurka zigor bideari ekin zion Osasunbideak. Berrok argi dio: “Ez diot etor daitekeen zigorrari inolako beldurrik”.

Sindikatuko kide gisa ibilbide luzea du Berrok. Horregatik, ulergaitza egiten zaio Nafarroako Gobernuak langile publikoei lanaldia luzatu nahi izatea. “Guri lanaldia luzatu beharrean langile gehiago kontratatuko balitu, langabezia tasa jaistea lortuko genuke”, azaldu du tinko. Bere kasuak duela hilabete batzuk hedabideetan sortu zuen zalapartak kalte edo mesede egin ote dion zalantzak dauzka. “Gobernuaren erabakiak eragindako haserrea dela eta hartu nuen luzapenari uko egiteko jarrera”.

Pozik dago une zail horretan lankideek eman zioten babesarekin. Izan ere, 40-50 lankidek Berro bezala errudun zirela adierazi zuten idatzi batzuen bitartez. Zigor bidea espero baino gehiago ari da luzatzen, abenduan abiatu baitzuten Osasunbideko buruek. Berrok jakinarazi duenez, ez du inolako asmorik auzitegietara jotzeko. Zigor espedientearen aurka hainbat helegite aurkeztu ostean, behin behineko jakinarazpenaren zain dago. Laster espero du ebazpen hori. Ziurrenik bost egunez lanik egin gabe eta kobratu gabe egotera zigortuko dutela jakinarazi du.

Berrok hartutako erabakia Sanduzelaiko osasun etxeko gainontzeko lankideek ere lana partekatzeko filosofia ezagutzeko aukera “aproposa” izan dela azaldu du. Dena den, ez du bere burua eredu gisa jarri nahi. “Ni nire ideologiarekin kontsekuentea eta zintzoa izaten saiatu naiz, besterik ez”, jakinarazi du. Printzipioak tinko mantentzen ditu, eta langile publiko gisa dituen eskubideak baliatzen ditu Osasunbideak langile gehiago kontratatzeko.

Esaterako, bost hilabetean behin, hilabetez lan egiteari uzten dio, bere partez beste pertsona bat kontratatu dezaten. Hala, urtean bi hilabetetan ez du lanik egiten eta ondorioz ez du soldatarik kobratzen. Bere hautua osasun etxeko hainbat langilek ere egiten dutela adierazi du Berrok, tartean mediku batek eta erizain batek. “Lanaldia murrizten badugu eskaintzen dugun zerbitzua bete ahal izateko langile gehiago beharko dira”.

Hazkundearen garaia amaitu dela ohartarazi du, garai hura pasa dela. “Ezin izango dugu lehen genuen bizimodura itzuli, hori argi izan beharra dago”. Garai batean bezala ekoiztera eta kontsumitzera ezingo dela itzuli uste du. Gainera, gizartean dauden ezberdintasunak atzeraldi ekonomikoa dela eta “areagotzen” ari direla dio. “Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu gisa ulertzen dut”, adierazi du.

Ez du uste administrazio publikoak egoera honi irtenbide bat aurkitu zain egon behar duenik gizarteak. Salatu duenez, erakunde publikoek zerbitzu publikoen kudeaketan enpresa pribatu gisara jokatzen dute. Gainera galdera bat jarri nahi izan du mahai gainean: “Zertarako nahi dut jardunaldi osoz lan egin nire semea langabezian egongo bada?”. Halako hausnarketen bidez, beste modu bateko gizarte bat eraiki daitekeelakoan dago.

Helburu horrekin egin zion uko bere lanaldia luzatzeari. Aste gutxiren buruan jakingo du nolakoa izango den zigorra. Hala ere, lasai dago, ez da zigorraren beldur. “Gutxiagorekin hobeto bizitzen saiatu behar dugu, hori ikasi behar du gizarteak”, azaldu du Berrok. Printzipioak irmo defendatzeagatik ondorio batzuk izaten direla ohartarazi du, baina ez da inondik inora damutu.