Tania Arriaga Azkarate
Cibecue komunitateko apatxeek, duela 40 urte inguru, antzinako ohiturei eusten zieten. Besteak beste, Keith H. Basso antropologoak mendebaldeko apatxe herriaren toponimia eta hizkuntza aztertu eta bere idazkietan horrela jakinarazi zigun. Adibidez, herrixken inguruko bazterren izenek, hala nola mendi-tontorreko-harri-zuriek; baso-zabalaren-azken-haritzek; errekaren-bihurgune-itxi-ospelek; urrutiko-haitzulo-estu-isilek zein errekarri-zaratatsuek arbasoei eta arbasoen arbasoei gertatutako pasadizoak gordetzen zituzten. Bassok zioenaren arabera, apatxeek gizonen bati buruz intzestu jokaeraren susmoa zutenean “han-goian-multzoka-etzanda-dauden-haitz-latzetan-gertatutakoa” aipatzen zioten. Gisa berean, taldeko norbaitek gizarte ohiturak urratzen bazituen, “cottonwood-zuhaitz-handiek-hemendik-eta-handik-altxatzen-dira” kontakizuna erraten zioten. Lurrak, haizeak eta urak komunitatea kokatzen laguntzen zuten, eta tribuko zaharrek aipatutako kanala sarri erabiltzen zuten gazteak ongi bideratzeko. Istorio horiek entzulearengan zenbait ondorio izaten zituztela ziurtatu zigun antropologo estatubatuarrak. Zazpi efektu aipatu zituen, eta hiru ekarri ditut: “istorioak geziak bezala jaurtiak” zirela, “naturak herriari erakusten diola zuzen nola bizi” eta “istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten” zutela.
Iruñera nahi baino gutxiagotan etortzen naiz, baina iristen naizen bakoitzean karrikek, eraikinek, parkeek, erakusleihoek… istorioekin agurtzen naute. Herrimin, malenkonia eta emozioak jota ibiltzen naiz kalez kale; alabaina, Iruñean frankismoa erretinan kolatua dugu Victor Eusaren bistako adreilua dela medio. Begirada pixka bat altxatuz gero, nire adineko iruindar gehienok San Cristobal izenarekin ezagutu dugun Ezkaba mendia dago. Txikitako auzokideekin hainbatetan igo gara meriendatzera, haserrealdiak epeltzera edo bizikletaz ibiltzera. Gogoan dut, bidean gora, txirrion izeneko zabortegi ilegala zegoela. Han, koltxoi, obra-hondakin eta bainuontzi herdoilduak sakabanatuak zeuden. Bagenekien hura ezin zela ukitu, bidearen bukaeran zegoen gotorlekuari buruz galdera askorik ez genuela egin behar genekien bezala. Ezkabak, 80ko hamarkadan, gaztetxooi ez zigun solas egiten apatxeei haien inguruek egiten zieten moduan. Gotorlekua mutu zegoen; hori bai, mamuz beterik. Soilik arima gutxi batzuk ikus zitzaketen mamu deserriratuok; arima gaixoak, gaixoak mamuak. Martin arimak ikusteko ahalmena duen gutxi horietakoa da, eta sufrikario hori gainean eraman behar izan du, isilean.
Ostitzen, Burutainerako bide zaharra hartu eta eskuin aldera bidexka bat dago. Hortik 30 metrora, 1938ko maiatzaren 22an, gotorlekutik ihes egin zuten 795 presoetatik hamar edo hamabi lagun fusilatzen ikusi zuen Martinek; 7 urte zituen. Eskolatik haurrak atera, eta Arletako zubira eraman zituzten erailketak ikus zitzaten. 80 urtez, Martinek iheslarien istorioa “gezi bat bezala jaurtia” barreneraino sartua eraman du. Orain, hildakoei etxea eman die hobi komuneko harriak identifikatuz eta gertatutakoa kontatuz. Gibeletik gatozen belaunaldi berriok zin egiten dizugu ez dugula Arletako zubiko istorioa ahantziko. Gure apatxe miretsiek erranen luketen moduan, “istorioak jendea zauritzen eta haiengan lan egiten baitute”. Milesker, Martin.