Ia beti galtzen den apustua

Diru apur bat jokoan jartzeak jende asko erakartzen du. Apustua euskal tradizioarekin oso lotuta egon da historikoki. Ezagunak dira apustuan etxea jokatu eta galdu zuten baserritarren istorioak. Hala ere, atzean gelditu dira apustu mota horiek. Jokoa asko aldatu da azken urteetan. Ziurrenik, zerikusi handia du Internetek eraldaketa horretan.

Nafarroako Gobernuak gertutik jarraitzen ditu zorizko jokoetako datuak. Izan ere, gai konplikatua da. Lagun askori, noizbehinka jokatzen hasi, eta mendekotasuna sortzen zaie apurka-apurka. Izan ere, Aralar Nafarroako Ludopaten Elkarteko psikologoek argi diote: “Jokoan zalea ludopata batengandik bereizteko marra oso fina da”. Muga ahul horren inguruan gizartea ohartarazteko, larunbatean, goiz osoz Iruñeko San Frantzisko plazan izango dira, asteartean Ludopatiaren Nazioarteko Eguna dela profitatu eta prebentzioaren garrantziaz ohartarazteko.

Nafarroako Gobernuak duela hilabete eskas publikatutako datuen arabera, 2012an 277,4 milioi euro jokatu zituzten zorizko jokoetan, 2008an baino %12 gutxiago. Sektorea azken urtean atzematen ari da gero eta diru gutxiago jokatzen dela. Hala ere, arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Esaterako, Interneten bingora edota pokerrera jokatzeko aukera dago. Horri esker, jokalari askok etxetik atera gabe jokatzen dute.

Apustuak egiteko aukera guztiz eraldatu zen Nafarroako Gobernuak 2010ean kirolarekin lotutako apustuak legeztatu zituenean. Goranzko joera nabarmena dute apustu horiek. Bi urtean, jokatutako zenbatekoa %50 hazi da. 2011n 19,48 milioi euro jokatu ziren apustu horietan; 2012an, berriz, 29,59 milioi euro.

Egun, halako zerbitzua lau enpresak eskaintzen dute Nafarroan: Reta, Apuestas de Navarra, Victoria eta Sportium-ek. Ainara Epelde Apuestas de Navarrako marketin arduradunak jakinarazi duenez, euren enpresan apustuak egiten dituzten gehienak 25 eta 45 urte arteko gizonezkoak dira. “Gure lokaletara etortzen direnek kirol ekitaldiak intentsitate handiagoz gozatzeko aukera dute apustuen bitartez”, azaldu du Epeldek.

Apuestas de Navarra bezalako enpresek eskaintzen duten zerbitzuak Nafarroan “oso onarpen ona” izan duela dio Epeldek. Azaldu duenez, bestelako apustuetan ez bezala, kirolarekin lotutako apustuak eginez %80-90 ingurukoa da sariren bat jasotzeko aukera.

2010ean Nafarroako Gobernuak kirolarekin lotutako apustuak egiteko legedia onartu zuenetik, apustuak egiteko makinak nabarmen ugaritu dira. 2010ean, 371 bakarrik zeuden. Urtebetera, zenbateko hori ia bikoiztu egin zen: 635 zeuden herrialde osoan. Badirudi makina kopuruaren igoera moteldu egin dela: 2012an 661ean egin ziren kirol apustuak.

Horren harira, Epeldek aitortu du krisi ekonomikoa izan ez balitz “ziurrenik” euren enpresaren garapena handiagoa izango litzatekeela. “Izan ditugun emaitzak hobeak izango lirateke krisi ekonomikoagatik izan ez balitz”, ohartarazi du. Hala ere, ez du baztertu aurrerago apustuak egiteko lokal gehiago abian jartzeko aukera.

Gainontzeko zorizko jokoetan, jokatutako diru kopurua murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, bingoan %15 murriztu dira jokatutako zenbatekoak, eta txanpon makinetan, %12. Bingoen kasuan, iaz 16,05 milioi euro gastatu zituzten erabiltzaileek joko horretara; 2011n, berriz, 18,93 milioi euro. Txanpon makinetan 105,41 milioi euro jokatu zituzten iaz; 2011n, berriz, 119,24 milioi euro.

Kontrol falta

Aralar ludopaten elkarteak zorizko jokoetan “kontrol” falta dagoela salatu du. Izan ere, txanpon makinetan eta apustuak egiteko makinetan ez dago jokalaria identifikatzeko inolako sistemarik. Horregatik, tabakoa saltzeko makinetako sistema bertsua aldarrikatu dute. Dena den, identifikazioa eskatzen duten tokirik bada: bingoak, kasurako. “Kontrol falta” dutelako, bostehun lagunek bingoetarako sarrera debekatzeko eskatu dute.

Oraingoz, bestelako jokoetan ez dago halako kontrolik. Hala ere, azken urteetan abian jarri diren apustu egiteko modu berriek apustularien profila aldatzea ekarri dute, gero eta gazteagoak baitira zorizko jokoetan jokatzen dutenak.