Oinarrizko eskubideak jokoan

Iparraldeak hegoaldearekin duen ardura aldarrikatu zuen joan den astean GGKE Garaperako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinakundeko kideek Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Nafarroako Gobernuak ardura hori ere bere gain hartu beharra daukala ohartarazi zuten koordinakundeko kideek. Izan ere, nabarmen urritu da hirurogei bat taldek osatzen duten koordinakunde horretara bideratzen duen dirua. 2007tik hegoaldeko herrialdeetan lan egiten duten erakundeek jasotzen duten aurrekontua ia %88 murriztu da.

Duela hamabost urte inguru sortu zen GGKE-en Nafarroako Koordinakundea. “Kooperazioaren eremuan nora joan nahi dugun hausnartzeko elkargunea da koordinakundea”, jakinarazi du Mariaje Uizi taldeko idazkari teknikoak. Orotara, hirurogei bat GGKE daude taldean, eta gehienek atzerrian lan egiten dute. Hamabost urte horietan, dozenaka proiektu jarri dituzte martxan atzerrian. Horiek abiatu ahal izateko ezinbestekoa izan da finantzaketa.

Patricia Ruiz ere koordinakundeko kidea da. Azaldu duenez, erakunde publikoen finantzaketarekiko duen menpekotasuna da kooperazioaren arazorik handiena. “Finantzaketa hori bat-batean murriztu da, eta horrek dozenaka proiektu arriskuan jarri ditu. Asko desagertzear daude, eta beste asko desagertu egin dira”. Hala ere, Ruizek ohartarazi duenez, Nafarroako Gobernuak kooperaziora bideratutako diru sailetan egin duen murrizketa ez du egin bestelako sailetan. “Jakin badakigu krisi ekonomikoan gaudela, baina alor sozialean egin behar den inbertsioa ezin da murriztu”, aldarrikatu du.

Urtetik urtera, Nafarroako Gobernuak kooperazioari eman dion zenbatekoa begiratu besterik ez dago murrizketa zenbatekoa izan den ohartzeko. Izan ere, 2007an —krisi ekonomikoa hasi aurretik— aurrekontuetako 22 milioi bideratu zituen hegoaldeko herrialdeen garapenerako. Aurten, aldiz, 5,5 milioi euro besterik ez. Azkenaldian, izugarri handitu dira txiroak artatzeko ezintasuna duten elkarteen mezu larriak. Esaterako, Iruñeko eta Tuterako Caritasek jakinarazi zuen joan den astean azkenaldian euren bulegoetara laguntza eske jotzen dutenen kopurua izugarri handitu dela eta igoera horri ezingo diotela modu egokian erantzun.

Errealitate horrek asko kezkatzen du GGKE-en Nafarroako Koordinakundea ere. “Eremu politikoan askotan aurrez aurre jarri dira hemengo txiroak eta atzerriko txiroak. Ez koordinakundeak soilik, baizik eta Eragile Sozialen Plataformako kideek ere horren aurka egin dute”, dio Ruizek. Oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkien lagunak artatzeko eskubidea jokoan dagoela ohartarazi du. “Azken finean, garapenerako erakundeek ez dute dirua kendu nahi, hemen guztiak norabide berean ari gara lanean: hemengoen eta hangoen alde”, azaldu du Uizik.

Alor horretan, argi du globalizazioak zerikusi handia duela. “Hemen egiten dugunak atzerrian ere eragin zuzena du”. Ildo beretik mintzatu da Amaia Leranoz Bakearen Aldeko Lankidetza Batzordeko kidea ere. “Hemengo politika sozialen diru saila ez da handitu, eta, beraz, atzerrirako laguntza programetan ere murriztu egin da”. Horrek kinka larrian jarri ditu hainbat proiektu.

Leranozek berak ohartarazi duenez, atzerrian abian jartzen diren proiektuak ez dira urtebeteko proiektuak izaten, epe luzekoak baizik. Estrategia batzuk jarraitzen dituzte aurrez zehaztutako helburuak lortu ahal izateko. Hala, sarritan proiektuak Euskal Herrian zehaztu arren, atzerriko elkarte zein erakunde publikoekin abiatutako elkarlanaren bidez gauzatzen dituzte. “Diru laguntzen jaitsiera horren zorrotza izan denez, proiektu asko erdibidean gelditu dira”. Heldu den urterako aurreikuspenak ere ez dira batere onak. Oraindik, Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu zenbat bideratuko duen GGKE-etara. “Oso ataka estuan gaude; ez dugu planifikatzeko aukerarik”, dio Leranozek.

Nafarroako Gobernuak kooperazioaren eremuan egindako murrizketen eraginez bertan behera gelditu den proiektuetako bat Tanzanian ugalketa eta sexu osasunaren inguruan martxan zegoena da. “Amaitu gabeko prozesuak dira, eta ikusiko dugu berriz heltzeko aukera izango dugun ala ez”, esan du Ruizek. Nafarroako Gobernuari hegoaldeko herrialdeekin duen konpromisoari berriz heldu eta GGKE-etara bideratzen duen diru saila handitzeko eskatu diote, “jokoan giza eskubideak daudelako”.