“Gu beti egon gara krisian; beraz, ez dugu aldaketa handirik izan”

“Familiako baliabiderik ez duenak ia ezinezkoa du sektore honetan hastea”, dio Maider Sarasa nekazari eta abeltzainak (Itza, 1984). Batxilergoa bukatu eta ikasketak hautatzeko garaian, Nekazaritza eta Abelazkuntza ikasketak egitea erabaki zuen. Ikasketak bukatutakoan, aitarekin hasi zen lanean. Lehenago ez zuen aitarekin ia lanik egin. Sarasak dio berak familiako negozioa duelako dabilela lanean, bere klaseko kide gehienek ez baitute lanik topatzen. “Elkarrekin ikasi genuenon artean, bik edo hiruk baino ez dugu lan finkoa. Besteek udan edo tarteka baino ez dute lanik topatzen”. Hark badu lana, handia gainera. “Hemen ez dago oporrik; bi edo hiru ordu baino ez badira ere, egunero egin behar da lana”. Gaur egun, Sarasak berak darama etxeko negozioa, artzain lanak egiten dituen langile batekin batera. Gazte gutxi ibiltzen da lehen sektorean. Hala ere, krisiaren ondorioz, hainbat gazte hasi dira azken urteetan sektore horretan lanean. Krisiak hainbat lantegi eta enpresa jo ditu urteotan, baina lehen sektorea egoerari eusten ari zaiola uste du Sarasak. “Gu beti egon gara krisian; beraz, ez dugu aldaketa handirik izan”.

Sarasak 1.500 ardi eta 1.500 erreneurriko lurrak ditu; batzuk bereak ditu, eta beste batzuk alokatuak dira. Bertan koltza, garagarra eta garia lantzen ditu. “Urtetik urtera txandakatzen dut landa. Lur eremu batean koltza ereiten badut, hurrengo urtean garia landatzen dut, eta horrela urtero”, azaldu du. Eremu bakoitzean, produktu ezberdin bat landatzen du; horrela, produkturen bat gaizki haziz gero, badu beste bat ongi aterako zaiona.

Esnetako arkumeak saltzen ditu. “Arkumeek 11 kilo dituztenean hiltegira eramaten ditugu”. Urtean hiru alditan saltzen ditu arkumeak, urria eta azaro artean, urtarrilean eta maiatzean. Hala ere, urtarrilean arkume gutxiago saltzen ditu Sarasak, horietako batzuk ama izateko gordetzen baititu. Erditzeko dauden ardiak Aldaban (Itza) duen habeartean egoten dira; besteak, berriz, kanpoan izaten dituzte. “Ardiek bazkatzen dutenez, mendietan izaten ditugu, lanerako hartu dudan artzainarekin”. Sarasaren aburuz, zaila da artzain lanak egin nahi dituen norbait topatzea. “Mendira joan behar da, ardiekin bakarrik. Euria egiten badu, zirarekin han egon behar da, egun bat eta hurrengoa. Oso lan gogorra da; nahiz eta mendia eta animaliak gustuko izan, inork ez du horretan lan egin nahi”, azaldu du nekazariak.

Hamaika jarduerako lana

“Lan honetan bi ordutik behin aldatzen da zereginez. Egun berean izan zaitezke abeltzaina, nekazaria, mekanikaria eta kontu eramailea”, dio Sarasak. Egunero 08:00etan jatekoa ematen die ardiei, astelehena edo igandea izan. Hortik aurrera garaiaren eta eguraldiaren arabera lan egiten du. “Neguan, behin lurrak erein ostean, egiten dudana da, besteak beste, udan erabili ditudan makinen mantentzea, burdin hesiak konpondu eta habearteak hesitu”. Gehienbat neguko lana datorren uztarako dena prest uztea izaten da. Lasaiago ibiltzen da Sarasa urtaro horretan. “Goizean gutxienekoa egiten badut, hau da, ardiei jatekoa eman, neguko iganderen bat libre hartzen dut. Baina nik neure burua behartzen dut gauzak egitera, horrela apurka-apurka hobetuz noa. Atzo [igandea], adibidez, egurra biltzen aritu nintzen. Begira zelako plana igande baterako”, dio Sarasak. Hala ere, urtero bost edo sei egun hartzen ditu oporretan joateko. “Aurten uzta eta urte berria prestatu beharra bata bestearen atzetik joan direnez, ezin izan naiz udan inora joan. Baina ereiten bukatzen dudanean Lanzarotera joango naiz”.

Negua probestu behar du Sarasak egunerokotasunetik kanpo dauden gauzak egiteko, udaberritik aurrera jo eta su ibiltzen baita. “Udaberria hasten denean ongarria eta belar hiltzaileak botatzen ditut zelaietan. Belarra ere biltzen dut; beraz, moztu, sikatu eta biltegiratu egin behar dut”. Udan ereindakoa bildu ostean, hurrengo urterako lurra prestatzen du berriz ere Sarasak: “Gauza bat bestearen atzetik doa, eta batzuetan urrira arte ezin da gelditu”.

Lehen sektorearen egoera beti izan da gogorra Sarasaren iritziz. “Ez da diru askorik irabazten, eta ordu asko sartzen dira”. Hala ere, hileroko fakturak eta maileguak ordaintzeko adina ematen duela dio, betiere lan eginez gero. “Lehen sektorean gauzak ondo egin behar dira; arkume ona ateratzen baduzu, erosleak hobe ordainduko du, eta lehenago ateratzen baduzu, ardia denbora gutxiago egongo da habeartean jaten. Hori guztia dirua da”. Horrez gain, produktuen prezioek gorabehera asko dituzte urtetik urtera. Sarasaren aburuz, arazo hori ez du krisiak sortu, merkatu globalak baizik. “Egia da orain jendeak ez duela horrenbeste arkume jaten, haragi garestia baita. Baina Errumaniatik, adibidez, arkume asko sartzen da, eta horrek prezioa jaisten du. Laboreekin berdin gertatzen da: Bilbora gariz betetako itsasontzi bat sartzen bada, prezioa ikaragarri jaisten da”.