Hamahiru esparru jorratuko ditu Bortzirietako euskara planak

Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntzarekin, Bortzirietako Euskararen Plan Estrategikoa egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Planak hamahiru esparru landuko ditu, besteak beste, familia bidezko transmisioa, euskalduntze alfabetatzea, administrazioa, aisialdia, arlo ekonomikoa eta hizkuntza integrazioa. Planak lau urte ko iraupena du, eta 65 ekintza aurreikusten dira, batzuk zehatzak, une jakin batean egitekoak, eta beste batzuk, lau urtean garatzekoak.

Otsailetik ekainera Euskara Bortzirietan. Gogoeta prozesua antolatu zuten, eta 100 lagunetik gora parte hartu zuten. Prozesuan, azken urteetan Bortzirietan euskara normalizatzeko egin den lana aztertu zuten, eta egoeraren diagnosia egin. Era berean, datozen urteetan euskararen egoera hobetzeko helburuak eta landu beharreko ildoak finkatu zituzten.

Sortu zenetik, eskualdean euskara normalizatzeko urtebeteko euskara planak egin izan ditu Euskara Mankomunitateak. Baina, azken urteetan, epe ertain eta luzerako bidea markatuko duen plan estrategiko baten beharra sumatu dute Mankomunitateko batzordeek eta euskara eragileek. Hori dela eta, joan den urtean Mankomunitateko batzordeek eta Batzorde Erabakitzaileak plan estrategikoaren aldeko apustua egin zuten. Hori martxan jartzeko, gogoeta prozesu bat jarri zuen abian Mankomunitateak. Euren aburuz, horrelako gogoetek geldialdi bat egiteko eta eguneroko dinamikatik haratago begiratzeko aukera ematen dutelako. “Geldialdi horrek egiten ari garenaren zentzuan kokatzen laguntzen digu, etorkizunera begira jarraitu beharreko bidea marrazteko oinarriak edo irakasbideak eskaintzen dizkigu”, diote Mankomunitateko kideek. Gogoeta prozesuak jauzi kualitatibo bat emateko ere balio izan die Bortzirietako euskaltzaleei, hizkuntza komunitatea sendotzeko eta egituratzeko balio izan dielako. Euskara plana eskuragarri dago PDF formatuan Mankomunitatearen web orrian.