Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela profitatuta, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta Euskarak 365 egun kanpaina jarri dute martxan euskaraz urte guztian bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hiztun gisa eskubideak aldarrikatzeaz gain, egunerokoan euskara baliatzearen beharraz ohartarazi nahi dute. Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak jakinarazi duenez, urte osoan euskaraz bizitzeko beharrak eragiten duen kezkaren harira jarri dute kanpaina martxan.
“Nolabait, Euskaltzaleen Topaguneko kideok orokortu dugun kanpaina bat da”, dio Zapatak. Oraingoz, abiapuntuan daudela ohartarazi du. Hala ere, halako kanpainen aitzindariak badira Euskal Herrian. Izan ere, iaz, Durangoko Berbarok antzeko ekitaldi bat egin zuen. Orduan, Topaguneko kongresua egin ostean, argi gelditu zen bazkideen artean plazara ateratzeko gogoa gero eta handiagoa zela. Beraz, zerbait egiteko beharraren inguruan aztertzen hasi ziren Topaguneko kideak.
Horri esker egingo dute jaialdia bihar, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan. Dena den, Zapataren irudiko, abiapuntua soilik izango da urte guztian euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapenean. Euskal Herriko 30 eskualde eta herrietan izango dira antzeko jaiak. Euskara kalera ateratzeko beharra sentitu dutelako jarri dute euskalgintzako eragileek martxan kanpaina.
Iruñerrian euskarak duen egoerari buruz galdetuta, Zapatak dio batetik badagoela nahia egunerokoa euskaraz egitekoa. “Euskaldun eta euskaltzaleen aldetik badago euskaraz bizitzeko eta plazan agertzeko nahia. Baina argi eta garbi dago gurea ezkutatzeko kanpaina bat ere badela”. Hala, uste du ezinbestekoa dela biharkoaren antzeko ekinbideak abian jartzea.
Gainera, tokian tokiko Topaguneetako bazkideek halako ekinbide bat elkarlanean gauzatzea oso garrantzitsua dela ohartarazi du Zapatak. “Iruñean badakigu sarritan konplikatua dugula, eta halako ekinbideek lagungarri izan beharko lukete”, azaldu du Zapatak.
Elkarlana sorburu
Iruñerrian hainbat bazkide ditu Topaguneak: Atarrabiako Karrikaluze, Berriozarko Zorroka, Karrikiri, Euskaldunon Biltoki eta Zaldiko Maldiko Iruñean… Topaguneak berak aurkeztu zien proposamena bazkideei, bai Iruñerrikoei baita Iruñerritik kanpo daudenei ere. Izan ere, Nafarroako euskalgintzako kide guztiei aurkeztu zien Topaguneak ekinbidea, eta oso harrera ona izan duela azaldu du Zapatak.
Azken egunetan D ereduaren inguruan hainbat komunikabide eta politikari helarazten ari diren mezu ezkorren aurrean, euskaldunen hizkuntza eskubideen aldarrikapenak jai giroan egitea “ezinbestekoa” dela dio Zapatak. Euskarazko ereduaren aurka abian jarri den kanpaina “zitala” dela salatu du. Gaineratu duenez, ongi diseinatutako kanpaina da, haurren aurrematrikulazio kanpaina otsailean hasiko delako, hiru hilabeteren buruan. “Baina egia esateko, nire ustez, hemen egin behar duguna da gureari eutsi; guk D ereduaren aldeko argudio sorta zabaldu behar dugu”. Aldarrikatu du D eredua dela ikasleak euskalduntzen dituen eredu bakarra. Haren irudiko, ez da komenigarria euskararen ereduaren aurkako harra elikatzea, baina azalpenak eskatu behar direla adierazi du.
Arazo eta eztabaidez gaindi, biharko jaia baikortasunez ospatu nahi dute. “Ez da gauza handia izango, baina jai giroan egingo dugu, bizipoz eta gozamen beharra dagoelako”, aitortu du. Egitaraua xumea izango den arren, euskara elkarteetako kideen elkarlana erdietsi dute. Horri esker, aste osoan eragile horietako kideak Euskarak 365 egun kanpaina iragartzeko kartelak paratzen aritu dira, Iruñean eta Iruñerrian, batez ere. Alde horretatik, pozik agertu da proposamenak harrera ona izan duelako. Urtero egiteko asmoa dute bihar Burgoen plazan egingo dutena. Dena den, ez dute etorkizunerako helburu handirik zehaztu nahi izan.
Jaialdia, gutxi gorabehera, 19:00etan hasiko da, Iruñeko Alde Zaharreko plazan. Lehenik, dantzaldia izango da. Horren ostean, manifestu bat irakurriko dute Topaguneko hainbat kidek, kanpainaren arrazoi eta helburuen berri emateko, besteak beste.