Hilean behin biltzen da Iruñeko Euskalgintza taldea. Euskararen normalizazioan dihardute buru-belarri. Oraindik egiteko asko dagoela aitortu dute taldeko kideek. Hala ere, lehentasunak zehazterakoan Nafarroako hiriburuko hizkuntza paisaia eraldatzea lehenetsi dute. Azken urteetan lehenengoz, Iruñeko Udalak 14.000 euroko diru saila jarri du hizkuntza paisaia eraldatzeko. Iruñeko Euskalgintza taldekoek aurrerapausoa dela ohartarazi dute.
Astearteko bileran, IKA euskaltegiko Sagrario Aleman, EHEko Gorka Iriarte, Sortzen Ikasbatuaz-eko Garikoitz Torregrosa, AEK-ko Asier Biurrun, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Kontseiluko Maite Inda eta Administrazioan Euskaraz-eko Joseba Otano bildu ziren. “Ahotsik gabe oso ozen hitz egiten du hizkuntza paisaiak”, adierazi du Indak. “Hizkuntza paisaiak igortzen dituen mezuak subliminalak dira, baina hizkuntza jarreretan eragin izugarria dute”.
Errealitate horretaz jabetuta, Iruñeko Udalean hizkuntza paisaia aldatzeko proposamena aurkeztu zuten. Gainera, hori gauzatzeko tresna baliagarria da udal ordenantza. Oposizioko alderdi guztiek adostu zuten, duela zenbait hilabete, Iruñeko Udalak hizkuntza paisaian euskarari eta gaztelaniari trataera bera eman diezaien. Asier Biurrun AEK-ko kideak dioenez, aurrerapausoak txikia iduri lezakeen arren pixkanaka-pixkana joan behar da.
Dena den, Iruñeko Udalak ez dio Iruñeko Euskalgintza taldeari jaramonik egin garrantziaren arabera egin beharreko aldaketen inguruan. Izan ere, Indak azaldu duenez, Iruñe sarreran dauden seinaleak gaztelania hutsean daude idatzita, eta horiek aldatzea lehentasuna zen arren, oso zaila dela ohartarazi die Javier Lopez Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko zinegotziak. Dena den, kaleko hamalau plaka aldatuko dituztela jakinarazi diete.
Agindu hori betetzeko epea amaitzen hasia da. Izan ere, 14.000 euroko diru saila urte amaiera arte egongo da aktibatuta. Beraz, hilabete besterik ez da falta Iruñeko Udalak Iruñeko Euskalgintza taldearekin hartutako konpromisoa betetzeko. Epea bukatzen ari dela eta, kezkatuta dauden arren taldeko kideak ziur dira udalak emandako hitza beteko duela.
Izan ere, taldekideek argi dute euskara bertako hizkuntza dela, eta normalizazioan duen garrantzia dela-eta aldarrikatzen dute hizkuntza paisaia aldatzeko. Lan horretan, herritar anonimoen ekarpena ezinbestekoa izan da. Euskara gutxiesten den dozenaka kale seinaleren argazkiak igorri dituzte. Alde horretatik, hilabete hauetan guztietan egindako lana oso positiboa dela jakinarazi dute taldekideek.
Egia da hizkuntza paisaian euskararen aurkako erasoak anitz direla. Esaterako, Iruñeko Udalak dio plazen izenak ezin direla euskaraz eta gaztelaniaz jarri. Ondorioz, gaztelaniazko izena lehenesten dute. Dena den, oztopoak oztopo lanean jarraituko dute. Lehenik eta behin, Iruñeko Alde Zaharreko seinaleak aldatuko dituztelakoan daude. Horrek atzerritik datozenenei hiriaren errealitatea hobeto ezagutzen lagunduko diela uste dute.
Laster, tabernetako menua euskaraz ere eskaini nahi dutenengana jotzen saiatuko dira. Iruñeko Euskalgintzak ilusioa eta desioa badu, eta hori da euren helburuak lortzeko duten arma eta baliabiderik garrantzitsuena, egoera hobetzeko nahia.