Artea edonoren eskura egoteko

Ziurrenik, Iruñeko Dormitaleria kaleak ez du Estafetak edota Mercaderesek duten sonarik. Katedralaren albo batera dagoen kalea da, askorentzat ezezaguna. Baina, azken urtean, artearen eta artisten kalea bilakatu da. Hainbat artisauk ere bertan dituzte euren tailerrak. Horrez gain, badira bi galeria. Horietako bat da Dormitaleria 54. Artea negozio gisa ulertzen ez duten artisten bilgune da galeria hori. Izan ere, artea edonork eskuratu ahal duela nabarmentzen dute. Hilabete hasieran, urte bat bete zen galeria berezi horren ibilbidea hasi zenetik. Ia hiru astez, Xabier Morras, Belen Arevalo, Juan Gorriti eta Jose Luis Zumetaren obrak izan dira ikusgai. Urtarrilera bitarte, aldiz, galeriako kide direnen lanak ikusteko aukera izango da.

Orain arte egin duten lanarekin pozik daudela aitortu dute Sara Casadok eta Mila Bojek. Dormitaleria 54 galeriako kideak dira, eta euren lanak ere ikusgai daude atzotik martxan duten erakusketa berrian. “Egia esan, urtea azkar joan da, baina egindako lanarekin pozik gaude”, azaldu du Bojek. Gaineratu duenez, Dormitaleria bezalako arte galeriarik ez da Iruñean. “Azkenaldian, Iruñeko galeria kopurua izugarri murriztu da; oker ez banago, lau besterik ez dago”, ohartarazi du Bojek.

Dormitaleria 54ko kideek ez dute artea negozio gisara ulertzen. Euren lana erakusteko zailtasunak dituzten artisten txokoa da bereziki. Bojek azaldu duenez, galeria askotan artelanen prezioak “puztu” egiten dituzte, galeristek ere dirua irabaz dezaten. Baina haiek ez dute bat egiten filosofia horrekin. Izan ere, artelanek gehienez izan dezaketen prezioa zehaztuta dago: 300 euro. Dormitaleria 54n ez dute 300 euro baino garestiagoa den artelanik. Izan ere, artearen demokratizazioan sinesten dute. “Artea poltsiko guztien eskura egon ahal izatea nahi dugu”, aitortu du Casado galeriako kideak.

Dormitaleria 54 galeria irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du, eta, orotara, 56 bazkide ditu. Oraingoz, bazkideen ekarpenekin eta Fiare banku etikoan eskatutako mailegu baten bidez finantzatzen da proiektua. Beste diru iturri batzuk bilatzeko beharra dutela aitortu du Bojek. Izan ere, orain arteko diru sarreren bidez justu-justu aurre egiten diete dituzten gastuei. Hala, Bojek jakinarazi du ez dutela baztertzen erakunde publikoetan diru laguntzak eskatzeko aukera.

Galeria berria abian jarri zutenetik urtebete soilik igaro den arren, hainbat tailer, ikastaro eta erakusketa jarri dituzte abian. Izan ere, Casadok adierazi duenez, Dormitaleria 54 gune aktiboa izatea nahi dute. Horregatik, gutxi gorabehera hiru astean behin galeriako erakusketa aldatu egiten dute. “Galeriako txoko batean erakusketa iraunkorra izaten dugu, eta gainontzeko txokoetan hiru astean behin berritzen ditugu ikusgai dauden lanak”. Ziurrenik, orain arte egin duten erakusketarik bereziena asteazken arte ikusgai izan den Lau haizeetara erakusketa izan da. “Hainbat artista ezaguni gurean euren lanak erakusteko proposatu genien, eta inolako zalantzarik egin gabe baietz esan ziguten”, azaldu du pozik Casadok.

Artista horiek Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumeta dira, eta euren lanak izan dira ikusgai Dormitaleria 54 galerian hiru astez. Horri esker galeria ezagunagoa egitea lortu dutela nabarmendu du Bojek. Gainera, lau artista horiek, galeriako arduradunen eskaerak aintzat hartu, eta 300 euro baino merkeago saldu zituzten euren obrak, Zumetaren koadro bat salbu. Kolore morea nagusi zen koadro horretan. “Jende asko gerturatu da erakusketa martxan izan denean Zumetaren koadro horrek zenbat balio zuen galdezka, baina ez zegoen salgai, 300 euro baino garestiagoa zelako”, zehaztu du Bojek.

Hala ere, orain, Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumetaren lanen tokia Dormitaleria 54ko bazkideen lanek hartu dute. Bazkide bakoitzak bi lan erakusteko aukera besterik ez du izan. Atzotik daude ikusgai, tartean Bojerenak eta Casadorenak. Hala ere, erakusketaz gain, urteurrena ospatzeko tailerrak, aurkezpenak eta dastatzeak prestatu dituzte. Esaterako, bihar, 21:00etan, elkarteko bazkide baten bitartez, garagardo dastatzea egingo dute. Besteak beste, dastatzean parte hartzen dutenek garagardo on baten ezaugarriak zeintzuk diren ezagutu ahal izango dute. Horrez gain, heldu den ostegunean, 19:00etan, 81 amama dokumentalaren aurkezpena egingo dute.

Aurrerantzean, orain arte lan egin duten ildotik jarraitu nahi dute. Horrez gain, Dormitaleria kalea ezagutarazten jarraitu nahi dute. Gainera, Alde Zaharrarekin lotutako ekinbideetan parte hartzen segitzeko asmoa dute, “arte sorkuntza auzokideei hedatzeko”. Erronkak ere badituzte. Tartean, lokal handiago bat nahiko lukete, egun dutena txiki gelditu zaielako. Helburu eta erronkak badituzten arren, orain arte egindako bidean jarraitu nahi dute. Batez ere, artista ezberdinen bilgune izaten eta “denek eskuratu” dezaketen artea saltzen.