Desobedientzia. Hori da herri mugimenduko zenbait taldek azken urtean hartutako bidea. Izan ere, legea bidezkoa ez denean, aurre egin diezaioketelako ustean daude. Alde horretatik, hiru borroka moldeen erakustaldiak egin dituzte herritarrek: lehenik eta behin, Barañaingo giza katea, 8/10 sumarioan auzipetutakoei babesa erakusteko; bigarrenik, Luis Goñi ez atxilotzeko sortutako herri harresia; eta hirugarrenik, Abiadura Handiko Trenaren proiektua salatzeko Barcinaren kontrako tartakadak.
Irailaren 20an egin zuten Barañaingo giza katea, Segiko kide izatearen akusaziopean sei urteko kartzela zigorrari aurre egin behar zioten Luis Goñiri eta Iñaki Sagardoiri elkartasuna adierazteko. Eta arrakastatsua izan zen oso. Hala nabarmendu zuten antolatzaileek. 1.500 lagunek eman zioten eskua elkarri, gazteen militantzia politikorako eskubidea aldarrikatzeko. Herri harresia irudikatzen duen laranja koloreko zapiak soinean jantzita. Antolatzaileek begi onez ikusi zuten emaitza, eta “hunkituta” zeudela onartu. Goñi eta Sagardoi bitartean ezkutuan zeuden, baina biek ala biek eskertu zuten bertaratutakoen konpromisoa.
Giza katea gerora eraikiko zuten herri harresiaren lehenengo indar erakustaldia izan zen. Mobilizazio horren ondoren erabaki zuten zein norabide hartuko zuen erresistentziak. Eleak mugimenduak azaldu zuen Amaiurko Gazteluaren aurrean, uztailaren 29an egindako agerraldian. “Kanpotik erasoei aurre egin eta barrutik babesa ematen duen harresia” sortu nahi zuten. Eleak mugimenduko kide Zigor Oleagak “mugimendu desobediente libre eta masiboa” osatzera deitu zuen. Era berean, Eleak-eko Oihan Ataunek atxilotzeko arriskupean zeuden bi gazteei hitz egin zien: “Ez zaituztegu bakarrik utziko”.
‘Harresia’, erresistentzia ikur
Esan eta egin. Azken finean, Amaiurko ekitaldiaren ondoren, argi geratu zen zein zen Goñi eta Sagardoi ez atxilotzeko taktika. “Harriz harri eta etenik gabe” herri harresi “sendoa” sortzea.
Sagardoik jakinarazi zuen herri harresia babestuko zuela baina ez zuela parte hartuko, hedabideei bidalitako eskutitz bat baliatuz. Ihesean joango zela onartu zuen. Ihesaldia, baina, laburra izan zen. Espainiako Poliziak atxilotu zuen, irailaren 29an, Sorladan zela (Lizarraldea), ezkutuan.
Orduan, Goñi baino ez zen geratzen aske, nonbait gordeta, herri harresiaren dinamikarekin bat egiteko prest. Dena den, ezkutaketak aurrez erabakitako iraungitze data zeukan: urriaren 13a. Larunbatarekin manifestaldira deitu zuen Eleak-ek Desobedientziaz libre bizi lelopean. Goñik joango zela iragarri zuen, eta hala egin. Hori zen ezkututik ateratzeko eguna. Martxa amaituta, Iruñeko Navarreriako plazan azaldu zen.
Navarreria izan zen orduan herritarren gotorlekua. Han, herri harresia osatu zuten bertaratutako ehunka pertsonak. Iturriaren ondoan zegoen Goñi, jende tropelaren erdian. “Ni eraman nahi baldin banaute, herri baten gainetik pasa beharko dute”, esan zuen ezkutuan zela. Hitz horiei forma eman zien herri harresiak, aurreikuspenari arrazoia emanez bezala. Orduak iraun zuen babes egitasmoak. Tartean, unean bertan lotutako dantzari, musikari zein bertsolariak hurbildu ziren erresistentziaren erdigunera, Navarreria plazara, nor bere esparrutik elkartasun keinu bat eginez.
Arratsaldean, orduek aurrera egin zuten, baita gaua heldu ere, eta isiltasuna nagusitu zen. Lo zakuak hartuta, jendeak gaua Navarrerian pasatzeko hautua hartu zuen.
Gauerdia pasatu eta ordu laurdenera iritsi zen Espainiako Polizia, harresia suntsitu eta gaztea atxilotzeko helburuz. “Luis herria zurekin” eta “Utzi bakean Euskal Herria” oihukatzen hasi ziren protestan zeudenak. Nolanahi ere, 11 minutu baino iraun ez zuen operazio batean eraman zuten Goñi atxilo, airean eta sudurretik odoletan. Tartean, harengana heltzeko, hainbat pertsona jo zituzten borraz. “Bortitz” jardun zuen poliziak, BERRIAko kazetari Joxerra Senaren aburuz. Baina “kontent” azaldu ziren antolatzaileak. Eleak-ek adierazi zuen “normaltasuna eraldatzea” dela herri harresiaren lorpen nagusia. Haren ustez, irudi “gogoangarria” lortu zuten Iruñean.
Lurraren defentsa, tarta bidez
Desobedientzia ekimenak anitz dira. 2011n egindako tartakadak dira horren adibide. Pirinioetako Lan Elkarteak bilera egin zuen Okzitaniako Tolosan, orain bi urte, urriaren 27an. Yolanda Barcina zen orduko elkarteko presidentea. Abiadura Handiko Trena kritikatzeko lau ekintzaile azaldu ziren bileran, eta hiru tarta bota zizkioten Barcinari.
Berriki, Auzitegi Nazionalean epaitu dituzte, ekintza Frantzian egin zen arren. “Mina” hartu zuela deklaratu zuen Barcinak epaiketan, eta Frantziako merengea “gogorra” dela. Horregatik, bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatu zuen Mugitu mugimenduko Julio Villanuevarentzat, Mikel Alvarezentzat, Gorka Ovejerorentzat eta Ibon Garciarentzat. Azkenean, bi urteko zigorra ezarri die epaimahaiak eta ez dira kartzelan sartuko.
Auzipetuek aldarrikatu dute tarten ekintza gizarte eredua “zalantzan” jartzeko tresna izan zela. “Pozik” azaldu dira kartzelara joango ez direlako, eta epaiketa “fartsa hutsa” izan dela nabarmendu dute. Orain, Mugituk kalean egon behar duela esan dute, “gainontzeko mugimenduekin bat eginda”. Eta elkarlanerako gonbita egin diete eragileei, “desobedientziaren bidean” batera “sakontzeko”.