Iaz, oraingo sasoi bertsuan, askok sinestu (nahi izan) genuen Barcinak nekez amaituko zuela hasitako legealdia. Ez zen kiniela inozoa. Aginte makila hartu eta urtebetera, arazoak pilatzen hasiak zitzaizkion presidenteari. Gobernuan auto-bakartuta, parlamentuko bakartzeari, alderdi barruko banaketari eta kaleko haserreari aurre egin behar zion. Horrezkero, CAN auzia ezin zitekeen ezkutatu, besteak beste, UPNko buruetako bat izandako Santiago Cervera diruz betetako gutun-azalak jasotzen zebilelako Iruñeko harresietako zirrikituetan. Baldintzek, ezin ukatu, bide ematen zioten gisa horretako pronostikoari. Nonbait ahaztu genuen Barcinaren burugogortasuna, ohore ezin lohitua.
Denborarekin ikusi eta ikasi dugu, “orain arte ezagututako guztiaren hondamendia eta amaiera” bizi dugun honetan, momentuz, ezer ez dela hondatu, eta ezer amaitu. Eta erdi etsipenez erdi axolagabetasunez irentsi dugu UPNk ez duela utziko legealdirik eteten. Barcinaren aroko hirugarren urtea badoa. 2011+2 urtea badoa, baina Barcinak hemen segitzen du.
Denbora honetan, zirku tankera hartu du gure lurraldeak. Ohiko bilakatu zaigu beste edonon txiste hutsa litzatekeena, edo sinestezina. Galdetu kanpoan, atzerriko lagunei, ea benetan sinesten duten milioiak eta milioiak xahutzea 70 kilometroko AHT bide bakartua eraikitzeko. Esaiezue ospitaleetako jatorduetan kaka eta metal zatiak aurkitu dituztela gaixoek. Konta iezaiezue guardia zibila mendira bidalia izan dela antenak ixtera, nafarrok ia penintsula osoko edozein telebista kate ikus ahal izan dezagun, gertukoena salbu. Jakinarazi gurean politikariek ahoa itxita ere milaka euro kobratzen dituztela gerora desagerraraziko dituzten aurrezki kutxen bileretan parte hartzeagatik. Azaldu poliziak hamarnaka agente mobilizatu dituela, DNA frogak aztertu, telefono deiak arakatu eta kreditu txartelekin egindako erosketak argitzeko, hiriburuko bestetan kanaberaz bandera handi bat zabaldu zuten pertsonak aurkitzeko. Esaiezue komunikabideak itxi direla eta estatuko polizia militarizatuak banan-banan ikertu dituela euskaraz irakasten duten ehunka irakasle. Solaskidearen erreakziorako bi aukera baino ez daude: A, ez sinestearen aurpegia jarri, edo B, eskutik hartu eta zuetaz errukitu.
Tira, horretan behintzat ez dugu guk errurik. UPNri dagokio inguruko gertakari orori txiste kategoria eman izanaren erantzukizuna. Izan ere, beste edonon bromatan baino ezin liteke esan bati aurpegia merengez bete dionak urteetako kartzela zigorra merezi duenik, adibidez. Iritzi publikoa inoiz baino axolagabetasun handiagoz dago politikari begira, ezin serio hartuz. Eta, dirudienez, hainbat agintari seguruago sentitzen dira hala, eureganako arreta galtzen badugu ezkutukeriak errazago eginen dituztelakoan, nonbait. Ezin ulertu bestela hainbeste komeria eta astakeria. Ezin ulertu, bestela, hezur eta haragizko politikaria Twitterreko bere fake-etatik bereiztea hain zail suertatzea hainbestetan.
Dena dela, umorea ez da sekula genero erraza izan. Graziaren eta erridikuluaren arteko marra oso da mehea, eta gaizki egindako txisteak erraz ekar dezake neurrigabeko arbuioa. Nafarroan, zorionez, geroz eta gutxiagok egiten diete barre Barcina eta enparauen burutazioei. Beste era batera esanda, honezkero grazia minimorik ere ez dute. Eta, hala, agurtzear gauden urte honek protestaz bete dizkigu kaleak, manifestazio eta grebaz, oihuz eta aldarriz. UPNk, kalean etsai beldurgarria ikusiz, besterik egiten ez dakien zirkuko pailazoak bezala erantzun du: astakeriak eta astakeriak.
Halaxe joanen zaigu 2013 hau, txiste txar eta erantzun jendetsuen artean. Eta, hala ere, zer da, bada, urte bat historiaren handitasunean? Ezer gutxi. Historiak aroak gordetzen ditu berarentzat, zikloak. Eta, hala, inor gutxik gogoratuko du 2013a. Ez bada, urte bat baino, aro berri bati hasiera eman zion urtea. 2011+ dena delakoak ahaztu, eta urteak zenbaki hutsez izendatzen hasi ginen aroa.