Begoña Flamarike: “Egia da zenbait kasutan saihestu daitekeela gaixoa ohera lotzea”

Begoña Flamarike: “Egia da zenbait kasutan saihestu daitekeela gaixoa ohera lotzea”

E. Elizondo

Osasunbideak Oliveto kondearen etorbidean duen egoitzako bigarren pisuan du bulegoa Begoña Flamariquek (Iruñea, 1964). Handik entzun zituen astelehenean Nafarroako Giza Eskubideen eta Adimen Osasunaren plataformako kideen eskaerak. Ohera lotzearen kontra egin zuten oihu. Haiekin hitz egiteko prest da Osasunbideko Adimen Osasuneko zuzendaria, baina argi utzi du teknika horiek erabat bazter uztea, gaur-gaurkoz, “ezinezkoa” dela.

Zure zerbitzuko erabiltzaileek elkarretaratzea egin dute, lehen aldiz, ohera lotzearen kontra agertzeko. Zer deritzozu?

Ohera lotzearen auzia eztabaida pizten duen gai bat da; kontuz ibiltzeko moduko gai bat. Jarduera terapeutiko bat da, batez ere ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan erabiltzen dena. Elkarretaratzea egin dute bertze erkidego batzutan gertatutakoen harira. Nik argi erran nahi dut Nafarroako ospitaleetan ez dela horrelakorik gertatu.

Terapeutikoa dela diozu zuk; erabiltzaileek diote, ordea, traumatikoa dela, eta zailtzen duela profesionalengan konfiantza izatea. Hainbat profesionalek ere ukatu dute terapeutikoa denik.

Kasu hagitz zehatzetan erabiltzen den teknika bat da.

Zein kasutan?

Erabiltzen da, batez ere, larrialdi edo krisi egoera batean, gaixoa hagitz urduri dagoenean, eta zaila denean tratamendurako haren laguntza lortzea. Halako egoeretan gerta daiteke gaixoak kontrolik ez izatea bere jokabidearen gainean. Arriskutsua izan daiteke jokabide hori bere buruarentzat, bai eta ingurukoentzat ere. Halakoetan lotzen dira gaixoak.

Protokolo zehatzik ba al dago?

Gaixo bat ohera lotzen duzunean, haren borondatearen aurka ari zara, eta, ondorioz, protokoloak dio epaileari eman behar diozula egoera horren berri. Epaileak batzorde bat bidaltzen du gaixoarengana, baloratu egiten du egoera, eta hartutako erabakia berretsi edo bertan behera uzten du. Horregatik uste dugu jarduera hori terapeutikoa dela, gaixoa ez delako gai krisi hori gainditzeko behar duen laguntzaz jabetzeko.

Mejorana elkarteko kideak kexu agertu dira adimen osasuneko erabiltzaileak ohera lotzen direneko daturik ez dagoelako.

Jarduera hori erabiltzeko protokoloa beti izan dugu; horrek ez du erran nahi hobetzeko tarterik ez dugunik. Orain, adibidez, protokolo hori sartu nahi dugu gaixoen historia kliniko informatizatuan. Horrek aukera emanen digu prozesuari buruzko datu gehiago jasotzeko. Jakin ahal izanen dugu zenbat gaixo lotzen diren, zenbat denbora, zer-nolako jarraipena egiten zaien, eta abar.

Ohera lotu beharrean, bertze mediorik ez da krisi egoera horretan diren pertsonentzat? Europa iparraldeko bertze hainbat herritan utzi diote lotzeari.

Galdera bada ea zenbait kasutan lotzea saihestu daitekeen, erantzuna baiezkoa da; egia da. Eta horretan egin behar dugu lan. Profesionalei tresnak eta prestakuntza eman behar dizkiegu ohera lotzeko urratsa azkena izan dadin. Baina beti existituko dira ohera lotzera behartuko gaituzten egoerak. Hori argi erran behar da. Kontua da norbait ohera lotzen denean gauzak behar bezala egiten ari direla bermatzea, gaixoaren segurtasuna zainduz. Badakit plataformako kideek ere laguntza edo babes emozionalari eman nahi izan diotela garrantzia, eta ni horrekin ados nago. Profesionalok landu beharreko auzi bat da hori. Babes emozionala eman behar dugu norbait lotzeko unean, bai eta gero ere.

Plataformako hainbat kidek aipatu dute Iruñean dauden ospitaleratze psikiatrikoko bi unitateetako batean bertzean baino gehiago lotzen direla erabiltzaileak ohera. Hala da?

Ez dugu daturik unitate bateko eta bertzeko kopuruak alderatu ahal izateko, egia erran. Orain ezarri dugun protokoloari esker aurrerantzean datu gehiago izanen dugu.

Plataformako kideekin bilera egiteko asmoa duzu?

Gaur [asteartean] helarazi didate bilera egiteko eskaera. Elkarretaratzea egin zuten egunean ez ziren niregana etorri.

Joan zinen zu haiengana?

Ez.

Ohera lotzeko prozedurak bazter uzteko bidean urratsak egitea nahi dute. Bat egiten duzu asmo horrekin?

Egia erran, erabat bazter uztea ezinezkoa dela uste dut. Beti egonen da ohera lotzeko beharra izanen dugun egoeraren bat. Argi dut kontu handiz erabili behar dugula prozedura hori, eta, batez ere, behar ez denean ez dugula baliatu behar. Badugu hobera egiteko tartea, eta horretan saiatu behar dugu, hain zuzen; baina, gaur-gaurkoz, ezinezkotzat ikusten dut lotzeko aukera erabat baztertzea.