E z dira garai xamurrak Nafarroako industriarentzat. Gamesa enpresak lantegi bat itxi du Tuteran, eta Inasak azken herio kolpea eman dio Irurtzungoari. Horrez gain, aurten ere kaleratzeak izan dira sektorearen ezaugarrietako bat. Guraizeak zorrotz, langile mordo bat bota dute Ganasak, Gamesak eta Sunsundegik. Egoerarekin bat eginda, langabezia tasa goraka doa. Egun, 51.279 langabe dago Nafarroan, Espainiako Gobernuak emandako 2013ko abenduko datuei so, iaz epealdi berean baino 570 pertsona gehiago.
Kasuak kasu, energia eolikoaren arloko Gamesa enpresaren kasua da ironikoena. Egoera zailean zegoen orain dela hiruzpalau urte; inbertsio jaitsiera nabarmena izan zen, eta negozioaren tamaina txikitzea erabaki zuen; alegia, gailu batzuk egiteari utzi zion, eta beharginak kaleratu zituen —ia 2.800 langile galdu ditu azken bi urtean—. Baina 2012rako helburu zehatza paratu zion bere buruari: 2000 MW ekoiztea eta errentagarritasuna eskuratzea. Bete egin zituen erronka biak: finkatutako kopurua sortu eta %5eko errentagarritasunarekin egin zuen lan. Aurten ere emaitza baikorrak izan ditu. 2013ko urtarriletik irailera 31 milioi euro irabazi eta 1.402 MW saldu ditu, %5,4ko irabazi marjina lortuz. Gainera, zorra %28 txikitu du. Pentsa liteke zifrek hobera eginda doitze prozesua bertan behera utziko zuela enpresak. Baina ez da horrela izan. Tuteran daukan enpresa itxi egin du, 26 pertsona kalean utzita. Horrez gain, Sarrigurenen eta Agoitzen ere 25 behargin utziko ditu lanik gabe.
Inasa, azken unera arte
Borrokaren kronika egitea da Inasa fabrikaren itxiera kontatzea. 2012ko irailaren 28an aurkeztu zuten hartzekodunen konkurtsora, 115 behargini lanpostua kenduta. Alabaina, azken unera arte iraun zuten langileek borrokan, zehatzago esateko, abuztuaren 15era arte, Guardia Zibilak eraikinetik makineria eraman arte. Kaleratutakoek planta salba zitekeela uste zuten, atzerriko inbertsiogile bat interesatuta zegoelako. Baina ez zuen Nafarroako Gobernuarekin akordiorik erdietsi, eta egoera bere horretan geratu zen. Langileek argi dute zein izan den arazoa ez konpontzearen “erruduna”: Nafarroako Gobernua. Negoziatu nahi ez izatea leporatzen diote, eta “deus ez egitea”. Lanpostua galduta ere, “harro” daude orain behargin ohiak, “borroka latzarekin” erantzun ziotelako itxierari.
Altsasuko Sunsundegi enpresan ere 65 pertsonari kontratua eten diete. Ganasa ingurumeneko enpresa publikoan ere gogor jo du krisiak. 65 lagun bota dituzte.