Krisi ekonomikoaren zurrunbiloak irentsi ditu Nafarroako Gobernuak aurreikusita zeuzkan zenbait proiektu, tartean AHT abiadura handiko trena, Nafarroako ubidea, Nafarroa Arena edota Los Arcoseko zirkuitua. Egoera ekonomikoak zalantzan jarri du hainbat azpiegituren bideragarritasuna eta zilegitasuna. Nafarroa Arenaren kasuan, atzerapenek eta pabiloian nork jokatu ez izateak hainbat alderdi politiko eta gizarte ergilek Nafarroako Gobernua kritikatzea eragin du, proiektua abian jarri baino lehen gehiegi ez hausnartzeagatik. 2009ko urte hasieran hasi ziren eraikitzen, ordurako krisi ekonomikoaren oihartzuna Nafarroara iritsia zen.
AHT
Nafarroako egoera ekonomikoa bultzatzen lagunduko zuen azpiegitura gisa aurkeztu zuten Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministro ohiak, 2011ko apirilean AHTaren finantzaketa akordioa sinatu zutenean. Orduan, Blancok ez zien erantzun Nafarroako trenbidea inguruko lurraldeekin nola lotuko zuten jakiteko egin zizkieten galderei. Ordutik, bolo-bolo ibili da zurrumurrua, Nafarroako zatia Gipuzkoakoarekin handik edo hemendik lotuko zutenarena. Baina, joan den maiatzean uxatu zituen Luis Zarraluki Nafarroako egungo Sustapen kontseilariak zurrumurruak, AHTa Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela egingo onartu baitzuen. Gipuzkoarekin Ezkio-Itsasotik lotuko duten galdetuta hau erantzun zuen: “Eusko Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsasoko loturaren alde egin du. Lanean ari gara haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da” .
Maiatzean bertan behera utzi zuten AHTaren proiektuaren zati bat. Hala, Castejon eta Iruñea arteko zatiari soilik eutsi diote. Ondorioz, Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz artekoa, egungo trenbidea moldatuz egingo dute, beste errail bat jarrita. Modu horretan egokituko dute Europak ezartzen duen zabalerara. Orotara, Nafarroako AHTaren proiektua gauzatzeko 1.200 milioi euro baliatuko dituzte, horietatik 675 milioi euro Castejon eta Iruñea arteko zatia egiteko.
Hala ere, justiziaren azken epaiaren arabera, proiektua legez kanpokoa da. Izan ere, Sustrai Erakuntza fundazioak proiektuaren aurka helegitea aurkeztu zuen, Nafarroako korridorea egiteko behar zen ingurumen eraginaren adierazpena iraungita zegoela argudiatuta. Joan den abuztuan, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion fundazioari, 2004. urtean onartutako lanak 2009an hasi gabe zeudelako. Hala ere, ebazpen hori behin-behinekoa da, epaiaren aurka helegitea aurkeztu baitu Auzitegi Gorenean Espainiako Gobernuak.
Esa
2001ean hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak. Ordutik, Aragoirako ur hornidura ziurtatzen duen urtegiko bi aldeetan lur mugimenduak izan dira. Esate batera, urtarrilaren 9an CHE Ebroko Ur Konfederazioak sinatutako txosten tekniko batean, eskuineko hegalean lur irristatzeak izan zirela aitortzen zen. Hala ere, irristatzea ez zela urtegia handitzeko lanek eragindakoa izan, orduan izandako eurite eta elurteek eragindakoa baizik. Batez beste, astean bi zentimetro mugitzen da hegal, hori adituen arabera. Orotara, urtean, bi metro higatzen da hegal hori.
Hala ere, Ebroko Ur Konfederazioak lur mugimenduak aitortzean, irristatzeak “motelak” zirela ohartarazi zuen. Baina horrek Esako Lasaitasuna eta Begiratokia urbanizazioetako biztanleengan eragina izan zuen. Irristatzeek bizilagunen segurtasuna arriskuan jartzen zuelakoan ehun etxebizitza inguru hutsarazi zituzten. Hilabete gutxirako neurria zirudien arren, oraindik ezin izan dira bizilagunek euren etxeetara itzuli.
Esa handitzeko lanak 2001ean hasi ziren, eta ordutik urtetik urtera aurrekontua handituz joan da. Hasierako aurrekontua 77 milioi euro zen. Luizi eta ezustekoen eraginez, egun 376,8 milioi euro da.
Zirkuitua
Los Arcoseko zirkuitua salgai jarri berri du Nafarroako Gobernuak. 2010eko ekainean inauguratu zuten, ia 20 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Baina, azpiegitura martxan jarri eta hiru urte eta erdira, zirkuitua dela-eta administrazioak 9,8 milioi euroren galerak pilatu ditu, eta zorra 31,1 milioi euro da. Zirkuitua salgai jartzeko zio gisa ez ditu arrazoi ekonomikoak jarri. Azaldu duenez, ekinbide pribatuek azpiegiturarekin interesa adierazi ostean erabaki dute “negozio bide berriak” ikertzea.
Itoitz
2003ko apirilean hasi ziren Itoizko urtegiko urek hartuko zituzten etxebizitzak botatzen. Itoitzez gain, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi, eta Nagore herriaren erdia ere eraitsi zituzten. 2004ko urtarrilean hasi ziren urtegia betetzen. Itoizko uraren bitartez hornitzen da Nafarroako ubidea. Azpiegitura horren lehen fasea 2011n inauguratu zuten. Orotara, fase horrek, 22.300 hektarea ditu. Bigarren faseak, beste 21.500 hektareatara eramango luke Itoizko ura, baina oraindik ez dago argi bigarren fasea gauzatuko denetz, krisiaren eraginez eta lur sail horietara eramateko behar den punpaketa sistema oso garestia delako.
Baina, lehenengo fasea hedatzeko prozesua abian da. Aste gutxiren buruan, 15.275 hektareatan handitzeko lanei ekingo diete. Hala, ubidea Ega eta Arga ibaien arteko eremuetara iritsiko da: Argaren arroan, Berbinzanatik Funeseraino eta Egaren arroan, Lerindik Azagraraino, tartean Sesma eta Lodosa herriak ere hartuz.
Lehen fasea eraikitzeko lanek 467 milioi euroko kostua izan dute —aurreikusitako baino 21,5 milioi euro gehiago—. Zenbateko horri, lehen fasean hedatzeko lanetarako behar dituzte 42,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.
Nafarroa Arena
Ia amaitu dira Nafarroa Arena eraikitzeko lanak. Baina, Nafarroako Gobernuak ez du kirol azpiegitura erraldoia kudeatzeko planik oraindik. 2009an ehunka lagunentzako pilotalekua eraikitzen hasi ziren, eta 12.000 lagunentzako pabiloia. San Antonio taldeak hor jokatzea zegoen aurreikusia, baina talde hori desagertuta ez dago pabiloia erabiliko duen talderik egun. Oraingoz, ez dute jakinarazi noizko izango diren martxan ez pilotalekua eta ez pabiloia ere. Azken aurreikuspenen arabera, 2014. urte hasierarako pilotalekua zein pabiloia guztiz hornituta egotea espero du Nafarroako Gobernuak.