Ilundaingo adingabeen zentroa kudeatzeari utziko dio Haritz Berri elkarteak

Nafarroako Gobernuaren murrizketek kolokan jarri dute Ilundaingo (Aranguren) adingabeen zentroaren bideragarritasuna. Haritz Berri irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatzen du zentroa; hark azaroan jakinarazi zion gobernuari uko egingo ziola zentroaren kudeaketari, arazo ekonomikoak direla eta. Gobernuak urtero 1,58 milioi euro ematen dizkio Ilundaingo zentroari. Baina, Haritz Berri elkarteko kideen arabera, hori ez da nahikoa zentroaren bideragarritasunerako. Gazteak berriz hezteko proiektuek eta zentroko azpiegiturek gastu handiak sortzen dituzte. Horren ondorioz, gobernuak beste lehiaketa publiko batera deituko du datozen asteetan.

Ilundaingo adingabeen zentroaren jardun laburrak hamaika gorabehera izan ditu: lanak 2010ean bukatu behar zituzten, eta bukatu zituzten, baina zentroa baliabidez hornitu gabe zegoen. Hurrengo urtean, Gizarte Politiketako Departamentuak Haritz Berri elkarteari eman nahi zion zentroa kudeatzeko ardura. Urtero bi milioi euroko aurrekontua agindu zuen departamentu hark, baina Ogasun Departamentuak ekinbide hori gelditu zuen, legez kanpokoa zela argudiatuta. Izan ere, ezinbestekoa zen gobernuak lehiaketa publiko bitartez ebaztea Ilundaingo zentroa nork kudeatuko zuen.

Ogasun Departamentuaren agindua aintzat hartu, eta Haritz Berri elkarteak irabazi zuen lehiaketa, hark aurkeztu baitzuen proiekturik onena, teknikoki zein ekonomikoki. Horren bidez, elkarteak zentroa lau urtez kudeatzeko eskubidea zuen. Baina aurreikusitako bi milioiko diru saila 1,58 milioi eurora murriztu zuen gobernuak. Adingabeen zentroa 2012ko ekainean inauguratu zuten. Baina hilabete gutxiren ostean, atzera egin du Haritz Berri elkarteak, argudiatuta egungo aurrekontua ez dela bideragarria. Elkarteak gobernuak murriztutako 420.000 euroak eskatzen ditu lanean jarraitu ahal izateko.

Adingabeen zentroa martxan jarri eta sei hilabetera, Haritz Berriko kideak ohartu ziren gobernuaren aurrekontuarekin ezin zutela kalitatezko zerbitzua eskaini. Orduan, Gizarte Politiketako Departamentuarekin harremanetan jarri ziren. Zentroko kudeatzaileek aurrekontuen igoera eskatu zuten. Baina gobernuak ez zuen aintzat hartu euren eskaera. Hori dela eta, azaroan zentroaren kudeaketa utziko zuela esan zuen Haritz Berrik.

Lehiaketa berriaren zain

Elkartearen erabakiaren ostean, zentroaren kudeaketa nork egingo duen lehiaketa publiko bidez erabakiko dute datozen asteetan. Haritz Berri fundazioak iragarri du lehiaketan parte hartuko duela, nahiz eta gobernuak ez duen argitu aurrekontua handituko duen.

Justiziak askatasuna kentzeko neurriak ezarri dizkieten adingabeak dituzte zentroan. Neurri horiek hainbat dira, besteak beste, erregimen itxian egotea eta zentroan terapia jasotzea.